Tratu onak nahiago

1. Sar naiteke?

Helburuak:

  • Taldean baztertuak direnak eta baztertzaileak nola sentitzen diren jakitera ematea.
  • Gatazka horri aurre egiteko zein estrategia garatzen diren aztertzea: gutxiespena-eta kanpoan uztea.
  • Alternatibak pentsatzen hastea.

Denbora:

  • Saio bat

Garapena:

Sei laguneko talde bat osatuko da, eta biribilean bilduko dira. Lau bikote osatuko dira dinamikan aritzeko, eta gainerakoek begiratu egingo dute. Lau bikoteak gelatik irtengo dira, gainerakoei emango zaizkien adierazpenak entzun ez ditzaten. 

Sei laguneko taldeari honako hau esango zaio:

  • Lehenengo bikoteari ez zaio utziko zirkuluan sartzen.
  • Bigarren bikoteari ere ez zaio utziko, baina, orain, hitz egiten hasiko dira eta ez zaie sartzen utziko.
  • Hirugarren bikoteari sartzen utziko zaio.

Biko taldeei jarraibide hau emango zaie:

  • Behin eta berriz saiatuko dira taldean sartu eta onar ditzaten. 
  • Horretarako, komenigarri irizten dituzten estrategiak planteatu beharko dituzte.

Begiratzen ari direnei:

Gertatzen denaz oharrak hartu beharko dituzte, bakoitzaren jokabidea balioesteko.

Ondoren, gertatu den guztiari buruz hitz egingo da, honakoak komentatzeko:

  • Nola sentitu dira sartu nahi eta sartzen uzten ez zietenak?
  • Zer iruditu zaie begiratzen ari zirenei?
  • Zer egin daiteke bestela?
  • Nola sentitzen dira talde batean onartzen ez dituztenean?
  • Horrelakoak gertatzen direnean, zer egin dezakegu berriro ez gertatzeko, eta gaizki sentitzen direnei laguntza emateko? Nola egin daiteke?

-----------------------------

1 Gizagune Fundazioa (egokitua)

2. Bada ez da

Gure artean ondo tratatzea eta kortesiazko arauak erabiltzea komunikazio edo harremanen abiapuntuak dira: agurtzea, goraintziak ematea, eskumuinak ematea, baikor agertzea, harrera egitea, norberaren izenaz izendatzea, ondo tratatzea…

Haiek dira harremanak aberasten dituzten jarrerak. Kontrakoek —agurrik ez egiteak, agurra ukatzeak, zapuztuta egoteak, muturtuta edo muzinduta egoteak—, egonezina sortzen dute harremanetan.

 

Helburuak:

  • Tratu onak identifikatzea.
  • Tratu txarren aurrean alternatibak aurkitzea.

Denbora:

  • Saio bat.

Garapena:

Ikasleak talde txikitan jarriko ditugu, eta jarraian agertzen den taula emango diegu. Azalduko diegu hor deskribatutako egoerak aurkituko dituztela, eta egoera horien aurrean markatu behar direla tratu ontzat jotzeko irizpideak betetzen dituzten jokabideak. Adibideren bat jarriko dugu, ondo ulertzen dutela ziurtatzeko.

Beharrezkoa bada, taulako egoerak irakurriko ditugu, planteamendu osoa ulertzen dela ziurtatzeko.

Talde-lanean, "Arkatzak erdira" teknika erabil daiteke (ikus aurrerago).

Ondoren, bateratze-lana egingo dugu, eta taldeen erantzunetan bat datozen gaiak aztertuko ditugu, baita zergatiak eta interpretazio desberdinak izan diren ere.

----------------------

1 Iglesias López, M. E. Guía para trabajar el buen trato con niños y niñas. Campaña de vacunación simbólica por el buen trato. CESIP

3. Lagun ezkutua

Elkarri laguntzeak taldekideen arteko harremanak indartzen ditu, baita ardurak hartzeko gaitasuna ere. Norbaiti arazo bat konpontzen, lan bat bukatzen, taldean integratuta sentitzen edo beste edozertan laguntzen diogunean, elkarrengandik hurbilago eta taldean inplikatuago gaudela sentitzen dugu.

 

Helburuak

  • Edozein pertsonarekin adeitsu eta lagunkoi izaten jakitea.
  • Tratu onei eta harremanak hobetzeari buruzko hausnarketa egitea.
  • Tratu txarren aurrean alternatibak aurkitzea.
 

Denbora:

  • Saio bat hasieran, aste bat edo hiru egun utzi, eta beste saio bat amaieran.

Garapena:

Gelako ikasle guztien izenak poltsa batean sartuko dira. Ikasle bakoitzak paper bat aterako du; tokatzen zaion izena berea bada, papera berriro sartuko du poltsan, eta beste bat aterako du. Inork ez du esango zein izen egokitu zaion. Pertsona hori bere lagun ezkutua izango da.

Ondoren, irakaslearen eta ikasleen artean adostutako denbora jakin batean (astebete edo hiru egun izatea proposatzen da) ikasle bakoitza zozketan egokitu zaion ikaskidearen lagunik onena izango da. Pozik egon dadin saiatu behar du, eta, ezer behar badu, lagundu.

Ikasleren bat ez badago ados egokitu zaion ikaskidearekin, irakasleak konbentzitu behar du onar dezan, eta giro ona sor dezan.

Jardueraren amaieran eta talde handian hitz egiterakoan kontuan hartzeko gaiak:

  • Ezin da esan zein lagun egokitu zaien lagun ezkutu gisa, ezarritako aldia amaitu arte. Ondoren, parte-hartzaile bakoitzak esango du nor izan den bere lagun ezkutua, eta zergatik uste duen pertsona hori dela.
  • Ikasle bakoitzak bere lagun ezkutuarentzat egiten dituen gauza on guztiak idatziko ditu, gero, bestea horietaz ohartu den egiaztatzeko.
  • Garrantzitsua da aipatzea nola sentitu diren norbait beren ongizateaz kezkatzen zela ikustean, eta beste pertsona batez kezkatzean, hau da, bi roletan.
  • Azpimarratuko dugu egin duten hori ondo tratatzea dela; hau da, horri tratu ona ematea deitzen zaiola, eta ondo sentitzen laguntzen duela.

-------------------------

 1 AA.VV. (1995). Cómo educar en valores. Madril, Narcea Argitaletxea

4. Besarkadak bideoa

Helburuak:

  • Beste pertsona batzuekin atsegina eta enpatikoa izaten jakitea.
  • Adeitasuna harremanak hobetzeko lagungarria dela jakitea.
  • Tratu txarren aurrean alternatibak aurkitzea.
 

Denbora:

  • Saio bat
 

Materialak:

https://youtu.be/mcWXvFC45hc

       

Garapena:

Bideoa ikusi ondoren, elkarrizketa beste pertsonekiko errespetuaren gaira bideratzen saiatuko gara. Helburua da ulertaraztea nola sentitzen diren beste pertsonak bakarrik uzten ditugunean, gure zirkuluan integratzen uzten ez diegunean, edo isolatuta sentitzen direnean. Adibidez:

  • Nor da film labur honetako protagonista?
  • Zer gertatzen zaio istorio honetako protagonistari?
  • Nola sentitzen zara?
  • Zergatik?
  • Desberdina da?
  • Ezagutzen dituzue pertsona desberdinak?
  • Inoiz gertatu al zaizue horrelakorik? Inoiz bakarrik sentitu al zarete?
  • Zure ikaskideek irtenbide bat bilatu izan dute?
  • Denak berdin kezkatzen dira?
  • Nor?
  • Zer gertatzen da amaieran?