BAT egingo dut

1. Hartu eta eman

Gizartean ondo moldatzeko hezi behar ditugu gazteak, besteen beharrizanen aurrean sentiberak izan daitezen eta inguruan duten jendeari lagun diezaioten. Baina, batzuetan, gu geu gara laguntza behar dugunok. Eta besteen laguntza onartzea gehiago kostatzen zaigu. Besteen laguntza onartzen ikastea garrantzitsua da gure gizarte-ingurunearekin harreman osasuntsuak eta orekatuak eraikitzeko.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Estresetik lasaitasunera  ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

HELBURUAK 

  • Laguntza emateak zein jasotzeak sortzen duen ongizatea identifikatzea.
  • Behar denean, ikaskideek edo inguruko pertsonek eskainitako laguntza onartzea.
 

GARAPENA

Hasteko, ikasleek baliabideen artean dagoen “Kidness boomerang” bideoa ikusiko dute, talde handian. Gero, irakasleak zenbait galdera egingo dizkie bideoan ikusi duten gaiaren inguruan, geroago egingo duten lanaren sarrera izango baita. Honelako galderek gidatu dezakete hizketaldia:

  • Zer da boomerang bat? Zein ezaugarri du?
  • Zer esan nahi du Kidness boomerang bideoaren jatorrizko izenburuak? 
  • Zein emozio azaleratu zaizkie bideoa ikusi duten bitartean? Zerekin lotzen dituzte emozio horiek; laguntza ematearekin, ala laguntza jasotzearekin? 
  • Laguntza ematea atsegina da? Eta laguntza jasotzea? Zein da atseginagoa?
  • Egoeraren batekin identifikatu al dute beren burua? Zeinekin? 

Taldean laguntza jaso eta ematearen inguruan hausnarketa egin ondoren, nork bere bizitzari errepasoa egingo dio. Ikasleek baliabideen artean eskaintzen den “Laguntza eta nire ongizatea” fitxa beteko dute bakarka, azken egunetan jaso edo eman duten laguntza gogoratzeko. Ondoren, launaka, nork bere fitxatik nahi duena partekatuko du taldekideekin. Garrantzitsua da hori azpimarratzea: inor ez dago behartuta nahi ez duena besteekin partekatzera. Taldeei  “Laguntza eta gure ongizatea“ eranskina banatuko zaie, guztien ekarpenak jasotzeko. 

Irakasleak eranskin hori eredu erabiliz, talde guztien lana bilduko du. Orriaren behealdean dauden galderen erantzunak ere bertan bilduko ditu, labur: 

  • Zer nahiago dute ikasleek, orokorrean; laguntza ematea ala jasotzea? 
  • Erraz onartzen dute eskainitako laguntza, edo kosta egiten zaie onartzea?

Ikasle bakoitzak bere fitxa BAT karpeta pertsonalean gordeko du. Talde guztien lana, berriz, horman jarriko da, ondo ikusteko moduan. Nahi izanez gero, epe bat eman daiteke ikasleek jaso edo eman dituzten beste laguntzak orrian bertan gehitzeko.

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela laguntza emateak zein jasotzeak sortzen duen ongizatea identifikatzea eta behar denean ikaskideek edo inguruko pertsonek eskainitako laguntza onartzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  1. Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
  2. Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
  3. Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

 

BALIABIDEAK 

2. Babestu zaitez!

Garrantzitsua da ikasleek sareetan egiten dutena aztertzea, eta haien buruari edo hirugarren pertsona bati eragin diezaioketen kaltea ezagutzea. Kasu askotan, ez dira jabetzen informazio pribatua partekatzearen arriskuez. Izan ere, ez dute hezkuntza-erreferenterik izan sare sozialak modu egokian nola erabili behar dituzten ikasteko. Beraz, premiazkoa da sare sozialak erabiltzeko jarraibideak izatea eta nork bere burua eta besteena zaintzeko konpromisoa hartzea, erabilera kaltegarriak ekiditeko.

 

HELBURUAK

  • Sare sozialetan datu pertsonalak gaizki erabiltzearen ondorioak identifikatzea.
  • Sare sozialetan beste pertsonen datuekin arduraz jokatzea.
  • Beste pertsonen eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartzea beti, baita sare sozialetan ere.
 

GARAPENA

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da  ataleko Estresetik lasaitasunera  ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

Irakaslearen laguntzaz, sare sozialetan datuak partekatzeko arriskuaz hitz egingo dute talde handian. Hizketaldia girotzeko, baliabideen artean eskaintzen den bideoa izan daiteke abiapuntua: “La foto de Hannah Baker”. Bideo hori Netflix plataformaren “Por 13 razones” telesailaren zati bat da. Horretan, mutil-talde batek neska bati parkean egindako argazki bat zabaltzen da, neskaren baimenik gabe. 

