Hobe guztion artean

1. Elkartuko egingo gara

Sarrera:

Ariketa honen bidez, bi pertsonen arteko elkarketa bultzatuko dugu, beren giza erlazioak sustatzeko: elkarri esperientziak kontatzea, elkarri laguntzea, nola sentitzen diren azaltzea... Horrela, laguntza eskatu eta eskaintzen ikasi eta besteen beharren kontzientzia hartuko dugu. Besteekin ongi erlazionatzen den umeak bere buruarekin ere gustura egoteko aukera izango du.

Helburuak:

  • Besteen beharrak ikusten ikastea. 
  • Enpatia.
  • Pertsonen arteko erlazioak sustatzea. 
  • Laguntza eskaintzen eta eskatzen ikastea. 

Denbora:

  • Saio bat eta ondorengo astea.

Garapena:

Ariketa aurkezteko modu bat da beste pertsona bati laguntzearen abantailez hitz egitea; horrekin batera, gauzak elkarrekin edo taldean egitearen abantailez ere hitz egin daiteke. Horrelako galderak egin daitezke: 

  • Zer da zuentzat laguntzea? 
  • Nola sentitzen gara besteei laguntzean?
  • Nola sentitzen gara taldean zerbait egiten dugunean? 
  • Edo beste pertsona batekin lanen bat egiten dugunean? 
  • Ezer ikasten al dugu? 
  • Egoera guztietan lagundu behar al dugu? 
  • ...

Ondoren, elkarri laguntzearen esperientzia praktikan jarriko dugula azalduko diegu ikasleei. Horretarako, binaka elkartuko dira. Gelako bi ikasle aukeratuko ditugu, eta, aste horretan, bi horiek izango dira elkartze-planaren protagonistak: batak besteari lagunduko dio, egunero zer moduz dauden galdetuko diote elkarri, gelan erne egoten lagunduko diote elkarri, etxerako lanak zeintzuk diren gogoraraziko diote elkarri, zerbait ulertzen ez dutenean batak besteari azalduko dio, edo bietako batek irakasleari galdetu eta besteari azalduko dio, atseden garaian elkarrekin jolastuko dira...

Astea bukatzean, gelakideei azalduko diete zer moduz sentitu diren, zerbait ikasi duten, elkarri lagundu diotela sentitu duten, esperientzia atsegina izan den...

Oharra: ariketari etekin handiagoa ateratzearren, bikoteak egiteko garaian tentuz ibili behar da. Tutore bakoitzak ezagutzen ditu bere ikasleak inork baino hobeto, beraz, komenigarriagoa da bikoteak berak egitea, zozketak edo beste irizpideren bat erabili ordez.

----------------------

1 Vitoria Troncoso, S, eta Etxeberria Zubeldia, T.:  Adimen emozionala. Lehen hezkuntza. 2. Zikloa. (8-10 urte). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntzako eta Jakinaren Gizarteko Departamentua. 2008.

 

2. Hori ez zait gustatzen

Harreman osasuntsuak izateko, ezinbestekoa dugu gure iritzia adieraztea, betiere, era egoki batean, inor mindu eta epaitu gabe. Besteekin ditugun harremanetan, bai gugan eta bai besteengan ere, gogaikarriak diren hainbat alderdi edo jarrera antzeman ditzakegu. Alderdi hauek besteei errespetuz azaltzen badizkiegu, eta besteek ere gurekin hori bera egiten badute, gure harremanak hobetu eta aberastu egingo dira. Gauza horiek guztiak adierazten jakitea oso garrantzitsua da, baita entzuten eta onartzen jakitea ere.

 

Helburuak:

  • Gustuko ez ditugun jarrera edo ekintzak adierazten ikastea.
  • Gure jarreratik besteek gustuko ez dutena onartzen jakitea. 
  • Besteen iritziak errespetatzea. 
 

Denbora:

  • Bi saio.
 

Materialak

  • Ikasle bakoitzarentzako orri zuri bat.
  • Erregistrorako: orri zuriak, arkatzak, margoak, guraizeak, plastifikatzeko materiala eta kartulina handi bat.
  • Arauen horma-irudia egiteko kartulina bat eta errotulagailu edo margoak.
 

