Arretaz entzuten dut

1. "Ez entzutearen jolasa"
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Ondoren, azaltzen den dinamikan, jarrera batzuk nahita mantentzea proposatzen da, aztertzeko zer-nolako ondorioak dakartzaten inguruan dauden pertsonengan.
Bi talde sortuko dira. Talde bat gelan geratuko da eta bestea bertatik aterako da. Gelan geratu diren ikasleei kanpoan daudenei kontatzeko istorio bat pentsatzeko eskatuko die irakasleak. Kanpoan daudenei, ordea, barrukoek istorio bat kontatuko dietela esango die, baina entzun izan ez balute bezala egin beharko dutela (beste alde batera begiratuz, erlojuari begiratuz, aharrausi eginez, aspertuta dauden itxura eginez… Barrukoek ez dute jakingo kanpokoek zer egingo duten.
Barruan geratu direnek istorioa prestatzen bukatzen dutenean, kanpokoak sartuko dira eta bikoteak egingo dituzte (barruko norbait kanpoko norbaitekin), eta bakoitzak bere rola egingo du. Irakaslea saiatuko da kanpora atera den taldea kanpoan ahalik eta denbora gutxien izaten. Horretarako, jarraibide argi eta laburrak eman behar dizkie barruan daudenei. Entzute aktiboaren jarraibideak hauek izan daitezke:
- Hitz egiten duenari begietara begiratu eta entzuten duenari begiratu.
- Jarrera positiboa gorputzean eta buruan: kidearen parean jarri eta irribarre egin.
- Hitz egitean txandak errespetatu: hitz egiten ari denari ez moztu eta ez epaitu.
- Esaten ari dena ulertzeko galderak egin.
- Beste pertsonak esan duena laburtu, haren iritzia azaldu.
- Laburpenaren ondoren, entzundako argudioei buruzko iritzia eman.
- Iritzi propioak eman daitezke, baina beti ere aurreko puntuak errespetatzen baldin badira.
Jarduera bukatzen denean, istorioa prestatu dutenek (hitz egin dutenek) nola sentitu diren azalduko dute.
Azkenik, talde txikietan, zerrenda bat egingo da entzute aktiboaren jarraibideekin. Ondoren, talde handian osatuko dira guztion artean, eta jarraibide horiek gelan zintzilikatuko dira gogoan izateko.
[1]Ezeiza Urdangarin, B., Izagirre Gorostegi, A. eta Lakunza Arregi, A.: Adimen emozionala (12- 14 urte bitartek ikasleentzat).Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia. 2008. Moldatua
2. Telefono hondatua
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Hondatutako telefonoaren jolas klasikoa da hau, baina, esaldi bakar bat esan ordez, ipuin edo istorio txiki bat kontatuko da. Irakasleak ikasle bati honako ipuin hau edo beste edozein kontatuko dio:
“Laura eta Bittor lagun minak ziren eta jolasean ari ziren zelai eder batean; han, bazen ehun urte baino gehiagoko zuhaitz izugarri bat paseoan. Jolasten ari zirela…
— Hara! — bota zuen Bittorrek, —iltze bat aurkitu dut.
— Zer egingo dugu horrekin? —Esan zuen Laurak.
— Zuhaitzari sartuko diogu harri batez.— Erantzun zuen Bittorrek.
Eta halaxe egin zuen. Bittorrek metalezko objektu hori egur noble hartan sartzen hasi zen.
Lana amaitzeko gutxi falta zitzaionean, garrasi larri bat entzun zen:
—Ai, ai, ai …, nahikoa da! —Bittor eta Laura lurrean eserita gelditu ziren, hartu zuten sustoa zela eta.
— Zu, zu…, zu…, zuhaitza kexatu egin da. —Zioen Laurak ahots ikaratu eta arnas motelez.
— Bai, hala uste dut. —Baieztatu zuen Bittorrek, begirada zuhaitzari josita.
Bat-batean, gizaki baten modura, hizketan hasi zen zuhaitza.
— Haurrak, ez ni horrela zigortu! —Esan zuen zuhaitzak.
Laura eta Bittor oihuka hasi ziren:
— Zatozte, zatozte denok, zuhaitza hizketan ari zaigu!
Eta paseatzen zebiltzan guztiak ikustera hurbildu ziren. Zuhaitzak hizketan jarraitzen zuen:
— Niregandik hartzen duzue itzala, edertasuna, oxigenoa, egurra eta zuek ikasi ahal izateko papera... —Isildu egin zen zuhaitza eta malkoak isuri ziren adarretatik. Hala da, zuhaitza egiaz ari zen negarrez.
