Arretaz entzuten dut

1. Elkar entzun dezagun

Helburuak:

  • Besteak errespetatu eta baloratzea. 
  • Entzuten ari garela azaltzearen garrantzia ulertzea. 

Denbora:  

  • Saio bat. 

Garapena: 

Ariketa honetan entzute aktiborako beharrezkoak diren zenbait atal landuko dira. Komunikazio osasuntsua eta aberatsa lortzeko beharrezkoa da entzuten jakitea, besteek esaten dutenari arreta jartzen jakitea. Entzute aktiboan, aktibitate organikoaz gain, emozioek ere hartzen dute parte.  

Ariketa hasi aurretik gaia azalduko du irakasleak, hau da, komunikazio egokia lortzeko besteari adi egoteak duen garrantzia. Ondoren, besteari entzuteko zein jarrera har dezakegun galde diezaieke ikasleei, eta beren proposamenak komentatu. Haiei otutzen ez bazaizkie, guk aipa ditzakegu zenbait puntu: 

  • Hitz egiten ari denari begiratu. 
  • Gure gorputz-jarrera kontuan hartu. 
  • Noizean behin, buruarekin baietz esan. 
  • Interesa adierazi, baina betiere hitz egiten ari den laguna moztu gabe. 
  • Galderaren bat egin nahi badugu, gaiarekin zerikusia beharko du izan, eta ahal izanez gero, hitz egiten ari denak amaitu duenean egingo dugu. 
  • ...  

Hau guztia azaldu ondoren, ikasleak binaka jarriko dira eta batak besteari oso gustuko duen filma, liburu edo istorioren bat kontatzeko eskatuko zaie. Batek amaitzen duenean, bestearen txanda izango da. Ariketa amaitzerakoan, guztion artean nola sentitu diren komentatuko dute. 

OHARRA: Ikasleek gustuko duten gaia, filma edo liburua aldez aurretik pentsatuta izatea komenigarria da. Bestalde, ariketa hau ingeleseko, gaztelaniazko edo euskarako eskolan lantzea interesgarria izango litzateke. 

2. Hitzik gabe hitz egitea

Helburuak: 

  • Ahozkoa ez den komunikazioaren osagaiak ezagutzea. 
  • Emozioen eta emoziozko ñabardura emozionalen artean bereizten laguntzea. 

Denbora:

  • Saio bat 

Baliabideak: 

Ondorengo koadroan jasota dagoen emozio zerrendatik ikasle bakoitzari zutabe bat emango zaio (ez taula osoa) 

  • A taldea: Estimua, Poza, Asebetetzea, Tristura, Interesa, Axolagabetasuna, Mina, Konfiantza, Interesik eza. 
  • B taldea: Haserrea, Nahigabea, Frustrazioa, Zoriontasuna, Mirespena, Alaitasuna, Beldurra, Gorrotoa, Lotsa. 

Garapena: 

Gelako ikasle bakoitza A edo B zutabean kokatuko da. 

Bi talde egingo dira, bata A-koekin eta bestea B-koekin, eta emozio bakoitzaren esanahiari buruz pentsatzeko eskatuko zaie, ezagutzen ez dituztenei buruz ere bai. Horien gaineko azterketa egiteko eskatuko zaie, hiztegietan begiratuta, liburuetan, erreferentziazko beste pertsona batzuei galdetuta. 

Talde biek emozio bakoitzaren esanahia identifikatu ondoren, binaka jarriko dira. 

Bikotekide bat “A” taldekoa izango da eta bestea “B” taldekoa. 

“A” taldeko bikotekideak dagozkion emozio edo sentimenduak keinu bidez adierazi beharko ditu. Emozio bakoitzaren antzezpenak tartekatu egingo dituzte, lehenengo A-k; B-k asmatzen duenean, B-k antzeztuko du, eta abar.... guztiak egin arte. 

Dena bukatzen denean, sentimendua aditzera emateko egin dituzten keinuak talde handian partekatuko dira jakiteko ea keinu berdinak erabili dituzten eta ea zein emozio edo sentimendu izan diren zailenak antzezten eta identifikatzen: 

Ondoren, egindakoa baloratuko dute guztiak elkarrekin: 

  • Zer ondorio atera daitezke? Emozio eta sentimenduak erraz identifikatzen ditugu? Zergatik? 
  • Zein emozio izan dira identifikatzen zailenak? 
  • Nola sentitzen zen emozio hori antzezten zuen pertsona? 
  • … 

Emozioen taula 

  

A TALDEA 

B TALDEA 

Estimua 

Poza 

Asebetetzea 

Tristura 

Interesa 

Axolagabetasuna 

Mina 

Konfiantza 

Interesik eza 

Haserrea 

Nahigabea 

Frustrazioa 

Zoriontasuna 

Mirespena 

Alaitasuna 

Beldurra 

Gorrotoa 

Lotsa 

 

3. Entzuten dizut

Komunikazio osasuntsua eta aberatsa lortzeko beharrezkoa da entzuten jakitea, besteek esaten dutenari arreta jartzen jakitea. Entzute aktiboan, aktibitate organikoaz gain, emozioek ere hartzen dute parte.

