Osasun-larrialdiari lotutako zehar-konpetentzien garapena: egoeraren ezagutzatik hezkuntza esku-hartzeko bidea egiten

Sarrera 

COVID-19 pandemia dela eta martxoaren 14ean deklaratutako osasun-larrialdiko egoerak eraginda ezarritako neurrien ondorioz, gure gizartea zurrunbilo emozional batean murgilduta dago. Horrelakoetan, urduritasuna, frustrazioa edo gogogabetasunak areagotu egiten dira eta argitara ateratzen dira kudeatzen jakin behar diren sentimenduak eta emozioak gainezka ezin ez dezaten. Bizi genuen egoera eta konfinamendu-deseskalatze uneetan bizitzen ari garena erabat ezberdinak dira eta, horrek egokitzapenaren beharra  dakar berekin.

Izan ere, Hezkuntza-komunitate osoaren ardura eta kezka da, ezarritako neurriek izan dezaketen eragina ikasleen ikaskuntza prozesuan zein bilakaera pertsonalean, eta zer nolako eszenatokiak izango ditugun ikastetxeak berriro irekitzen direnean.

Horren aurrean badugu era bat erantzun egokia eskaini ahal izateko. Kezka hezkuntza erronka bihurtuz, egoerak ondorioztatutako eragin kaltegarria murrizteaz gain, ikasteko eta garapen pertsonalerako aukera ere ireki daiteke.

Horretarako, batetik, emozioen kudeaketan laguntzeko, seinale fisikoak eta pentsamenduak ezagutu eta identifikatu behar dira; nola sentitzen garen zergatiak ikertu eta aurkitu behar da; esperientzia emozional hori hitz egoki eta jakin batekin izendatu behar da, sentitzen denaz jabetzeko eta adierazpen egokia lantzeko.

Bestetik, bizi izandako esperientzien aurrean ikasleek nola jokatu eta jardun duten inguruan gogoetarako aukera eskaintzeak, lagunduko du, bai ala bai, izandako ikasketen autoerregulazioan eta bizitza osorako ikasketan.

Beraz, kezka erronka bihurtzeko asmoak bultzatuta, eta adierazitako ekintzak gauzatu ahal izateko, eskaintzen da esku artean duzuen hezkuntza proposamen antolatua.