Alderdi sozi-emozionlak eta talde kohesioa lantzeko proposamena: ikasitakotik bideari ekiten

Sarrera

COVID-19 pandemiak eragindako osasun-larrialdiak azken aldiko hezkuntza-erronkarik handienean jarri gaitu. Hezkuntza-eragile guztiak orain arte ezezagunak ziren erantzukizunak hartzen ari gara, ziurgabetasun handiko giroa bizi ditugun egoera askotara hedatzen baita, bai eta irakaskuntza-ekintzarekin lotura zuzenagoa duten egoeretara ere.

Egun ez dakigu ziur, irailean, 2020-21 ikasturteari hasiera emateko unean, zein agertokitan ekin beharko diogun ikaste-irakaste prozesuari.

Hori bai, jakin badakigu, ohiko egoeratan ikasturte hasiera une garrantzitsu eta baldintzatzailea bada ere, 2020-21 ikasturtean ohiz kanpoko egoeratik eragindakoak areagotu egingo duela, alde batetik,  alderdi sozio-emozionalak lantzeko beharra, eta bestetik, horien garapen egokia ahalbidetzeko talde kohesiorako dinamiken lanketa.

Beste ikaskuntza-eremu batzuen garrantzia alde batera utzi gabe, uste dugu, gure ikastetxeetan garatu beharreko lehentasunezko neurria dela ikasleen bizipenak eta esperientziak ezagutzea eta partekatzea, haien emozioak eta sentimendu positiboak zein negatiboak ezagutzea, bai eta azken hilabeteetako gertakariei aurre egiteko garatu dituzten estrategiak eta haien egungo ongizate-egoeran duten inpaktu-maila ulertzea ere. Horri guztiari esker, dauden errealitate bakoitzera egokitutako hezkuntza-esku-hartzea gauzatu ahal izango da.

Funtsezkoa izango da beraz, harrera fase horretan ikasle (eta hezkuntza komunitatea orokorrean) ororen ongi izate sozio-emozionalaren ezagutzan eta hobekuntzan indarrak metatzea eta kalitatezko denbora  inbertitzea.

Bestalde, pandemiak eta osasun-larrialdiko egoerak ikaskuntza berriak ekarri dituzte, bai eremu pertsonalean, bai kolektiboan, gure bizitzak antolatzen dituzten sistemetan eta harreman-moduetan, bai gizarte- eta hezkuntza-esparruan. Bizi izandako egoerak ezagutzeko eta balioesteko aukera izaten ari da eskola, ikasleek ikaskuntza positibo eta bizitzarako ikaskuntza bihur ditzaten.

 

Proposamen didaktikoa