Bat eginez dena errazago

1. Gure desirak bidean

Helmuga edo helburuek zoriontasuna lortzeko duten garrantzia ulertu eta kontzienteki ditugun helmugez ohartzeko, garrantzitsua da jarduera honen helburuak kontuan izatea.

HELBURUA

  • Bidegabekerien aurrean, gure helmugak argitzea.
  • Kontziente eta inkontzienteki hartzen ditugun erabakiak partekatzea.
  • Gelako helmugak adostea eta betetzeko konpromisoa izatea.
 

GARAPENA 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

Irakasleak “Valentine´s day” bideoa jarriko du, gela girotzeko.

Ondoren, eranskinean dagoen “Jaiki” bideoa jarriko du eta jarraian datozen galderak botako ditu, talde handian erantzuteko, gehiegi luzatu gabe. 

  • Zer iruditu zaizue gertatutakoa? 
  • Gertatzen dira halakoak gure inguruan? 
  • Zein da gure erantzuna? Zer egin dezakegu hori aldatzeko?
  • Zer bestelako egoera bidegabe gertatzen dira?
  • Zein izaten da gure erantzuna? Zer egin dezakegu hori aldatzeko?

Gero, ikasleek, bakarka, bere inguruan ikusten duten bidegabekeriaren bat deskribatuko dute eta irakasleak jasoko ditu.

Launaka jarriko dira ikasleak. Talde bakoitzak lau paper hartuko ditu ausaz, eta bertan azaltzen diren bidegabekeriak aztertuko dituzte, “Desirak” eranskinak erabiliz.

Talde handian, arbelean ere jaso daitezke egin diren sailkapenak, koadro bera betez. Zeintzuk dira gehien azaltzen diren desirak? Lortu ahal izateko, zer eskatzen digute? Garrantzitsuak al dira guretzat? Nire ahaleginen bidez lortzeko modukoak dira?

Azaldu diren nahi edo desirak helburu bihurtzeko bidea zabalduko dutela adieraziko die irakasleak. Horretarako bete behar dituzten baldintzak argituko ditu.

  1. Zehatzak izan behar dute. Lortu nahi duguna eta epea adierazi beharko da.

  2. Oso garrantzitsuak izan behar dute niretzat, bestela, ez dut helburua lortzeko behar den ahalegina egingo.

  3. Helburuak nire ahaleginen bidez eta ongizatez lortzeko modukoak izan behar dute.

Binaka jarriko dira. Ikasleek lehen bakarka idatzitako desirak berriro formulatuko dituzte, irakasleak emandako azalpenak kontuan izanik, helmuga bihurtzeko Birformulazioa eranskinaren taula erabiliz.

Binaka aztertuko dituzte bakoitzaren helburuak. Aipatu diren baldintzak betetzen dituzten aztertuko dute, eta behar diren zuzenketak egingo dituzte.

Talde handian, bikote bakoitzak Birformulazioa eranskinaren taulan egindakoa azalduko du eta denon ekarpenekin zerrenda bat osatuko dute. Zerrenda horietaz balia daiteke irakaslea, hainbat arau/jarraibide adosteko eta betetzeko konpromisoa jasotzeko.

Talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak, hau da, bidegabekerien aurrean gure helmugak argitzea, kontziente eta inkontzienteki hartzen ditugun erabakiak partekatzea, eta gelako helmugak adostea eta betetzeko konpromisoa hartzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA 

  • Bi saio.

BALIABIDEAK

2. Lagundu besteei gizarte-sareei esker

 

Sare sozialek aukera handia ematen digute harremanak sendotzeko eta zuzenean erabiltzen ez ditugun trebetasunak ere erabiltzeko. Garrantzitsua da horien erabilera zuzena egitea eta harremanetarako lagungarriak diren gaitasunetan trebatzea, esate baterako, taldeko kide izatearen sentimendua, lankidetza, komunikazioa...

 

HELBURUAK

  • Kideen arteko lankidetza sustatzea.
  • Arazoak kudeatzeko trebetasunen esparrua zabaltzea.
  • Ikastetxe osoaren ongizatean parte hartzea.
 

GARAPENA 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

Jarduera honetan, irakasleak Interneteko segurtasunaren eta jazarpenaren inguruko oinarrizko prestakuntza-saio bat emango du. Berak ez badu arlo horretan ezagutza nahikorik, beste irakasle bati eskatu diezaioke laguntza, edo kanpoko eragileren bat ekarri, horren inguruko saio bat egiteko. 

  • Ikasleek BAT Facebook taldea sortuko dute. Aldez aurretik pentsatu beharko da zeintzuk izango diren taldearekin BAT egiteko baldintzak eta talde txikia/irekia/sarbide mugatukoa izango den. Ikasleek taldearen deskribapena, kide izateko arauak eta helburuak prestatuko dituzte. Pertsona bati egokituko zaio taldearen sorrera eta pertsona horrek beste ikasle batzuen laguntza jasoko du talderako edukiak prestatzeko orduan. 
  • Gonbidapenak bidaliko zaizkie kideei. Erabakiko da gelakideak soilik izango diren edo maila bereko beste geletakoak ere izan daitezkeen.
  • Arazoen ikerketaren prestaketa. Ikasleak 3-4 laguneko taldeetan banatuko dira, arazoa eztabaidatu eta garatzeko. Taldeka, ikasleek eskolako egoera arazotsuak eztabaidatuko dituzte eta galdera bat prestatuko dute. Galdera hori Facebookeko taldean argitaratuko dute.

