ETA HARREMANAK ONAK EZ DIRENEAN

Elkarbizitzaren kudeaketa ez da erraza, ezta sinplea ere. Elkarren arteko harremanetan gatazkak gertatzen dira, baina gatazkak ez dira zerbait negatiboa, baizik eta pertsonen arteko harremanetan ematen den jarrera naturala. Zentzu horretan, gatazka hezkuntzarako eta heldutasunerako bidea irekitzen digun tresna pedagogiko gisa ulertu behar dugu. Hala ere, beharrezkoa da indarkeriatik bereiztea, kontzeptu erabat desberdinak baitira.Eta oso garbi azaldu behar diegu gure ikasleei gure ikastetxeetan ez dugula inolako biolentzia motarik onartuko.

Egun, jazarpen-kasuak maiztasun handiarekin gertatzen dira Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan, eta eragina oso larria da, bai jazarpena jasaten duenarengan, baita jazarpena egiten edo ikusten duenarengan ere. Gure ikasleekin hausnarketa serioa eta sakona egin behar dugu horren guztiaren inguruan.
Ikasleekin jazarpenari buruz hitz egitea ez da erraza izaten. Esan dezakegu neska-mutilei ez zaiela gustatzen sentimendu edo emozioei buruz hitz egitea, mendekuaren beldur direlako, besteak beste. Alde batetik, ikusleak ditugu; egoerak kanpotik ikusten dituzte, haien gauza izango ez balira bezala. Haientzat oso egoera desatsegina izaten da. Ez dute hitz egin nahi, mendekuaren beldurragatik. Eta, bestetik, jokabide jazarlea dutenak daude; horiek ez dute hitz egiteko inongo beharrik sentitzen, ezta gogorik ere; eta, are gutxiago, irakasleen aurrean. 
Gainera, ez da ahaztu behar tradizionalki hainbat jokabide justifikatu direla, sozialki: ezizenak jartzea, baztertzea… “haurren gauzak edo txantxak dira” esan izan da, eta esaten da oraindik  ere.
Hemen proposatzen den lanak abiapuntu bat izan nahi du, eta egin beharreko lana errazteko materialak eskaintzen ditugu.
Lanketa honetan, irakasleen eginkizun nagusia zera da, batez ere: sentsibilizatzeko garaian ikasleak ohartaraztea pertsona guztiak errespetuz tratatu behar ditugula, eta zerbait egin behar dela jazarpen-egoeren aurrean. 
Jazarpenaren inguruan ikasleek dituzten jarrerak, ezagutzak eta jokabideak aldatzea ez da zaila, eta pertsonen ongizatean ondorio garrantzitsuak ditu.
Jazarpena jokabide soziala da, tradizionalki justifikatu dena (haurren gauzak dira, betidanik gertatu da…); baina kultura hori aldatzen bada, eta justifikatzen ez bada, jazarpen egoerak gutxituko dira, ziur.
Bestalde, ISEI-IVEIren azken ikerketan jasotakoaren arabera, eskola-jazarpen kasuetan mutil gehiago daude inplikatuta neskak baino, eta hainbat jazarpen-kasuk kutsu sexista edota homofoboa dute. Horrek eskolari eskatzen dio nesken zein mutilen identitatearen garapenari erreparatzea eta tutoretza-lanean kontuan izatea.  
Horrez gain, egun Internet eta Web 2.0 gunea besteekin bat egiteko edo ez egiteko toki bilakatu dira, bizitza erreala bezalaxe. Garrantzitsua da ikasleek beren nabigatzeko ohiturak aztertzea eta beren buruari edo hirugarren pertsona bati eragin ahal dioten kaltea baloratzea. Kasu askotan, ez dira jabetzen erabiltzen dituzten tresna batzuen arriskuez. Izan ere, ez dute heziketa-erreferenterik izan tresna horiek modu egokian erabiltzen ikasteko. 

Beraz, ikasleei lagundu behar diegu; batetik, jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzen, eta, bestetik, tratu onak eta txarrak bereizten. Apustu bat egin dezagun guztion artean, ikas komunitate bezala, jazarpena ekiditeko eta tratu onak bultzatzeko. 
Lanketa honetan ezinbestekoa da komunitate osoaren inplikazioa, baina protagonistak ikasleak dira; beraz, haiekin zuzeneko lana egin behar dugu. Eta irakasleok, irakaskuntzako profesionalak garen heinean, egin beharreko lanaren ardura dugu..

 

 

Helburuak

  • Jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzea.
    • Jazarpenaren ezaugarriak.
    • Jazarpenaren ondorioak biktimarentzat.
    • Jazarpenaren ondorioak egiten duenarentzat.
    • Jazarpenaren ondorioak ikusleentzat.
    • Jazarpena noiz den bereizten jakitea.
  • Jazarpenaren biktimekiko enpatia sentitzea eta erantzun asertiboa emateko gaitasuna izaten hastea.
  • Jazarpen-egoeren aurrean ezer ez egiteak konplize bihurtzen gaituela ohartzea.

.

Ebaluazio-irizpideak

  • Lankidetza
  • Parte-hartzea
  • Errespetua
  • Enpatia
  • Jarrera aktiboa jazarpenaren biktimen aurrean

Lorpen-adierazleak

  • Errespetuz hartzen dut parte jardueretan.
  • Ezagutzen ditut jazarpenaren ezaugarriak.
  • Ezagutzen ditut jazarpenak biktimarentzat dituen ondorioak.
  • Ezagutzen ditut jazarpenak jazarlearentzat duenarentzat dituen ondorioak.
  • Ezagutzen ditut jazarpenak ikusleentzat dituen ondorioak.
  • Konturatzen naiz nola sentitzen diren jazarpenaren biktimak. 

Jarduerak

Nire barnera begira 

  1. Nire hitz atsegina
  2. Musikari arreta jarri
  3. Ibilaldi kontzientea

 

Jazarpena...
  1. Gatazkak, nolakoak?
  2. Gatazkak identifikatu eta konponketari ekin.
  3. Zer da jazarpena (eta ziberjazarpena)?
  4. Gatazka batean itsututa gaudenean
 

 Zerbait egingo dugu!

  1. Aneren kasua
  2. Mirenen kasua
  3. Anderren kasua
  4. Zerbait egin daiteke

 

 
Defendatuko dugu!
  1. Egoerak I (jazarpena eta ziberjazarpena)
  2. Egoerak II (jazarpena eta ziberjazarpena)
  3. Koldarrak

 

 Autoebaluazioa

  1. Autoebaluazio-fitxa