Besteen lekuan jartzen naiz neu izaten

1. Hitzik gabeko jokabideak

Gure ondoan dauden pertsonak batzuetan egoera zailean daude, baina ez dakigu nola lagundu. Laguntza emateko, aldez aurretik errezpetuz entzun eta tratatu behar ditugu, eta, era berean, enpatia garatu eta sustatu egin behar dugu; zer gertatzen zaien hobeto ulertzeko, haien "zapatetan" sartu behar dugu.

 

Gertakari hau kontatuko zaie ikasleei:

Zure lagun onenaren gurasoak banandu egin dira, eta oso triste eta haserre dago; pentsatzen du errua berea dela eta, horregatik, egoera hori konpontzeko zerbait egin behar duela, baina ez du inork jakitea nahi. Ez daki zer egin, eta esaten zaion edozerekin haserre eta oso harrotuta jartzen da.

Zu konturatu zara bera oso gaizki dagoela. Eta bion amak lagunak dira aspaldian, eta etxean entzun diezu gurasoei lagunaren gurasoak banantzeko prozesuan daudela. Horregatik jabetu zara zergatik dagoen hain gaizki.

Amak zuri esan dizu ez hartzeko kontuan, bolada txar bat pasatzen ari dela eta lagunak elkarri laguntzeko direla; baina, hain “erretxin” izaten ari denez, gelako beste lagunak nazkatzen ari dira.

 

Lauko taldeetan landuko dute:

  • Pentsatu nola sentitzen ari den.
  • Lagunari zer esan.
  • Gelako gainerako lagunei zer esan.
  • Nola adierazi hobeto horrelako gauzak.

Bukaeran, egindakoa baloratuko da.

  • Asko kostatu zaie laguna nola sentitzen den identifikatzea?
  • Asko kostatu zaie zer esango dioten adostea? Zergatik?
  • Asko kostatu zaie gelan zer esan behar den adostea? Zergatik?
  • Gai hauen inguruan hitz egin behar da? Komenigarria da? Zergatik?
  • Lagunarentzat probetxuzkoa izango da egingo duguna? Zergatik?

HITZIK GABEKO

2. Esaldi maltzurrak

Pertsonen arteko komunikazioan eman eta jasotzen ditugun mezuak elementu oso garrantzitsuak dira. Kontziente izan behar dugu mezu horiek nola formulatzen ditugun, eta batez ere jakin behar dugu ez ditugula pertsonak kalifikatu behar; askoz jota, haien portaera edo jokabideei buruz arituko gara.

 

Irakasleak azalduko du zer diren “zu” eta “ni” mezuak.

“Zu” mezuek jendearen jarreren edo euren iritzien gaineko atribuzioak egiten dituzte. Eta normalean aginduen bidez adierazten dira. Mezu horien bidez, gelakideak ebaluatuak senti daitezke edota kontrolatuak, errudunak eta injustizia baten menpe.

“Zu” mezuak dira, adibidez:

1. “Ahobero hutsa zara! Eta ezin dut zurekin lana egin!”

2. “Oso traketsa zara! Nire gauzak puskatzen dituzu, ez dizut ezer gehiago utziko!”

3. “Harroputza zara! Ez dizut sinesten!!!”

“Ni” mezuek parean dagoen pertsonarekin errespetuz komunikatzea eskatzen dute; komunikazioa inongo gaitzespenik gabekoa da.

“Ni” mezuak egiteko, hiru pauso eman behar dira:

1. Gogaikarria zaizun egoera edo jokabidea deskribatu, epaitu gabe. Adibidez: “Oso altu hitz egiten ari zara eta ezin dut entzun besteek esaten dutena. Gaizki sentitzen naiz ezin dudalako lana egin.”

2. Jokabide horrek zuregan dituen ondorioak deskribatu: “Ezin dut entzun.”

3. Zer sentitzen duzun adierazi: “Gaizki sentitzen naiz ezin dudalako lan egin.”

Dinamika honen helburua da komunikazio egoki baten mekanismoa ulertzea: ondo adierazi behar ditu gure sentimendu eta emozioak, baina beti errespetu osoz.

