Besteen lekuan jartzen naiz ni neu izaten

1. Elkartuko gara

Helburuak: 

  • Besteen beharrak ikusten ikastea. 
  • Giza erlazioak sustatzea. 
  • Laguntza eskaintzen eta eskatzen hastea. 

Denbora:

  • Saio bat eta aste bete pasa ondoren beste saio bat. 

Garapena: 

Ariketa honen bidez bi pertsonen arteko elkartzeak bultzatuko ditugu beren giza erlazioak sustatzeko; elkarri esperientziak kontatu, elkarri lagundu, nola sentitzen diren azaldu... Honela, laguntza eskatu eta eskaintzen ikasi eta besteen beharren kontzientzia hartuko dugu. Besteekin ongi erlazionatzen den umeak bere buruarekin ere gustura egoteko aukera izango du. 

Ariketa hau aurkezteko aproposa da besteak laguntzeak dituen abantailez hitz egitea; honekin batera, gauzak elkarrekin edo taldean egitearen abantailez ere hitz egin daiteke. Taldean egin dezakegu, galderen bidez: 

  • Zer da zuentzat laguntzea? 
  • Nola sentitzen gara besteak laguntzean? 
  • Nola sentitzen gara taldean zerbait egiten dugunean? 
  • Edo beste pertsona batekin lanen bat egiten dugunean? 
  • Ezer ikasten al dugu? 
  • Egoera guztietan lagundu behar al dugu?  
  • ... 

Ondoren, elkarri laguntzearen esperientzia praktikan jarriko dugula azalduko diegu ikasleei. Horretarako, binaka elkartuko dira. Gelako bi ikasle aukeratuko ditugu, eta aste horretan, bi horiek izango dira elkartze-planaren protagonistak: batak besteari lagunduko dio, egunero zer moduz dauden galdetuko diote elkarri, gelan erne egoten lagunduko diote elkarri, etxeko lanak zeintzuk diren gogoraraziko diote elkarri, zerbait ulertzen ez dutenean batak besteari azalduko dio, edo bietako batek irakasleari galdetu eta besteari azalduko dio, atseden garaian elkarrekin jolastuko dira... 

Astea bukatzean zer moduz sentitu diren, zerbait ikasi duten, laguntza eskaini dietela sentitu duten, esperientzia atsegina izan den... azalduko diete gelakideei. 

OHARRA: Ariketari etekin handiagoa ateratzearren, bikoteak egiteko garaian tentuz ibili behar dugu. Tutore edo irakasle bakoitzak ezagutzen ditu bere ikasleak inork baino hobeto, eta beraz, komenigarriagoa da bikoteak berak egitea, zozketak edo beste irizpideren bat erabili ordez. Ez da inoiz ikasleen eskuetan bikoteak egitearen ardura utziko. 

2. Nola sentitu da?

Enpatia besteak ulertzeko ahalmena da, besteen beharrak ulertzeko gaitasuna, beraien ikuspuntua, jokaerak eta abar ulertzeko ahalmena. Honek ez du esan nahi enpatia sentitzeko besteek bezala pentsatu behar denik edo besteekin bat egin behar denik.

 

Ariketa honen bidez, egoera desberdinetan dauden pertsonak nola senti daitezkeen ulertzen saiatuko gara. Adin honetan oso zaila izaten da gertuko gauzak ez direnekin enpatizatzea, ezagutzen ez dituzten arazoak ulertzea; beraz, egoerak planteatzeko egokiagoa da beraien eguneroko bizitzan gerta dakizkieken egoerak aipatzea.  

Helburuak: 

  • Beste pertsonekin sintonizatzea. 
  • Besteen sentimenduak ulertzen saiatzea. 
  • Enpatia lantzea. 

Denbora:

  • Saio bat 

Garapena: 

Ikasleak borobilean jarriko dira. Irakasleak egoera bat azalduko die ikasleei. Egoera azaldu ondoren, galdera hau egingo die irakasleak ikasleei: Nola sentituko da zure ustez...?  

Egoera posibleak:  

1.- Malenen gelan binaka jartzeko esan die irakasleak eta Malen bakarrik gelditu da bikoterik gabe. Irakasleak hirunaka ere jar daitezkeela esan die, baina inork ez dio Maleni berarekin jartzeko eskatu. Nola sentituko da, zuen ustez, Malen?  

