GURE ARTEKO HARREMANAK
Elkarbizitza positiboa eraikitzeko, harremanak zaintzea oso garrantzitsua da. Harremanak norberaren eta taldearen ongizatean lagungarriak izan daitezen, garrantzitsua da gatazkak ondo kudeatzen jakitea. Gatazkak bizitzaren parte dira, eta pertsonaren eta taldearen garapenerako funtsezkoak. Horietan, pertsonen alderdi bat baino gehiago izaten da jokoan: emozioak, sinesmenak, portaerak, arauak...
Garrantzitsua da konturaraztea zer sentimendu, zer emozio dauden jokabideetan. Haserrea, poza, beldurra, tristura edo beste emozioren bat dagoenean, pentsatu gabe jokatzen da askotan, bat-batean, eta ondoren honelako pentsamenduak azaltzen dira: “hurrengoan bestelako portaera izango dut…”; konturatzen garelako emozioek aginduta jokatu dugula, baina emozioak, horrelako kasuetan, hain indartsuak direnez, zaila da portaera aldatzea.
Emozioak ez dira ez onak eta ez txarrak, baina horiek adierazteko moduak bai izan daitezke onuragarriak edo kaltegarriak. Kanporatze horretan, garrantzi berezia du besteak zer sentitzen duen jakiteak. Horretan, entzute aktiboak lagundu egiten du. Entzuten jakiteak enpatikoak izaten laguntzen du eta azken horrek komunikazio asertiboa garatzen.
Komunikazio asertiboan, eta oinarrian gizakion hizkuntza-adierazpideetan, norberaren izaera berresteko eta gainerako pertsonekiko harremanetan mugak finkatzeko eskubidea dago. Hori kontuan hartuz gero, aukera gehiago izango dugu pertsonen arteko harremanetan zauri gutxiago egoteko, eta gatazkei heltzea errazagoa izateko.
Bloke honetan bide horretatik doazen hainbat dinamika proposatuko ditugu, konpetentzien garapenerako garrantzitsuak diren eremuetan banatuak.
Askotariko dinamikak planteatzen dira jarritako helburuak lortzeko. Bertan agertzen diren ebaluaziorako lorpen-adierazleetan oinarrituta, eta hirugarren eremuan azkenengo jardueren ostean, ikasleak bere burua ebaluatzeko tresna eskaintzen da, BAT karpeta pertsonalean sartzeko.
Helburuak
- Nork bere buruarekin sintonian egoten trebatzea.
- Gatazken aurrean portaera egokiak identifikatzea.
- Komunikatzeko modu ezberdinak ezagutzea.
- Elkarbizitzaren aldeko portaerak baloratzea.
- Gelako harreman onen eraikuntzan kolaboratzea.
- Asertiboa izaten jakitea.
- Jarrera enpatikoak identifikatzea.
- Gatazken eraldaketa poistiborako trebatzea.
Ebaluazio irizpideak
- Komunikazio enpatikoa
- Sormena
- Konpromisoa
- Errespetua
Lorpen adierazleak
- Arnasaren bidez, nork bere emozioekin, pentsamenduekin edota gorputzarekin konektatu du.
- Asertibitatea zer den badaki.
- Jarrera enpatikoak identifikatzen ditu.
- Emozioen, pentsamenduen eta portaeren arteko lotura identifikatzen du.
- Asertbitateari balioa ematen dio.
- Portaera desegokiei alternatiba positiboak bilatzen dizkie.
- Atseginak , zein desatseginak diren emozioak modu egokian adierazten badaki .
- Entzute aktiboa egiten badaki .
- Gatazketan interesak identifikatzea.
- Gelako giro onarekin kolaboratzen du.
- Sentimenduak modu egokian adierazi ditu.
Jarduerak
- Zurrunbiloan sartu-irten
Portaerak, pentsamenduak eta sentimenduak
- Emozionatzen garenean
- Egoera zailetan
- Esaldi biribilak, esaldi hutsak
- 3,57 gradu (Z)
- Haserre nago
- Ba, esan egingo dizut
- Nola pentsatu, hala jokatu
- Biraltasuna (Z)
- Oparia
- “Ni” mezuak
- Gelako BAT buzoia
- Aholkuen txartela (Z)
- Gure arteko harremanak