Garapena:

 Lehenik eta behin, irakasleak zertaz arituko garen azalduko du, hau da, besteek egiten dituzten gauzen edo beren jarreren artean gustuko ez ditugun edo gogaitzen gaituzten hainbat gauza antzeman ditzakegula. Eta alderdi horiek modu onean azaltzen baditugu, guztion erlaziorako lagungarria izango dela; beraz, gelan hori landuko dugula esango diegu, bertan gertatzen diren gatazketan oinarrituz. 

Ikasle bakoitzari orri zuri bat emango diogu eta, bertan, gelako alderdi desatseginak idatziko ditu. Orrian ekintzak besterik ez dira idatziko, eta ez ekintza horiek egiten dituzten pertsonen izenak; beraz, Ez zait gustatzen Mikelek jotzen didanean jarri beharrean, Ez zait gustatzen jotzen nautenean idatzi beharko dute. Ondoren, taldean, ikasle guztiek jarri dutena komentatuko dugu, eta horren inguruan eztabaidatuko dugu. Jarri dituzten gauzetan bat etorri diren, ikasle batek egiten duen zerbaitek beste ikasle bat gogaitzen duela konturatu ote diren, norbaitek jarrera aldatzeko erabakia hartu ote duen, azaldutako gauzekin harritu egin diren, eta antzeko gauzak eztabaidatuko ditugu.

Eztabaida horren ondorioak kontuan hartu eta eragina izan dezaten, hitz egindako guztia gelako arau batzuk zehazteko erabil dezakegu. Esaterako, norbaitek aipatu badu besteek ozen hitz egiteak molestatu egiten diola, hori arau bihur dezakegu, eta gelan baxuago hitz egiten saiatuko gara.

Horrela, gelako arauen horma-irudia egin dezakegu, gehien errepikatu diren edo garrantzitsuen iruditu zaizkigun alderdiak islatuz, betiere, denon artean.

Arau horiek betetzen diren jakiteko, oso aproposa da erregistroa egitea, guztiek ikus dezaten arlo horretan egiten ari diren aurrerapena erreala dela. Erregistro hori modu askotara egin daiteke. Adibidez, ikasle bakoitzak auto bat egin dezake, marraztu, margotu, moztu eta plastifikatu. Irakasleak, kartulina handi batean, bide bat marraz dezake, helmuga batekin. Arauak bete ote diren astero edo egunero errepasatzea erabaki dezakegu, adibidez; horrela, arau horiek bete badira, autoa pixka bat aurrerago jarriko dugu. Beste aukera bat animalia bat egitea da, asto bat, esaterako; ikasle bakoitzak asto bat marraztu, margotu, moztu eta plastifikatuko du, eta, helmuga beharrean, irakasleak kartulinan azenario handi bat marraz dezake.

Bestalde, komenigarria da ikasleekin erabakitzea zer gertatuko den beraiek erabakitako arau hori betetzen ez badute; hau da, erabakitakoa ez betetzeak zein ondorio izan ditzakeen.

Oharra: Ariketa honen helburua ez da inor epaitzea edo mintzea, eta beraz, eraso pertsonalak ekidin behar ditugu, horien bidez ez baitugu gure helburua -harreman osasuntsuak izatea- lortuko.

ERANSKINA

ARAUAK

EZ BETETZEAREN ONDORIOAK

   
   
   
   
   

 

Eranskina - Taula

---------------------------

1 Vitoria Troncoso, S, eta Etxeberria Zubeldia, T.:  Adimen emozionala. Lehen hezkuntza. 2. Zikloa. (8-10 urte). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntzako eta Jakinaren Gizarteko Departamentua. 2008.

3. Nire lanbiderik gogokoenak

Sarrera:

Jarduera honen helburua da lanbide gehienetan talde-lana oso garrantzitsua dela ikusaraztea; izan ere, ogibide horietan pertsona askok egiten dute lan, eta, zeregin osagarriak dituztenez, elkarren beharra dute. Beste zeregin batzuek, berriz, pertsona bat baino gehiago behar dute, bakarrak ezingo bailituzke egin, edo denbora asko beharko bailuke.