“Ni” mezuak erabiliz, portaera asertiboa adieraziz, beste pertsonari ikusaraziko diogu berak egin duenetik zerk eragin digun guri tristura edo egoneza. Era berean, ez dugu inoiz beste pertsona kalifikatuko, baizik eta haren jokabidea aztertuko.

“Zu” mezuek, berriz, ez dute harremana errazten, pertsonak kalifikatzen direlako.

“Ni” mezuak erabiltzeko, hau proposatuko du irakasleak:

Lehenengo une batean bikoteka jarriko dira eta “ni” mezuak esaten hasiko dira entsegu moduan. Egoera hauek proposatuko zaizkie:

  • Lagun batek eskatu dizu berarekin joateko bideo-joko bat erostera, baina nahiago duzu etxean gelditu.
  • Zure lagunak beti hitz egiten du dena jakingo balu bezala, eta beti arrazoia izan nahi du.
  • Eskolatik ateratzean Nagore agurtu zenuen, baina bera haserre zegoen eta ez zizun kasurik egin. Zuk ez zenekin zergatik zegoen haserre.

Ondoren, esaldi-zerrenda bat aurkeztuko zaie: esaldi maltzurrak.

Proposatuko zaie beste esaldi batzuk asmatzea. Ondoren, hausnarketa egingo dute ea “zu” mezuak edo “ni” mezuak diren.

Esaldi maltzurrak:

  • “Zurekin ezin da hitz egin”.
  • “Ez nauzu lana egiten uzten”.
  • “Denbora guztian gauza bera esaten ari zara.”
  • “Harroputza zara!!!”.
  • "Gaizki sentitzen naiz horrelakoak esaten dituzunean”.
  • “Horri buruz ez dakizu ezer ez”.
  • “Erotuta zaude! Zuk egin nahi baduzu!!!”.
  • “Nik ezin dut hori egin”.
  • “Ez ibili lagun horrekin, lotsagabea da eta!”.

...

Aztertuko dute nola joan den eta zer emaitza eman dituen; ea egokiak diren eta nola sentitu diren. Halaber, proposatuko zaie hurrengo egunetan beren eguneroko harremanetan nolako mezuak erabiltzen dituzten erreparatzea.

ESALDI MALTZURRAK-ERANSKINA.DOC

ESALDI MALTZURRAK

3. Korapiloa

Dinamika honen helburua da autoestimua hobetzea eta horrekin batera asertibitatea handitzea. Dinamika hau armiarma-sarearen bertsio bat da.

Helburua da norberak esatea, modu publikoan, zer den ondo egiten dakiena. Hori gutxitan adierazten dugu.

Artile-mataza luzea beharko da (kontuan izan zenbat partaide dauden). Biribilean jarriko dira eta kide bakoitzak ozen esan beharko du zertan den ona, oso ona. Hau esan eta gero, beste pertsona bati botako zaio mataza (artilea eutsi esku batekin eta beste eskuarekin mataza bota), berak gauza bera egin beharko du eta horrela kide guztiek egin arte. Batzuetan errepikatzen dute aurrekoek esan dutena. Hori saihesteko, baldintza hau jar daiteke (aukeran): ezin da besteek esaten dutena errepikatu.

Hori da normalean egiten ez den zerbait. Gehienetan besteek esaten digute zer egiten dugun ondo; beraz, hasi baino lehen, tarte bat utziko zaie pentsatzeko zertan diren onak.

Bukaeran, egindakoa baloratuko dugu:

  • Nola sentitu naiz?
  • Kostatu zait erabakitzea zertan naizen ona?
  • Lagundu dit besteek esan dutenak? Kopiatu egin diet? Zergatik?

Ondoren, eraiki dena aztertuko da: armiarma-sarea.