— Mesedez, nik zuen laguna izan nahi dut, ez iezadazue minik eman eta ikas ezazue ni maitatzen. —Laurak, Bittorrek eta hara bildutako guztiek ezin zuten sinetsi ikusten ari zirena.
Herriko alkateak hau guztia jakin zuenean, zuhaitzaren inguruan hesi bat jartzeko agindu zuen, inork inoiz ez zezan eraso.
Zuhaitza, esker onez beterik, haziz eta haziz joan zen garaiera itzela izan arte; haizeak sakabanatutako malko bakoitzetik, zuhaiztxo bat sortu zen, eta, hari esker, herri hartako zelaia edertu egin zen.”
Ikasle horrek hurrengoari kontatuko dio istorioa, eta hala egingo dute gainerakoek ere talde osoak istorioa entzun arte. Azken ikasleak berak zer ulertu duen azalduko dio talde osoari, istorioak izan dituen aldaketak denek antzemateko.
Ondoren, komeni da:
- Gogoeta egitea hirugarren pertsonetatik jasotako informazioarekin fidatzeak dakartzan ondorioez eta informazio hori egiaztatzeak duen garrantziaz.
- Hasierako eta amaierako mezuaren antzekotasunak balioestea.
- Pertsona bakoitzak arreta alderdi desberdinetan jarri duela frogatzea.
- Subjektibotasun-elementuak ateratzea.
- Adibideak aurkitzea; esaterako, batzuetan norbaitekin haserretzen gara beste pertsona batek badioelako hark zerbait esan duela, baina ez dugu harekin zuzenean hitz egiten argitzeko zer esan duen zehazki, zer adierazi nahi izan duen eta zergatik.
[1] Gizagune Fundazioa. Unitate Didaktikoa Elkargunea (3. Ziklorako). Moldatua.
3. Zurrumurruak
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Jar dezagun aste honetan jende asko gaixorik egon dela gripeak jota: bost ikasle gaixorik daude (gelatik kanpo aterako dira).
Irakasleak istorioa edo albiste bat kontatuko du gelan zehaztasun batzuekin. Ozenki egingo du, gelan dauden ikasle guztiek entzuteko. Arreta eskatuko du.
Ausaz aukeratuko da ikasle bat, kanpora atera eta "gaixorik" dagoen bat deituko du, sendatu delako. Sendatutakoa gelan sartuko da eta bila joan den gelakideak entzun duen istorioa kontatuko dio beste guztien aurrean.
Entzun duena joango da "gaixorik" dagoen beste baten bila gelara sartzeko, eta prozesua errepikatuko du, ikasle guztiekin egin arte.
Kontatzeko adibidea:
Maiderren telefonoa Atzo, bigarren saioan Naturaren Zientzietako saioan ginenean, Maiderren telefonoa desagertu zen. Gainera, berri-berria zen; amonak oparitu zion urtebetetzean duela gutxi. Eta telefonoan gauza asko gordetzen ditu: musika, argazkiak, bideoak... Agertu behar du. Esan dit bere mutilarekin egindako argazki batzuk ere hor dituela... Maiderrek dio ekarri zuela eta Mirenek dio berak ikusi zuela motxilako poltsikoan gorde zuela. Gero konturatu zen poltsikoko kremailera puskatua zegoela eta telefonoa ez zegoela... Bere atzean Josu esertzen da, baina atzo sendagilearengana joan zen, eta haren tokian Jone eseri zen. Oraingoz biharko irteera bertan behera gelditu da eta museora joateko eman dugun dirua gordeko da telefonoa ordaintzeko; ez bada agertzen, ez gara joango museora, noski! Norbaitek zerbait baldin badaki tutoreari esan behar dio. |
Jarduera egin eta gero hau aztertuko da:
Ondoren egoera aztertu daiteke galdera hauen bidez:
- Zer gertatu da?
- Nola aldatu da informazioa?
- Zergatik?
- Informazioarekin gertatu denak badu zerikusirik gatazkekin?
- Noizbait zurrumurru baten biktima izan zara? Edo halako biktimarik ezagutzen duzu?
- ...
Hizkuntzaren hainbat zehaztasunik ezak zurrumurruak zabaltzen laguntzen du: orokortzea, distortsionatzea...
Orokortzearen arriskuak (adibidearekin jarraituz):
- Gure gelan beti desagertzen dira gauzak. Zer gauza? Noiz?
