BAT eginez dena errazagoa

1. Makina bat gara

Talde bat pertsona multzo txiki bat da, trebetasun osagarriak dituztenak eta guztien helburua lortzeko konprometituta daudenak; horretarako, helburu jakinak ezartzen dituzte eta emaitzei dagokienez guzti-guztiak dira erantzuleak.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

HELBURUAK

  • Elkarrekin proiektu bat adostea eta egitea.
  • Talde batek ondo funtzionatzeko kide guztien beharra duela esperimentatzea.

GARAPENA

Hasteko, baliabideetan proposatzen den bideoa ikusiko dute taldean. Bideo horretan, aktore talde bat ikusten da. Haien mugimenduak sinkronizatzeko ariketa bat egingo dute ikasleek.

Ikasleak taldeetan banatuko dira (bost-sei ikaslekoak, gehienez) eta 10 minutu izango dituzte makina bat asmatzeko. Makina hori partaide guztien gorputzez osatuko dute. Soinuak erabil daitezke makinen funtzionamendua simulatzeko.
 
Gero taldearen aurrean nola funtzionatzen duten erakutsiko diete besteei. Makina bakoitzak 30 segunduz martxan egon ondoren, mantsoago mugitzeko agindua emango die irakasleak, erabat gelditu arte. Beste taldeek asmatu beharko dute zein makina den.
 

Talde guztiek bukatzen dutenean, galdera batzuei erantzungo diete:

  • Nola sentitu dira?
  • Asko kostatu zaie taldean zer egin adostea?
  • Nola adostu dute zer egin? Nork hartu du erabakia?
  • Baten batek erraztu al du taldearen lana? Zer egin du?
  • Erraza al da taldean lana egitea? Zer hartu behar da kontuan?

Gure artean ondo konpontzen blokea osatzeko, hurrengo saioan * Bizikidetza positiboan laguntzeko batzordea jarduera egingo dute.

DENBORA

Saio bat

BALIABIDEAK

Bideoa: La máquina humana

MAKINA BAT GARA

2. Desberdinak gara*

Ikastetxean elkarbizitza positiboa sustatzeko, ezinbestekoa da aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera hurbiltzea eta haien beharrekin bat egitea.

Zer da aniztasun funtzionala? Garai batean bestelako terminoak erabiltzen ziren, hala nola atzeratua edo minusbaliatua, ofizialki ere erabiltzen zirenak. Egun, ordea, konnotazio negatiborik gabeko terminoen aldeko apustua egiten da. Azken batean, buruan izan behar dugu aniztasun funtzionala bi elementuren interakzioa dela: pertsona eta ingurua.

Gure inguruak ezartzen dizkigun eskakizun, muga edo zailtasunen arabera aniztasun funtzional gehiago edo gutxiago dugun pertsonak gara.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

HELBURUAK

  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen eguneroko bizitzaz hausnartzea eta herritar horien aldarrikapenekin bat egitea.
  • Ikasleen pentsamendu kritikoa sustatzea.

GARAPENA

Hasteko, baliabideetan proposatzen den bideo bat ikusiko dute taldean. Bideoa scene mob bat da, eta baliabideetan erantsi dugun abestiaren letrari erreparatzea eskatuko zaie ikasleei.


Irakasleak bideoaren mezuaz galdetu die ikasleei eta bertan agertzen diren pertsona batzuek esparru batzuetan besteek baino zailtasun gehiago dituztela komentatuko die. Nola deitu pertsona horiei? Dagoeneko ez dira konnotazio negatiboa duten hitzak erabiltzen, hala nola atzeratua, minusbaliatua edo ezgaitua, lehen ofizialki ere erabiltzen zirenak. Gaur egun, aniztasun funtzionala kontzeptua zabaltzen ari da. Azken finean, gure inguruak ezartzen dizkigun eskakizun, muga edo zailtasunen arabera gaitasun gehiago edo gutxiago dugun pertsonak gara denok.


Aniztasun funtzionalari buruz hitz egingo da talde handian, baliabideetan dauden bi eranskinek lagunduta.

Eztabaida gidatzeko galderak:

  • Zer hitz erabiltzen dituzue bideoan agertzen diren pertsonen zailtasunak izendatzeko? Egokiak al dira? Errespetuzkoak?
  • Nolako aniztasun funtzionalak ezagutzen dituzue?
  • Ezagutzen al duzue aniztasun funtzionala duen norbait? Zure ustez, nola lagundu diezaiokezu pertsona horri?
  • Saiatu al zarete inoiz aniztasun funtzionala duen pertsona baten larruan jartzen? Nola uste duzu senti daitekeela?
  • Aniztasun funtzionala duten pertsona batzuek baliabide ekonomiko asko behar izaten dituzte bizimodu autonomoagoa eramateko (etxea egokitu behar dute, automobila, gurpildun aulki garesti bat erosi eta abar). Nola konpon daiteke egoera hori?