  • Sendoa izan da? Mantendu da?
  • Sare bat da, zer da sare baten partaide izatea?
  • Eragina du pertsonengan? Nolakoa?
  • Batek askatzen badu? edo gehiegi tiratzen badu? Zer gertatzen da?
  • Eta gure artean? Zer gertatzen da?
  • Adibideak bilatu gure arteko harremanetan, gelan, eskolan...

KORAPILOA

4. Taldearen presioaren aurrean: esetz esaten badakit

Ia denok jasan dugu kideen edo taldearen presioa. Taldearen presioa gertatzen da zure ikaskideak edo zure adineko beste pertsona batzuk zuk zerbait egin dezazun saiatzen direnean. Oso erraza da presioari men egitea, guztiok bilatzen baitugu taldera egokitzea eta maitatuak izatea, batez ere, guztiek egiten dutela dirudienean. Beste batzuetan, jendeak presio kolektiboari ez dio aurre egiten bateren bati minik ez emateko, edo  egoera horretatik nola atera jakin ez eta aukera bakarra “bai” esatea delako.

 

Irakasleak honako hauek izan behar ditu kontuan:

Nola egiten diote aurre presio horri?

  • Balioak eta sinesmenak ulertuz.
  • Autokonfiantzaz.
  • Lagunak zuhurki aukeratuz.
  • Heldu bati hitz eginez.
  • Aitzakia gutxiago bilatuz: “Esan nola sentitzen zaren”.
  • Nola egiten dute presioa?
  • Irain eginez: gauza bat ez egiteagatik pertsona hori gaizki sentiaraziz eta, horren ondorioz, hori egitera behartuta sentituz.
  • Arrazoituz: pertsona batek zergatik egin behar duen hori arrazoituko dute.
  • Ezeztatuz: harremana edo adiskidetasuna amaitzea mehatxatuz.
  • Hitzik gabeko presioa eginez: ikaskideek zerbait egiten edo zerbait jantzita ikusten dutenean, nahikoa da jakiteko horixe egin/jantzi behar dutela.

Baina... presio positiboa ere badago!

  • Ez edateko / ez erretzeko / drogarik ez hartzeko presioa.
  • Jator eta besteei laguntzeko presioa.
  • Kirola egiteko presioa.
  • ...

Rol-joko honen bidez taldeak neska edo mutil batzuengan egiten duen presioa landu nahi da. Ikasle askok presio handia jasotzen dute talde bateko partaide izan nahi dutelako eta horretarako edozein gauza egiteko prest daude, edo, beste moduan esanda, talde horretatik baztertuak ez izateko edozein gauza egiteko prest daude.

Aurreikusten da bi lan-saio beharko direla.

1. saioa

Irakasleak gelan azalduko du zein den gaia eta eskatuko diegu ikasleei adierazteko nolako egoerak gerta daitezkeen eskolako eremuetan: gelan, jolastokian, jangelan, komunetan... nahiz eta haiei ez gertatu.

Hona hemen azaldu daitezkeen egoera batzuk:

  • Gelakide bati otartekoa kentzea.
  • Norbaitekin sartzea dutxetan edota komunetan.
  • Materiala (motxila, estutxea, ...) kentzea edota puskatzea...
  • Norbaiti dirua eskatzea.
  • Esatea norbait gurekin ez dela etorriko, jolastuko, egongo...
  • Norbaiti esatea ez egoteko beste norbaitekin, joateko, eta kasurik ez egiteko.
  • Norbait iraintzea edo hitz itsusiak esatea.
  • ...

Hoberena da zerrenda osatzea ikasleek esaten dutenarekin. Baina haiek ez badute ezer esaten edo gauza gutxi azaltzen badute, guk aukera batzuk proposa ditzakegu.

Azalduko dituztenen artean 4 egoera aukeratuko dira ikasleekin batera (esanguratsuagoak direlako gure gelako ikasleentzat). Egoera bakoitza papertxo batean idatziko dute. Gelako ikasleak lau talde heterogeneotan banatuko dira. Talde bakoitzari papertxo bat emango zaie eta 15 minutu izango dituzte pentsatzeko bertan azaltzen den egoera nola antzeztuko duten. Adostutakoa idatziko dute; saioaren bukaeran talde bakoitzak egindakoa jasoko da.