- Jende guztiak daki hemen norbaitek lapurtzen duela, jende guztiak? Nork?
- Maiderrek dena galtzen du. Zer galtzen du? Noiz?
- Horrela jarraitzen bada, ez da irteera gehiago egingo. Horrela, nola?
- Amorrarazten nauzue! Nola egiten dugu?>
- Ez nuen berreskuratu telefono inbidia didatelako. Nork? Zergatik?
4. Zehaztasun guztiekin
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Talde txikietan jarriko dira ikasleak. Taldekide bakoitzak zenbaki bat izango du (1-2-3-4-5) eta zehaztasun handiko irudi bat emango zaie (Ikus irudiak beherago).
Hasiera batean gelan geldituko dira 1 zenbakia duten ikasleak eta besteak aterako dira. 1 zenbakia dutenek arreta handiz begiratuko diote irudiari 30 segundoan; ondoren 2 zenbakia dutenak sartuko dira. 1 zenbakia dutenek 2 zenbakia dutenei kontatuko diete ikusi duten irudia nolakoa den ahalik eta zehaztasun handienarekin.
Ondoren, 3 zenbakia dutenak sartuko dira eta 2 zenbakia dutenek kontatuko diete nolakoa den irudia. Jarraian, 4 zenbakia dutenak sartuko dira eta 3 zenbakia dutenek irudia nolakoa den kontatuko diete. Gauza bera 5 zenbakia dutenekin, egonez gero.
Bukatzeko, entzuten azkenekoek talde osoaren aurrean azalduko dute nolakoa den irudia, eta ondoren irudia erakutsiko da konprobatzeko azalpenak zer neurritan deskribatu duen irudia.
Egindako jarduera baloratuko da:
- Zer gertatu da informazioarekin?
- Nola joan da aldatzen, galtzen, distortsionatzen?
- Komunikazioa beti zuzena al da? Zergatik?
- Zer egin dezakegu hobetzeko? Informazioa ematen dugunean? Eta entzuten dugunean?
- Guztiok ikuspuntu beretik egin dugu deskribapena?
- Gauza berek ematen digute atentzioa?
- Gauza berei ematen diegu garrantzia?
Irudiak:








5. Del revés filmaren eszena bat
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Del revés filmak sentimendu eta emozioen inguruan hitz egiteko aukera ezin hobea ematen digu. Oraingo honetan aukeratutako zatitxoan oso garbi ikusten da zer den entzute aktiboa eta zer ez den.
Bideoan azaltzen diren pertsonaiak aztertu eta deskribatuko dira: nolakoak diren, zer gertatzen zaien, nola dauden (zein sentimendu dituzten) eta nola erreakzionatzen duten.
"Del revés" bideoa lortzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=sZ_5NreO18g&t=7s
OHARRA: bideoa ikustean, batzuetan gelditu edo atzera egin beharko da ikasleek ondo uler dezaten bideoan adierazten dena
Ondorioak aterako dira: egoera batzuetan gurekin dauden pertsonen jarrerek batzuetan ez dute laguntzen, baina beste batzuetan bai. Eta zer egin behar da hori lortzeko? Entzun, ulertu, haren lekuan jarri...
6. Hitz egiten didazu, baina ez zaitut ikusten (Z)
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Helburuak:
- Ondo ulertzea zein diren gakoak digitalki eta aurrez aurre ondo komunikatzeko.
- Ondo ulertzea zer den "Entzute aktiboa", eta gakoak.
Denbora: 50 min
Nola egin:
“Entzute aktiboa” zer garrantzitsua den ikusiko dugu. Abiapuntua antzezpen moduko bat izango da: zerbait gertatu da eta ikasle bat kezkatuta da; ezin du isilik gorde eta beste bati kontatzen dio.
3 ikasle-bikote osatuko ditugu, 3 egoera antzezteko:
- Lehenengoan, entzuten ari denak ez du arreta handirik jarriko, alderantziz baizik.
- Bigarrenean, entzuten ari denak entzute aktiboa egingo du (irakasleak azalduko die zer den entzute aktiboa (gakoak)).
- Hirugarrenak gauza bera antzeztuko du, baina gailu elektronikoak erabiliz ariko balira bezala, adibidez, Whatsapp bidez.