Sare sozialetara igotako argazkiez eta hori egitean sor daitezkeen kalteaz arituko dira ondoren. Horretarako erabil daitezkeen galderak ondoko hauek dira:

  • Eskubidea al zuten mutilek argazki hori zabaltzeko? Zergatik egin zuten hori?
  • Nola sentituko zen Hannah? Zergatik?
  • Ikusten al dituzue sare sozialetan egokiak iruditzen ez zaizkizuen irudiak, zuek igoko ez zenituzketenak? Horrelakorik iristen bazaizue, zer egiten duzue?  

Ikasleak 7 lan-taldetan banatuko dira, eta irakasleak “Zer egingo zenuke?” eranskina banatuko dio talde bakoitzari, dagokion taula betetzeko. Fitxa horretan, 21 egoera agertzen dira. Talde bakoitzak 3 egoera aztertuko ditu. Egoera horien aurrean nola sentituko liratekeen adierazi behar dute, bai eta egoera horiei aurre egiteko zer egingo luketen ere. Egoera horiek sortarazten dituzten sentimenduak adierazteko, baliabideen artean dauden emotikonoak erabil daitezke: sentimendu horiek ondoen islatzen dituen emotikonoa aukeratu, moztu eta fitxaren 2. zutabean itsatsiko dute.

Taldeko lana bukatzen dutenean, talde bakoitzak landutakoa azalduko die besteei. Egoerak banan-banan irakurriko dira eta besteen iradokizunak ere kontuan hartuko dira. Eranskina bera erabil daiteke bertan talde guztien ekarpenak jasotzeko. Amaitzen dutenean, horman jar daiteke.

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela sare sozialetan datu pertsonalak gaizki erabiltzearen ondorioak identifikatzea, beste pertsonen datuekin arduraz jokatzea eta besteen eskubideak errespetatzeko konpromisoa beti hartzea beti (baita sare sozialetan ere), ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  1. Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
  2. Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
  3. Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

BALIABIDEAK 

---------------------------

1 Se legal en internet. Guía para menores. Jarduera egokituta.

 

3. Sareak ehuntzen

Gure arteko harremanetan nahi baino gehiagotan erabiltzen ditugu irainak eta kritikak. Portaera horiek, bereizketara, desadostasunera eta isolamendura baino ez garamatzate. Talde bat afektu-sare bat ehuntzeko gai denean, taldearen kohesioa handitu egiten da. Kide bakoitza gainerakoei lotuta sentitzen da, osotasun baten parte gisa. Talde kohesionatu bateko kideek hobeto kudeatzen dituzte beren gatazkak, eta zailtasunen aurrean elkarri laguntzen diote.

 

HELBURUAK 

  • Beste ikaskideen alde positiboa bilatzen eta adierazten ikastea.
  • Talde batua izatearen garrantzia baloratzea.
  • Elkarri laguntzeko sare bat sortzearen alde egitea.
 

GARAPENA

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da   ataleko Estresetik lasaitasunera ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

Jarduera horretarako, ikasleak biribilean eseri ahal izateko espazio libre bat behar da. Gelan horretarako lekurik egongo ez balitz, beste espazio bat bilatuko da.

Irakasleak azalduko die artilezko harila erabiliko dutela beraien arteko sare bat osatzeko. Horretarako, ikaskide bat aukeratuko dute eta harila pasako diote, pertsona horrek duen kualitate positibo bat esan ondoren. Ondo pentsatu beharko dute zer esan, baldintza bat dagoelako: ezin du izan ezaugarri fisikorik.

Eredu gisa, irakasleak ikasle baten izena esango du, eta horren begietara begitaratuta, ezaugarri positibo bat esango dio (adibidez “lehen esan duzun hori gustatu zait, oso egokia iruditu zait”) eta harila botako dio. Ikasle horrek behatz batetik pasako du haria, eta beste eskuarekin aukeratutako beste ikaskide bati botako dio, izena eta kualitate positibo bat esan ondoren. Horrek, artilea askatu gabe, gauza bera egingo du, haria ikasle guztien eskuetatik pasa arte. 

Esaldiak zuzenak izango dira, adibidez: “oso eroso sentitzen naiz zuk ….esaten/egiten duzunean”; zure hitz egiteko tonua gustukoa dut”; “oso pertsona gertukoa zarela iruditzen zait”; “beste pertsonak laguntzeko prest zaude beti”…

Horrela, pixkanaka, gelakide guztiak lotuko dituen sare bat ehuntzen joango dira. Aurrean duten irudi hori laburtzen duen hitz bat esateko eskatuko die irakasleak. Nahi bada, hitz horiek arbelean jasoko dira. 

Bukaeran, irakasleak galdetuko die nola sentitu diren, eta zer izan den gehien gustatu zaiena edo harritu dituena. Guztien artean sortu duten sarea talde baten izaeraren metafora bat da.

Elkarrekin sare bat ehundu dezakete, lotuta mantentzen dena, guztion artean eusten diotelako.

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela beste ikaskideen alde positiboa bilatzen eta adierazten ikastea, talde batua izatearen garrantzia baloratzea eta elkarri laguntzeko sare bat sortzearen alde egitea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  1. Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
  2. Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
  3. Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

BALIABIDEAK 

  • Artilezko harila