2. saioa

Lanean hasiko dira aurreko saioan utzitako unean, hau da, taldetan jarriko dira berriro eta idatzitakoa banatuko diegu. Rolak banatu beharko dituzte; hau da, erabaki beharko dute nor izango den presioa egiten duen pertsona eta nor presionatua. Taldeko beste guztiak bataren edo bestearen aldean jarriko dira.

Utziko zaie beren kabuz antolatzen, baina prozesua zainduko da dena ondo ateratzeko eta denbora guztian lasaitasunez eta errespetuz jokatzen dutela ziurtatzeko.

Talde bakoitzak antzezpena egingo du eta beste taldekideek arretaz eta errespetuz ikusi eta entzungo dute.

Ondoren, balorazioa egingo dugu galdera batzuen bidez:

  • Antzeztu duten pertsonak nola sentitu zarete/dira?
  • Benetan islatu da errealitatean gertatzen dena?
  • Ezagutzen duzue horrelako egoerarik
  • ...

Gerta daiteke norbaitek aipatzea gertatzen ari diren benetako egoerak. Horrela bada, irakasleak baloratu beharko du ikasle horrekin hitz egitea eta eragitea.

Komeni da ondorio batzuk ateratzea bai presionatuak daudenen kasuan, bai eta presionatzen dutenen kasuan ere. Eta saiatuko dira adosten zer-nolako erantzuna eman horrelakorik gertatuko balitz:

  • Zer eta nola erantzun (ezetz esan modu asertiboan eta ez modu biolentoan).
  • Nori eskatu laguntza (irakaslearengana joan, lagun batengana, familiarengana...)
  • Nola egin (konfidentzialtasuna...)
  • ...

Adostutako guztia idatziz jasoko da eta gelan jarriko da, beste irakasleekin eta familiekin partekatzeko. Azaltzen den irudiaren antzeko horma-irudi bat egin daiteke adostasunak irudikatzeko.

TALDEAREN PRESIOAREN AURREAN

5. French Roast

Bideo labur honetan pertsonaia bereziak azaltzen dira eta haien izaerek hausnartzeko aukera ematen dute.

French roach bideoa deskargatzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=wXW2b2ExLls

OHARRA: bideoa ikustean, batzuetan gelditu edo atzera egin beharko da ikasleek ondo uler dezaten bideoan adierazten dena.

Oso interesgarria da aztertzea pertsonaien jokabidea eta egiten dutenaren ondorioak.

  • Kafea hartzen ari den gizonak zergatik ez du esaten ez duela aurkitzen dirua?
  • Amona? Nola eraman daiteke hainbeste diru?
  • Eskalea? Zergatik ordaintzen dio kafea gizonari? Aurrez ez da berarekin ondo portatu.

Ahal bada, ondorioak aterako dira: eskalea gizonaren zapatetan jarri da, berak sentitu duena sentitu du eta, diru gutxi izan arren, ordaindu dizkio zorrak.

Gizona harrituta gelditu da. Zergatik? Berari ez zitzaion bururatuko...

FRENCH ROAST

6. Arrain alaia

Bideo honetan protagonistak amets egiten du eta horrek eramaten du erabaki bat hartzera...

Arrain alaia bideoa deskargatzeko helbidea:

https://www.youtube.com/watch?v=WSs1W7mP29M&list=PL1phqFw2kwp-K6bMqN9XLxREoCs-4pAGC

OHARRA: bideoa ikustean, batzuetan gelditu edo atzera egin beharko da ikasleek ondo uler dezaten bideoan adierazten dena.

Hainbat alderdi aztertuko dira:

  • Bideoa ikusten ari zinen bitartean, konturatu zara ametsetan zegoela gizona?
  • Gizonak erabaki bat hartzen du. Zergatik?
  • Nola zegoen lehen arraina? Eta orain?
  • Nola konturatu da gizona?
  • Zuk zer egingo zenuke? Zergatik?

ARRAIN ALAIA