A bikotea: Ikasleetako bat kezkatuta dago, zer edo zer gertatu da, ez du isilik gorde nahi, eta besteari azalduko dio. Entzuten ari denak arreta lehenengo 15 segundotan jarriko du, gero, beste nonbaitera begira hasiko da, burua beste nonbaitera joango zaio, laguna eten egingo du, zer edo zer aurpegiratu, edo kontatzen ari zaionaz barrezka hasiko da.
Interakzio negatiboaren adibide bat, ikasleei/antzezleei erakusteko:
- Jon: Kaixo, Kepa. Ba al dakizu zer gertatu zitzaidan aurreko egunean?
- Kepa: Esan, esan! (INTERAKZIO POSITIBOA)
- Jon: Bada, merkataritza-gunean nagoela, hara non ikusten dudan Mikel, nire blokean bizi zen laguna, duela urtebete beste auzo batera joan zena.
Kepak, burua beste nonbaiten duela eta beste alde batera begira:
- Hara! Eta zer moduz dago? (ARRETA GUTXIKO INTERAKZIOA)
- Jon: Ongi, beti bezala … tira, futbol-talde batean sartu da eta esan zidan ea nik ere sartu nahi nuen.
Jonek, esate baterako komiki bat irakurtzen ari den edo mugikorrean zerbaiten bila ari den itxurak egiten:
- A ze inozo parea; gero hor joan beharko duzue astean 3 egunetan entrenatzera, eta astebururo-astebururo hara eta hona partida jokatzera... Udalekuetara joan zinetenean bezala, gero han ibili zineten txotxongilo modura, han ezagutu zenuten haren atzetik (INTERAKZIO NEGATIBOA).
B bikotea: Bigarren bikoteak ere elkarrizketa bat izango du: ikasle batek beste bati zer edo zer kontatuko dio, garrantzitsua berarentzat; baina oraingo honetan entzuleak entzuketa aktiboa egingo du, alegia, begietara begiratuko dio, buruarekin baiezkoa egingo du, azaltzen ari zaionari buruzko galderak egingo dizkio, hots, bestearen lekuan jarriko da, hura ulertzen saiatuko da, laguntasuna eta aholku onak ematen ahaleginduko da.
Interakzio positiboaren adibidea, ikasleei/antzezleei erakusteko:
- Jon: Kaixo, Kepa. Ba al dakizu zer gertatu zitzaidan aurreko egunean?
- Kepa: Esan, esan (INTERAKZIO POSITIBOA)
- Jon: Bada, merkataritza-gunean nagoela, hara non ikusten dudan Mikel, nire blokean bizi zen laguna, beste auzo batera joan zena.
- Kepa: - Hara! Eta zer moduz dago? (INTERAKZIO POSITIBOA)
- Jon: Ongi, beti bezala … tira, futbol-talde batean sartu da eta esan zidan ea nik ere sartu nahi nuen.
- Jon: Uf, hainbeste entrenamendu-egun, eta, gero, asteburuetan, batera eta bestera partiduak jokatzera; nik ez dakit horretarako prest nagoen, baina zuk gogoa baldin baduzu, ideia bikaina iruditzen zait. (INTERAKZIO POSITIBOA)
Ikusi ditugu bi bikote, orain, ea zer pentsatzen dugun, ea ados gauden. Honelako edo antzeko galderak egin gainerako gelakideei:
- Zuen ustez, nola sentitu da bikote bakoitza?
- Inoiz gertatu al zaizue horrelakorik? Nola sentitu zarete?
- Ba al dakigu entzuten?
- Hitz egiten zuenak egin al zezakeen beste zerbait entzulearen arreta erakartzeko?
Jarduera honen bidez, ea ohartzen garen entzute aktiboa zer garrantzitsua den eta nola errazten duen komunikazioa; zer edo zer azaltzen, istorio bat kontatzen edo arazo bati buruz hitz egiten saiatzen ari denarentzat zer garrantzitsua den solaskideak arreta jartzea, ulermena erakustea eta behar bezala erantzutea.
Eta, sarean? Nola gertatuko litzateke entzute aktibo hori sarean? Saia gaitezen taldeak horretan pentsa dezan.
C bikotea: Har dezagun hirugarren bikotea: lehenengo egoera hori bera antzeztuko du, baina Whatsapp bidez ariko balira bezala. Hau da, lehenengo ikasleak badu zer edo zer bigarrenari kontatzeko. Berarentzat garrantzitsua da, baina entzuleak monosilaboekin erantzuten dio, beste ikasle batzuekin ondo pasatzen ari baita, eta, gainera, aditzen dena haiei kontatzen die, isilik gordetzekoa izan arren.
