Nire barnera begira

Aterkia

Egoera ezberdinek urduritasuna eta tentsioa sortarazten digute; azterketa bat, partidu edo lehiaketa bat, antzerki aurkezpena, bidai baten hasiera, edo bestelako egoera ezezagun bat …. Nola lortu dezakegu gure gorputz eta burua egoera horietan kontrolatzen?

 

HELBURUA

  • Erlaxazio teknika desberdinak ezagutzea
  • Tentsio eta erlaxazio egoerak bereiztea, modu boluntarioan kontrolatuz.

 

GARAPENA

Lurrean etzan egingo gara, lasai eta gora begira.

Airea sudurretik hartu eta ahotik botako dugu.

Airea hartzearekin bat aterkia irekiko dugu, botatzerakoan itxi.

Eskuak sabelean ipinita saiatuko gera sabela airez betetzen.

Ondoren eskuak bularrean ipiniko ditugu eta bularra airez betetzen saiatuko gera.

Azkenik eskuak lepauztaietan (Klabikula) ipiniko ditugu eta hau airez beteko dugu.

 

 

DENBORA

10 minutuz egitearekin egokia izango litzateke. Musika lasaia entzun daiteke bitartean eta ondoren bizipenak eta sentsazioak taldean elkarbanatu

 

BALIABIDEAK

Etzanda egoteko espazioa

 

BIBLIOGRAFIA

Berritzegune Nagusia. SEKUENTZIA DIDAKTIKOA. Lehen Hezkuntza. 4. Maila Gorputz Heziketa http://nagusia.berritzeguneak.net/gaitasun/docs/competencias/erlaxatzen_ikasten.pdf

ATERKIA

 

Gora bihotza

Musikaren, ahots gidatuaren eta arnasketaren bitartez, norberak dituen helburuak lortzen saiatu eta gure presentzia eta kontzientzia hemen eta orain kokatzen saiatuko gara. Batzuetan isiltasunean egoten ez gaude ohituta. Isiltasuna ez dakigu entzuten, eta gure ikasleek ere ez. Isiltasunean gaudenean, deseroso sentitzen garela dirudi. Baina zergatik da garrantzizkoa isiltasuna eremu honetan? Askotariko arrazoiak daude. Besteak beste, hauek dira aipagarrienak: introspekzioa errazten du; hau da, euren baitan murgiltzeko, barneratzeko ahalmena ahalbideratzen du eta, ondorioz, heziketa emozionala susper daiteke, autokontzientzia emozionala eta hausnartzeko ahalmena garatu. Hau da, ni-arekin topo egiteko aukera eskaintzen du; autoaitorpen psikologiko eta emozionala errazten du, norberaren sentikortasunaren kontzientziatzea errazten du.

 

HELBURUA

  • Arnasketaren bidez, nork bere gorputzarekin konektatzea
  • Gelan lasaitasun giroa sortzea

 

GARAPENA

Erlaxatzeko, ezinbestekoa da arnasketa sakona eta lasaia mantentzea. Erlaxatzean, burua ere lasaitu behar da. Ikasleak saiatuko dira pentsamenduak lasai eta modu libre batean uzten, blokeatu gabe. Ikasleak eserita egongo dira, bizkarra tente, sorbaldak erlaxatuta eta eskuak magalean. Nahi izanez gero begiak itxiko dituzte eta arnasketara eramango dute arreta, audioan adierazten diren argibideak jarraituz.

Entzunaldia amaitutakoan, ikasleek arnasa sakon hartuko dute, begiak irekiko dituzte eta nola sentitu diren adieraziko dute.

 

DENBORA

Audioak 4 minutuko iraupena du.  Hasiera batean laburragoa egin daiteke eta astiro-astiro atal guztiak landu.

 

BALIABIDEAK

Gora bihotza! (audioa)

 

BIBLIOGRAFIA

SNEL, E.: Erne eta bare, igelaren pare, Editorial Kairós, Bartzelona, 2017

GORA BIHOTZA

 

Tentsio-erlaxazio

Egoera ezberdinek urduritasuna eta tentsioa sortarazten digute; azterketa bat, partidu edo lehiaketa bat, antzerki aurkezpena, bidai baten hasiera, edo bestelako egoera ezezagun bat…. Nola lortu dezakegu gure gorputz eta burua egoera horietan kontrolatzea?

 

HELBURUA

  • Arnasketaren kontrola garatzea
  • Gure giharrek lasaitzeko eta gogortzeko duten gaitasunaren kontzientzia hartzea

 

GARAPENA

Ikasleak lurrean gorantz etzanda egongo dira

Irakasleak gorputzeko atal ezberdinak aipatuko ditu eta atal bakoitzean eginkizun bat proposatuko du.

Besoak: Eskuineko besoa jasoko dute. Ukalondoa tolestuko dute eta ukabila itxi egingo dute. Besoko gihar guztiak gogor tenkatuko dituzte hamar bat segundotan. Ondoren tentsio guztia kenduko dute eta besoa hilda bezala utziko dute. Giharren erlaxazioa nabarituko dute.

Berdina egingo dugu beste besoarekin, zangoekin, lepo edo buruarekin bai eta aurpegiarekin ere.

 

 

DENBORA

Gero eta praktika gehiago egin, denbora luzatzeko aukera izango dugu, gorputz atalak gehituz. Hasieran irakaslea izango da gidaria eta ondoren, ikasleek emango dituzte gorputz atalekin egiteko aginduak.

 

BALIABIDEAK

Ikasle guztiak etzanda egoteko espazio egokia

 

BIBLIOGRAFIA

Berritzegune Nagusia. SEKUENTZIA DIDAKTIKOA. Lehen Hezkuntza. 4. Maila Gorputz Heziketa http://nagusia.berritzeguneak.net/gaitasun/docs/competencias/erlaxatzen_ikasten.pdf

TENTSIO-ERLAXAZIO