Helburuak:

  • Talde lana oso garrantzitsua dela ikusaraztea.
  • Elkarri laguntza emanez hobeto ikasten dela ikusaraztea.
  • Elkarri lagunduz giro hobea sortzen dela ikusaraztea.
 

Denbora:

  • Saio bat.

Garapena:

Jardueran parte hartuko duen ikasle bakoitzak etorkizunean jardun nahiko lukeen hiru lanbide pentsatuko ditu. Parte-hartzaile guztien artean lanbiderik onena zein den aztertuko dute, bat bera ere errepikatu gabe. Horretarako, ikasle bakoitzak hiru pentsatuko ditu, eta ozen esango du lehenengo hautatu duena; beste ikasle batek aurretik esan badu, bigarrena botako du; horrekin ere gauza bera gertatzen bada, berriz, hirugarrena.

Zer lanbide aztertu behar duten jakin ondoren, honako galdera hauei erantzungo diete:

  1. Zertan datza lanbide hori? Zerrendatu lanbide horretan diharduten pertsonek egiten dituzten zeregin batzuk (lauzpabost).
  2. Zeregin horietako gehienak gauzatzeko, lanbide bereko, antzeko edo osagarri bateko pertsonen laguntza behar al dute lanbide horretan aritzen direnek? BAI/EZ
  3. Lanbide horretan aritzen direnek, taldean lan egiten jakin beharko lukete? BAI/EZ
  4. Irakatsi al dizue norbaitek inoiz, eskolan edo institutuan, modu sistematikoan taldean lan egiten? BAI/EZ

Jarraian, parte-hartzaileak bospasei laguneko taldeetan bilduko dira, eta lanbide bakoitzari buruz egin duten analisi txikia besteekin partekatuko dute. Hala, taula bete beharko dute.

Ondoren, talde bakoitzaren lanketak bateratuko dituzte, aztertutako lanbide guztiei buruzko informazio hau lortzeko:

  • Zenbatek dute talde-lanaren beharra, eta zenbatek ez?
  • Zenbatentzat da garrantzitsua taldean lan egiten jakitea?
  • Zenbat ikaslek uste dute eskolan edo institutuan taldean lan egiten modu sistematikoan irakatsi dietela, eta zenbatek uste dute ezetz?

Hemendik aurrera, beharrezko balorazioak egingo dira, talde-lanaren garrantziaz eta modu horretan lan egiten irakasteko beharraz jabetzeko. 

 

ERANSKINA

 

Lanbidea

1. Lanbidearen berezko zereginak

2. Zeregin horiek taldean egin behar dira?

3. Garrantzitsua al da taldean lan egiten jakitea?

4. Taldean lan egiten irakatsi dizuete eskolan edo institutuan?

BAI

EZ

BAI

EZ

BAI

EZ

               
               
               
               
               
               

GUZTIRA:

           
 

 

------------------------------

 1 Pujolas, P. y Lago, J. R. (Coord.). PROGRAMA CA/AC («Cooperar para Aprender / Aprender a Cooperar»). PARA ENSEÑAR A APRENDER EN EQUIPO. Implementación del estudio cooperativo en clase.

 

4. Desberdina izatea bideoa

Helburuak: 

  • Beste pertsonen beharrak identifikatzen ikastea.
  • Enpatia garatzea.
  • Aniztasuna errespetatzea.
  • Gizarte-harremanak sustatzea.
 

Denbora:

  • Saio bat.

Materialak:

Desberdina izatea bideoa. Bideoa lotura honetan ikus daiteke:

https://youtu.be/KTerS96PUic

                                                                                                                                  Garapena:

Bideoa ikusi ondoren, aniztasunaren errespetura eta pertsona "desberdinak" nola sentitzen diren pentsatzera bideratu dezakegu elkarrizketa. Galdera hauek egin daitezke:

  • Izenburuari erreparatu diozue?
  • Zergatik uste duzue jarri duela horrela?
  • Zer gertatzen zaio istorio honetako protagonistari?
  • Zer esan nahi du desberdina izateak?
  • Ezagutzen dituzue pertsona desberdinak?
  • Zertan gara berdinak eta zertan desberdinak?
  • Zuen ustez, orokorrean pertsona "desberdinenak" errespetatzen dira?
  • Zertan bai eta zertan ez?
  • Zer gertatzen da?