Ondoren, taldeari galdera batzuk egingo dizkiogu. Gure helburua izango da taldeak gogoeta egitea, konturatzea komunikazio elektronikoak zer berezitasun dituen. Nahiko genuke taldeak gogoeta egitea ea egokia den edo ez saretik edozer mezu bidaltzea, zer garrantzitsua den aurretik ondo baloratzea argitaratzen ditugun kritikak, gu trata gaitzaten gustatuko litzaigukeen bezala tratatzea besteak, besteen pribatutasuna errespetatzea etab.:
- Zure ustez, internet bidez zailagoa al da gurekin komunikatzen ari denak ondo ulertzea zer esaten diogun eta gure lekuan jartzea?
- Ez dugu ikusten gure solaskidearen aurpegia, ez dakigu interesik baduen edo ez: horrela, zailagoa al da komunikatzea?
- Txat pribatu batean gure lagun bati arazo bat azaltzen baldin badiogu, uler dezan eta laguntasuna eman diezagun, gustatuko litzaiguke jakitea gurekin ados dagoen edo beste era batera pentsatzen duen, ezta? Baina, gure arazorik minenak azaltzen dizkiogun bitartean, ba al dakigu zer ari den egiten?
- Aldi berean beste gauza batzuk egiten egon daiteke?
- Aldi berean beste norbaitekin egon daiteke?
Irakasleak, jarduera amaitzeko, komunikazio digitalak dauzkan berezitasun eta arazo batzuk aipatuko ditu:
Enpatiarik eza. Ez gaudenez aurrez aurre eta ez dugunez argi eta garbi ikusten gure solaskidea, edo nola erreakzionatzen duen, azkenean, baliteke ez ohartzea pantailaren beste aldean dagoen hori pertsona dela.
Sareak anonimotasun-irudipena ematen du, baina faltsua da. Askok uste dute interneten edozer egin daitekeela, dena anonimoa dela, egiten dutenarekin inork ez dituela lotuko. Izan ere, alde batetik, ez baitakite, ondo, informatika zer den, eta, bestetik, idazten ari diren leku horretan beste inork ez baitaki zer idatzi edo egin duten (gelan dago, eta, senitartekoengana itzultzen denean, inork ez daki zer egin duen).
Ez dago gorputz-hizkuntzaren arrastorik, ez intonaziorik, ez ñabardurarik. Jakina, nekezagoa da zer esan nahi dugun azaltzea, eta gaizki-ulertu asko gerta daitezke.
Erraza da gaizki-ulertuak gertatzea. Azalduta dago.
Geuk aukeratzen dugu gure ingurua, eta iritziak muturrera doaz. Interneten oso erraza da harremanak egitea eta desegitea; horrela, gustuko ingurua aukeratzen dugu, eta, azkenean, hurbileko denak gure iritzi berekoak dira. Zerbitzu askotan, gainera, gurekin gehien aritzen den jendearen argitalpenak erakusten zaizkigu lehenik, eta, nola ez, gure iritzi berekoak izaten dira. Bateko eta besteko, gure ingurua gure antzera hautatuta dago, eta, inork ez duenez bestelakorik esaten, gure iritziak muturrera doaz, konturatu gabe.
Nor izan nahia. Interneten, offline munduan bezala, besteekin dihardugunean, joera handia dago jendartean nonbaiten kokatzen saiatzeko, leku bat hartzeko. Batez ere adingabeen artean, bila eta bila ari baitira buru-belarri, beren buruak gizarte-hierarkian non kokatuko. Gainera, Interneteko zerbitzuak etengabe eraiki-berreraiki dabiltza, eta, beraz, gizarte-eskala edo erabiltzaileen arteko hierarkia hipotetiko hori ere etengabeko borrokan dago. Horregatik, baliteke zakarrago aritzea, gora egiteko gogo handiagoz.
Sare sozialek depresioaren edo etsipenaren bidea erraztu? Jendeak, oro har, bizitzako gauza politak eramaten ditu sare sozialetara, eta itsusiak ezkutuan geratzen dira. Horrela, zure sozializazioa sare sozialetan oinarritzen bada, baliteke erkaketa erraz egitea: alde batetik, zure errealitatea (gauza positiboak eta negatiboak, normala denez), eta, bestetik, lagunen “ustezko errealitatea” (zenbat momentu eder eta pozgarri!). Baliteke kalte egitea, depresio eta etsipen bidean jartzea.