2.- Nicolai 8 urteko mutikoa da. Ukrainatik etorri da bere gurasoekin gure herrira. Gaur bere lehenengo eguna da ikastetxean. Bere amarekin etorri da ikasgelako ateraino, eta irakaslea agurtu ondoren ama joan egin da. Nicolaik gaur ezagutu du irakaslea, gure hizkuntza entzuten duen lehen aldia da, ikusten duen pertsona oro (neska-mutilak, irakasleak...) berriak dira berarentzat, baita leku guztiak ere. Nola sentituko da zuen ustez Nicolai? 

3.- Gaur Nerearen urtebetetzea da eta, beti egiten dugun bezala, gozokiak ekarri ditu gelakideen artean banatzeko. Jolastokian daudela, Mikelek Gariri esan dio Nereak gozokiak ematen dizkionean zakarretara botako dituela zuzenean, eta biak parrez hasi dira. Nereak guztia entzun du. Nola sentituko da zuen ustez Nerea? 

4.- Xabik 9 urte ditu. Beti izan da etxeko printzea, ez baitu anai-arrebarik, eta ezta lehengusurik ere. Gaur, afaldu ostean, gurasoek berri zoragarri bat dutela esan diote. Berak ordenagailu berria espero du, edo bidaia baterako plana, eta amatxok pozez zoratzen anaia edo arreba txikia izango duela esan dio. Nola sentituko da zuen ustez Xabi? 

5.- Mirenek 8 urte ditu. Bera baino zaharragoa den anaia du eta oso ongi moldatzen da berarekin. Gurasoak asko maite ditu Mirenek, baina gurasoek ez dute elkar ongi ulertzen. Azken hilabeteotan eztabaida gogor asko izan dituzte eta umore txarrez dabiltza, eta azkenean, banatzea erabaki dute. Beraz, Mirenen aitak aiton-amonen etxera joatea erabaki du eta Miren eta bere anaiak amatxorekin jarraituko dute betiko etxean. Amak, aita maiz ikusiko dutela esan die, eta biek asko maite dituztela. Nola sentituko da zuen ustez Miren? 

6.- Kepa eta Markel gela berean daude eta bizilagunak dira. Egun guztia elkarrekin pasatzea dute gustuko; gelan elkarren ondoan esertzea, atseden garaietan gelakideekin batera ibiltzea, etxera elkarrekin joatea, futbolean eta bizikletan ibiltzea, batak bestearen etxean afaltzea eta lo egitea... Markelen aitak lan berri bat lortu du Madrilen eta familia osoa bertara joatea erabaki dute. Nola sentituko da zuen ustez Kepa? 

Komenigarria da egoera bakoitzaren ondoren galdera egiten dugunean ikasleekin eztabaidatzea. Hau da, adierazitako galderaz gain beste hainbat galdera egin daiteke gaian sakontzeko: 

  • Nola sentituko da protagonista? 
  • Zergatik sentituko ote da horrela? 
  • Zer egin dezake? 
  • Sentitu al zarete horrela inoiz? 
  • Zer egingo zenukete egoera horretan? 
  • … 

Ariketa honetan azaltzen diren egoerak errealitatean gertatutako kasuetan oinarritutako adibideak dira; aproposak da, baita ere, ikasleen artean gertatu den hainbat egoera erabiltzea, betiere ikasleen izenak eta egoerak pixka bat aldatuz.  

Egokia izango zen denon artean adostea nola jokatu horrelako egoeren aurrean. 

OHARRA: Hemen agertzen diren egoeretatik pare bat aukera daiteke lan saio batean erabiltzeko eta besteak beste saioetan erabil daitezke, hausnarketa egiteko. 

3. Begirunea

Helburuak: 

  • Guztioi zor zaigula errespetu bera eta arlo horretan ez dela adinaren araberako hierarkiarik egon behar ulertaraztea.  
  • Errespetuz tratatzea beste haurrak. 
  • Norberaren eskubideak inor iraindu gabe defendatzea.  
  • Asertibitatea sustatzea. 

Denbora:

  • Saio bat 

Garapena: 

Irakasleak ondorengo istorioa kontatuko die ikasleei. Gero, bukaeran jasotzen diren galderen gaineko hausnarketa egingo da. Garrantzitsua da hausnarketarako denbora ematea. 

