Nire barnera begira

 

1. Nire hitz atsegina

Mindfulnessak emozioetan eta gatazken kudeaketan daukan eragina: Pertsonen arteko harremanetan gatazkak sortzen dira, eta, batzuetan, haurrentzat oso zaila da sentitzen dituzten emozioak adieraztea. Mindfulnessaren bidez, 4 fase eskaintzen dira emozioen adierazpena eta gatazka horien kudeaketa errazteko.

  1. Gatazkan inplikatutako haurren emozioak eta sentimenduak baliozkotzea.
  2. Molestatzen duen haurra jabetzea beste pertsonengan eragin ditzakeen emozioez.
  3. Molestatua den haurra jabetzea traba egin dion horren sentimenduez.
  4. Pertsona bakoitzak sentitu duenaz jabetzea: egoera bi ikuspegietatik baliozkotuz, bi haurrek elkar ikus dezaten eta enpatia izan dezaten; nahiz eta gertatutakoarekin ados ez egon.

 

 

Helburuak:

  • Taldearen kohesioa eta elkarrekiko ezagutza areagotzea.

Denbora:

  • Saio bat.

Garapena:

Ikasleei esango diegu zirkuluan esertzeko. Txandaka, hitz atsegina adieraziko dute beren buruari buruz, eta, bitartean, gainerako parte-hartzaileek errespetuz entzungo dute, entzuten dutenarekin ados egon ez arren.

Adin horretako haur gehienentzat ez da erraza beren buruari buruz ezer atseginik esatea, lotsa ematen dielako, edo uste dutelako ez dela zuzena beren buruari buruz ezer onik esatea.

Jarduera honen bidez, atseginak izaten eta gainerako pertsonak tratatu behar dituzten arreta eta maitasun berarekin tratatzen ikasiko dute.

Aldaera: aurreko jarduera asko kostatu bazaie, aldaera hau egin daiteke: Parte-hartzaile guztiak borobilean jarrita, bikoteka elkarri arretaz begiratu eta eskuetatik heltzea, eta hitz atsegin bat elkarri esatea.

Era horretan, atseginak izateko gaitasuna ere garatzen da, eta gainerako pertsonei eman beharreko arreta eta maitasun berarekin tratatzekoa.

Hala ere, jardueraren hasieran adierazi bezala hastea litzateke interesgarriena.

-------------------------------

1 Gascón Aguilar, M.: Creciendo con MindFulness. En casa y en la escuela. Editorial Edaf, Madrid, 2017.

2. Musikari arreta jarri

Helburuak:

  • Kontzentrazioa lortzea.
  • Erlaxazioa esperimentatzea eta baloratzea.

Denbora:

  • Saio bat

Garapena:

Ariketa hau egiteko, instrumenturen batekin soinu atsegina sortzen duen pertsona bat egon behar da (txirrinak, almirez musikala, tibetar arroa…). Komeni da aukeratutako elementuak denboran iraungo duen eta soinua pixkanaka itzaltzen joango den azken nota bat eman ahal izatea; horrela, haurrek nota amaitu arte jarriko dute arreta, soinua pixkanaka eta erabat desagertu arte.

Soinua egiten ari zaren bitartean, eman jarraibide hauek:

  • Eroso eseri, hankak gurutzatuta edo bizkarra hormaren kontra jarrita eta hankak luzatuta.
  • Itxi begiak.
  • Jarri arreta entzuten ari zaren soinuari, jarraitu entzuten soinua erabat desagertu arte.
  • Une horretan, jaso besoa eta ireki begiak.

Oharra: oso interesgarria da, arreta oso modu selektiboan bideratzen laguntzen dielako; izan ere, zaudeten gelan beste soinu batzuk badaude ere, ikasleek entzun nahi duten soinuari adi egoten ikasiko dute: zu egiten ari zarenari.
Praktika honen beste onura bat da arreta eskaini nahi dioten soinua aukeratzen ikasten dutela. Haur asko kexatu egiten dira, beren klasean, batzuetan, zarata handia dagoelako, ikaskideek oso ozen hitz egiten dutelako edo oihu egiten dutelako; horrek eragotzi egiten die egiten ari diren horretan kontzentratzea, eta haserretu edo urduri jartzen dira. Ariketa honen bidez, gogaikarri zaien zerbait entzuteari utzi eta foku jakin baterantz atentzioa eraman dezaketela ohartzen dira.

--------------------

1 Gascón Aguilar, M.: Creciendo con MindFulness. En casa y en la escuela. Edaf argitaletxea, Madril, 2017.

3. Ibilaladi kontzientea

Helburuak:

  • Kontzentrazioa lortzea.
  • Erlaxazioa esperimentatzea eta baloratzea.

Denbora:

  • Saio bat.

Garapena:
Haurrak zutik eta begiak itxita jarriko dira, eta poliki joango dira, lerro zuzenean, oin bat bestearen aurrean jarrita, baina bien arteko banaketa pixka batekin (ez oinak elkarrekin soka ahul batean baleude bezala).
Gelako beste puntatik, jarraibideak ematen dizkien pertsonak esango die gelditu egingo dituela haraino iristen direnean.
Ibiltzen hasi aurretik esango zaie beren arreta oinak lur gainean sentitzera eraman behar dutela (oinetakorik gabe eginez gero, errazagoa da zorua sentitzea). Nola ibiltzen diren eta oinatzak nola egiten dituzten sentitzean arreta jartzen duten bitartean, lerro zuzenean ibiliko dira. 
Jarraibideak ematen dizkien pertsona dagoen tokiraino iristen direnean, eskuinerantz edo ezkerrerantz desbideratu badira, galdetuko zaie: non zegoen zure burua oinez zeunden bitartean? ¿zer ari zinen pentsatzen?


Oharra: euren arreta ibiltzeko eta oinak sentitzeko ekintzan zentratua dagoen bitartean, ez dira alboetara desbideratuko; euren gogoetak beste norbaitez joanez gero, desbideratu egingo dira. Horrek adi-adi egotearen esanahia ulertzen laguntzen die, eta dituen onurak ere bai. Ikasteko modu oso grafikoa da. Eta, gainera, ariketa jostagarria da, saio desberdinetan egin daitekeena; izan ere, eskatu egin ohi dute, eta oso lagungarria gertatzen zaie fisikoki urduriak direnei.

-----------------------

1 Gascón Aguilar, M.: Creciendo con MindFulness. En casa y en la escuela. Edaf argitaletxea, Madril, 2017.