Irakaslea ez den pertsonala
Inklusioaren bidean eta bizikidetza positiboaren eraikuntzan aurrera pausuak egitea ikastetxeetako hezkuntza-komunitatean diharduten guztien erantzukizuna daIkastetxeetan bada talde bat, Administrazio eta Zerbitzuko Pertsonalgoa (AZP), bereziki zer esan eta zer egin handia duena bizikidetza positiboaren eraikuntzaren inguruan.
Ikasleek jantokian bazkaltzen ematen duten unea eta lekua bera, eta jolastokiko denbora tarteak, harremanak intentsitatez eta askatasunez ezartzeko toki ezin aproposagoak dira. Beraz, hezkuntza espazio eta uneak izanik, bertan gauza daitezkeen esku-hartzeek ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan jasotako printzipio eta erabakiekin bat egin beharko dute.
Gatazkak, espazioen erabilera eta okupazioaren kontua, txarto ulertzeak eta abarrekoen aurrean esku-hartzea sarritan gauzatu beharreko egitekoa izango da. Zoritxarrez, batzuetan, esku-hartzearen arrazoia eskola jazarpenaren zantzuekin lotutako dinamikekin eratorritakoa izango da. Izan ere, espazio eta une horiek dira, nagusiki, ikerketen ondorioetan esklusioa eta eskola jazarpenarekin lotzen diren eszenatokiak.
Funtsezkoa izango da beraz, une eta espazio horietan ari diren pertsona hezitzaileak prestatuta izatea dagokien konpromisotik abiatuta esklusio eta jazarpen egoerak prebenitzeko eta prozedura egokien bidez esku-hartzeko.