Bitartean: 

  • Facebookeko taldean egoera arazotsuen inguruko galderak argitaratuko dira.
  • Gelako kideekin eta BAT programan parte hartzen ari diren beste geletako ikasleekin  (Facebookeko BAT taldekoak), luzatutako galderetako erantzunak prestatuko dituzte, BAT jardueretan eskuratutako trebetasun eta gaitasunak erabilita. Erantzunak Facebookeko taldean argitaratuko dira.
  • Proposatutako irtenbideen eta horiek praktikara eramateko aukeraren inguruko eztabaida burutuko da.
  • Irakasleek Facebook BAT taldean argitaratutako edukiak koordinatu eta ebaluatuko dituzte, gazteen Interneteko segurtasuna zainduta. Egokia ez den edukirik argitaratuko balitz, irakasleak esku hartuko du, eta egoera ikasleekin batera aztertuko du.
  • Gurasoek gainbegiratu ahalko dute beren seme-alabek Interneten argitaratutako edukia, bereziki, babestutako datu edo irudiak baimenik gabe argitaratu ez dituztela egiaztatzeko.

Horrelako galderak ere erabil daitezke argitaratutako irtenbide edo proposamenak aztertzeko:

  • Zein gaitasun eta trebetasun erabiltzen dira arazorako proposatutako irtenbideetan?
  • Zeintzuk dira gure egoera/gure eskola-kulturara ondoen egokitzen diren irtenbideak?
  • Nola burutu ditzakegu gure eguneroko bizitzan? 

Talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak kideen arteko lankidetza sustatzea,  arazoak kudeatzeko trebetasunen esparrua zabaltzea eta Ikastetxe osoaren ongizatean parte hartzea direla saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

BALIABIDEAK

  • Irakasle bat, ikasleei laguntza eskainiko diena BAT Facebook talde bat sortzeko eta Interneten argitaratzen den edukiaren segurtasunaren ardura izango duena.
  • Ordenagailua Interneterako sarbidearekin.

3. Zorionaren itzulia

Zoriontasuna eta ongizatea denok nahi eta behar dugun zerbait da. Baina, zer da zoriontasuna? Berez datorren zerbait da, ala neurri handi batean guk geuk sortu edota erraztu dezakegun egoera da? Bizitzak momentu errazak, zailak, atseginak, desatseginak, plazerdunak, mingarriak… ditu.

Hori da bizitza. Egoera horien aurrean, sufrimendua ekiditeko eta gertaera desatseginekiko zein atsegineekiko atxikimendua ez garatzeko estrategiak eta jarrerak garatzea da kontua

 

HELBURUAK

  • Ongizatearen trebetasunak eta estrategiak erabiltzea.
  • Elkarrekin ondo pasatzea.
 

GARAPENA 

 Jarduera hau egin baino lehen, komeni da  ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

Jarduera honetan jolas bat erabiliko dugu.

Jolasaren xedea da “Zorionaren espiralaren” erdian dagoen BAT laukira lehenengoa iristea, eta elkarrekin ongi pasatzea. Ikasleak launaka jarriko dira eta “Zorionaren espirala” eranskinean dagoen irudia taula izango da. 

Arauak:

  • Lehenengo jokalariak dadoa botako du. Fitxarekin aurreraka egingo du dadoan ateratako zenbakiaren arabera, eta dagokion koloredun laukian geratuko da. Jarraian, lauki horretan adierazitako ekintza burutu beharko du.
  • Pertsona bakoitzak komodin bat izango du burutu nahi ez duen ekintza bat saihestu ahal izateko.
  • Jokalari batek dadoan 6 ateratzen badu, laukiko ekintza hautatzen duen pertsonarekin partekatu ahalko du. Adibidez, burutu nahi duen ekintza bat partekatzen badu, beste pertsona bati eska diezaioke gauza bera egiteko.
  • Jokalari bat jada beste jokalari bat duen lauki batera iristean, lehenengo jokalariak bigarren jokalariaren dadoa bota aurretiko jatorrizko laukiraino atzera egin beharko du.
  • Partida irabaziko du zehazki azken laukira (BAT laukia) lehenengo iristen den jokalariak. Jokalari batek azken laukira iristeko behar duen zenbakia baino zenbaki handiago bat ateratzen badu, atzeraka mugitu beharko du amaierara iritsi ondoren. Hau da, BATera  iristeko bi lauki falta bazaizkio eta dadoan lau ateratzen badu, bi lauki aurreraka egingo ditu eta, ondoren, beste bi atzeraka.

Hautazkoa:

Irakasleak solasaldiak sustatu ditzake jokoa nola garatu den aztertzeko eta jokoari buruz gustatu zaiena eta gustatu ez zaiena azaleratzeko.

Talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak ongizatearen trebetasunak eta estrategiak erabiltzea eta elkarrekin ondo pasatzea direla, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

BALIABIDEAK