Eztabaidatu ondoren, ikasleak bost taldetan banatuko dira. Talde bakoitzak aniztasun funtzional mota bat aztertuko du: fisikoa, zentzumenezkoa, burukoa, adimenarena eta organikoa. Egokitu zaien aniztasun funtzional mota hori duen pertsona baten larruan jarrita, pertsona horiek eguneroko bizitzan topatzen dituzten oztopoak identifikatuko dituzte, baita muga horiek gainditzeko hartu behar diren neurriak proposatu ere. Lan horretarako, baliabideetan dagoen “Oztopoak eta neurriak” eranskina erabiliko dute.


Bukatzean, taldeek haien lanak partekatuko dituzte. Beste taldeen ekarpenak ere jaso daitezke eranskin berean. Lanak gelako horman zintzilikatuko dira.
Gure artean ondo konpontzen blokea osatzeko, hurrengo saioan *Bizikidetza positiboan laguntzeko batzordea jarduera egingo dute.

DENBORA
Saio bat

BALIABIDEAK

 *Gizagune Fundazioa. Unitate Didaktikoa Elkargunea (3. Ziklorako). Moldatua. 

DESBERDINAK GARA

3. Bizikidetza positiboan laguntzeko lagun taldea.

Ikastetxean elkarbizitza lantzen duten egiturak ezinbestekoak dira elkarbizitzaren helburuak lortzeko. Gelako bizikidetza-batzordeak ikasleen partaidetza bilatzen du, eguneko bizitzan elkarbizitza positiboa bermatzeko. Batzordean parte hartzean, ikasleak aukera izango du gatazkak kudeatzeko, adostasunak bilatzeko eta elkarrekiko ardura garatzeko. Batzordeak eraginkortasuna ahalbidetzen du, ikasleen arteko harremanak positiboak izan daitezen.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

 

HELBURUAK

  • Bizikidetza-batzordea sortzea.

  • Taldearen autorregulazioa lortzea.

  • Elkarrekiko ardura garatzea.

  • Gatazkei aurrera hartu eta horiek konpontzea.

GARAPENA

Irakasleak talde handian azalduko du bizikidetza hobetzeko batzorde bat sortu behar dutela gelan: bizikidetza-batzordea. Batzordeak ikasgelak landutako bizikidetzarako jarraibideak izango ditu oinarri eta erreferente, bizikidetzan egunero gertatzen dena aztertzeko.

Bizikidetza-batzordearen zereginak:

  • Jokaera egokiak hauteman eta horiengatik ikasleak zoriontzea.

  • Jokaera desegokiak hauteman eta era positiboan konpon daitezen arduratzea eta jarrera desegokiak birziklatzearen alde egitea.

Batzordea bost ikaslek osatuko dute. Kide horiek astero berrituko dira, denek parte har dezaten.

Asteko egun bakoitzean taldekideetako bat izango da batzordearen arduradun. Aurretik, beraz, egun bakoitzean arduraduna nor izango den zehaztu beharko da.

Gela bakoitzean, batzordeak BAT egunerokoa izango du eta bertan erregistro-orria izango dute, astean zehar izandako gatazkak, konponbideak eta zorion-adierazpenak jasotzeko eta batzordekide izandakoen izenak idazteko.

Horrez gainera, ikasgela osoan eman behar dute horren guztiaren berri. Aste hori igarotakoan, bizikidetza-batzordeak bere jarduerak ebaluatuko ditu, bai eta egokitu zaizkien egoerak ere. Gainerako ikaskideek eta tutoreak ere batzordearen lana ebaluatuko dute.

Gatazka batean nahastuta dauden pertsonek gatazka hori konpontzerik izan ez badute soilik hartuko dute esku batzordekideek. Aurkitutako konponbideak BAT egunerokoan idatziko dira, atal berezi batean, hurrengo batean antzeko egoerarik suertatzen bada lagungarri izan dezaten edo eredutzat hartu ahal izan dezaten. Ikasgela bakoitzaren lana ikastetxeko bizikidetzarako talde dinamizatzaileak eta ikastetxeko bizikidetza-behatokiak aztertuko dute, guztion aberasgarri izan dadin.

Gure artean ondo konpontzen blokea bukatzeko, irakasleak gogoratuko du egindako jarduerek izan dituzten helburuak, hau da, tratu onak zer diren jakitea, horietan trebatzea eta harremanetan horiek aukeratzeko konpromisoa izatea.

Arbelean denon artean esaldi hau osatuko dute:

Irakasleak argazkia aterako dio eta gelako BAT panelean itsatsiko du.

DENBORA

Saio bat

BALIABIDEAK

BIZIKIDETZA POSITIBOAN LAGUNTZEKO LAGUN TALDEA