 

Helburuak: 

  • Komunikatu nahi digutena ulertzen jakitea. 
  • Adi egoteko jarrera lantzea. 

Denbora:

  • Saio bat 

Garapena: 

Ikasleak lurrean eseriko dira borobil bat osatuz. Lehenik eta behin, ariketa honetan isilik egotearen garrantzia aipatuko diegu, isilik egoteak adi egotea erraztuko baitigu. 

Ondoren, irakasleak bere ondoan dagoen ikasleari mezu bat emango dio belarrira (gelako atea ireki, mesedez, adibidez) eta honek bere alboan duenari, mezua azken ikaslearengana iritsi arte. Azken ikasle honek, orduan, jaso duen mezua burutu beharko du. Ondo egiten badu, taldeak ariketa ongi egitea lortu du, hau da, adi egotea eta komunikazio egokia lortu dugu. 

Hainbat mezurekin errepikatuko dugu ariketa, mezuak zailtzen saiatuz eta umeak lekuz aldatuz, “azkena” izateko aukera gehiagok izan dezaten. 

Mezu posibleak: 

  • Gelako leihoak ireki, mesedez. 
  • Arbelean lore bat marraztu. 
  • Emaiozu zure ondokoari besarkada bat. 
  • Eser zaitez zure aulkian. 
  • ... 

Mezuak ongi ulertzeko eta komunikazioa lortzeko isilik mantentzearen garrantzia ikus dezaten, ariketa errepika dezakegu baina aldaketa bat eginez: oraingoan, ariketa egin bitartean hitz egin dezaten eta soinua egin dezaten eskatuko diegu. Honenbestez, ariketa nola egin duten errazago frogatuko dute ikasleek. 

Ariketa honetan, garrantzitsuena hausnarketa bultzatzea da. Ikasleak entzuteko trebetasunak duen garrantziaz ohartarazi behar direla hartuko dugu kontuan. 

4. Haserrealdia eta gero?

Norbere eta besteen eskubideak defendatzea baina inori mina eman gabe trebetasun sozial bat da: asertibitatea. Hau egin ahal izateko gai izan behar da norbere iritzia emateko eta era berean besteen iritzia entzun, errespetuz. Hau dena lortzen bada, guztiok zoriontsuagoak izango ginateke, baldin eta besteen tokian jartzeko gai izango bagina, hau da enpatia pixka bat izango bagenu.

 

Helburuak: 

  • Enpatiarako gaitasuna garatzea. 
  • Asertibitatea garatzea.  

Denbora:

  • Saio bat 

Baliabideak

Haserrealdia eta gero bideoa. Bideoa ikusteko estekahttps://labur.eus/VMgVI

Garapena: 

Laburmetraia honetan ikusten dugun egoera asertibitatea eta enpatia kontrakoa da erabat. Ez dago elkarrizketarik, ez dago komunikatzeko asmorik ezta argudiatzeko ere. Bakoitzak berea lortu nahi du eta gatazka izugarria sortzen da. Bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu, inposatu nahi ditu, bestearekin, hitz egin, kontatu gabe. Gatazka horrela konpontzea oso zaila izango da… hitz egiten ez duten bitartean edota bata bestearen tokian ez badira jartzen jakiteko besteak zer nahi duen, zer behar duen, nola sentitzen den… 

Laburmetraia ikusi ondoren horrelako galderak egin ditzakegu: 

  • Zure ustez, zergatik nahi du bakoitzak berea inposatu, bestea errespetatu gabe? 
  • Nola lortu zezaketen lehenago konpontzea? 
  • Nor da burugogorragoa? 
  • Nork erakusten du jokabide asertiboagoa? 
  • Zergatik? 
  • Zerk laguntzen dio jokabidea aldatzen? 
  • Momenturen batean bata bestearen tokian jartzen da? 
  • Noiz? 
  • Horrek laguntzen die gatazka konpontzen?