Julen eta David baloiarekin jolasten ari dira haien etxe ondoko zelai txiki batean. Julenek baloiari oso gogor jo eta zelaitik irten da, ondoko kalerantz. Baloiak paseoan zihoan adin ertaineko gizon bati jo dio hankan. Julen baloiaren bila joan denean, gizona oihuka hasi zaio sutan jarrita. 

Julenek barkamena eskatu nahi dio eta ea minik hartu duen edo zerbait behar duen galdetu, baina gizonak ez dio utzi ezta ahoa irekitzen ere. Une horretan, handik hurbil zegoen eta gertatutakoa ikusi duen emakume nagusi bat hurbildu da eta zera esan du: 

- Kokoteraino naukate ume hauek! Gaur egungo haurrek ez dute inolako errespeturik, nahi dutena egiten dute eta, gainera, lotsagabe hutsak dira! Nire garaian ez zitzaigun burutik pasatu ere egiten pertsona nagusi bati txarto erantzun eta kontra egitea. 

Gizonak emakumearekin bat egin eta Juleni oihuka jarraitu du. 

Ondoren elkarrizketa bat egiteko honako galdera hauek egin ditzakegu: 

  • Nola uste duzue sentitu dela Julen? Gertatu zaizue inoiz antzeko zerbait? 
  • Zuen ustez, zer egin behar luke Julenek egoera horretan? Nola erantzun behar luke? 
  • Batzuetan, ankerkeriaz jokatzen dugu itxuraz ahulago direnekin: haurrak, zaharrak… Zuzena dela uste duzue? 
  • Egia da haurrek, duten adinagatik, gutxiago dakitela gai batzuen gainean eta nagusiengandik ikasi beharra daukatela, baina horrek eskubidea ematen dio edozein pertsona helduri adin gabeko bati oihukatu eta aginduak emateko? Nola aholkatu behar luke pertsona nagusi batek? 
  • Istorioko emakume nagusiak dioen bezala, beti ulertu izan da pertsona nagusiei gainerakoei baino errespetu handiagoa zor zaiela. Zure ustez horrela izan behar luke edo guztioi zor zaigu errespetu bera, adina kontuan izan gabe?  

4. Laukitxoen istorioa

Helburuak: 

  • Aniztasunaren inguruan aitorpena eta errespetua garatzea. 
  • Tratu onaren alde egin. 
  • Enpatia. 

Denbora:

  • Saio bat 

Baliabideak: 

  • Ipuina (liburua eros daiteke): 1RUILLIER, J. Por cuatro esquinitas de nada, Editorial Juventud, Bartzelona, 2014. 
  • Bideoa euskaraz ikus daiteke, Laukitxoaren istorioa: https://labur.eus/eTDv8 

Garapena: 

Jarduera hau egin daiteke ipuina irakurtzen edo bideoa ikusten. 

Irakurri edo ikusi baino lehen:

  • Bideoa ikusi baino lehen izen buruari buruz hitz egingo da eta ipuinaren azala erakutsiko: 
  • Izenburu honekin, zertaz uste duzu izango dela ipuin edo bideo hau? 
  • Badakizu zer gauzak dauden eskolan lauki forma dutenak? 
  • Eta, lauki forma ez dutenak? 
  • Eta, ipuin honetan, lauki bati buruz hitz egingo dute? 
  • Eta, borobil bai buruz? 

Irakurri edo ikusi eta gero: 

Irakurri edo ikusten den bitartean gelditu daiteke momentu batzuetan aurrera hartzeko, pentsatzeko ondoren zer gertatuko den eta pentsatzeko ere nola bukatuko den istorioa. 

Ipuinaren bukaeran konprobatuko dute ea beraiek pentsatutako konponbideak gertatu diren edo ez. 

Ondoren galdera hauen bidea elkarrizketa bidera daiteke: 

  • Ipuinaren protagonistak nola du izena? 
  • Eta beste lagunek? 
  • Zer gertatzen zaio Laukitxori? 
  • Nola sentitzen da? Zergatik? 
  • Zer egiten du etxean sartu ahal izateko? Zergatik? 
  • Lortzen du etxean sartzea? 
  • Zer egiten dute bere lagunek? 
  • Zuri gertatu al zaizu horrelako zerbait noizbait? Gustatuko al litzaizuke laguntza izatea? 
  • Zuk zure lagunei laguntza ematen diezu behar dutenean?  
  • Laukitxoren lagunak, lagun onak izan al ziren? Zergatik?