Ekimenaren hamar gako-hitz
Bizikasik oinarrizko hamar ideia ditu, eta horien garapenak zehaztuko du ekimenaren ezarpen-maila Euskal Hezkuntza Sisteman.
1. Hezkuntza-eragileen prestakuntza.
2. Hezkuntza-komunitate osoan hizkera eta ikuspegi berbera.
Hezkuntza-eragileak ezagutza eta hizkera bateratua izatea elkarbizitza positiboari eta eskola-jazarpenaren kontzeptualizazioari buruz. Ikuspegi berbera izango dute jazarpen-kasuak konpontzeko beharrezkoak diren berreskuratze-prozesuetan.
3. Eskola, inguru segurua.
Ikasleen ongizate sozioemozionala da helburu nagusia, horregatik, ikaslea da hezkuntza-sistemako zerbitzu guztien xedea. Guztion artean elkarbizitza positiboan eta tratu onean oinarritutako eskola-ingurua eraikitzearen aldeko apustua sendoa egiten da.
4. Paradigma hezitzaile eta berreskuratzailea jazarpen-kasuen ebazpenean.
Jazarpen-kasuen ebazpenaren inguruan, Bizikasi ekimenak abiapuntutzat hartzen du egindako kaltea konpontzeko soluzioak lortu nahi dituen paradigma birsortzailea. Horretarako, erantzukizun partekatutik datozen hezkuntza-neurriak ezartzen zaizkie guztiei.
5. Ikuspegi sistemiko-ekologikoa.
Jazarpen-kasuen ebazpen-prozesuetako esku-hartzea ikuspegi sistemiko-ekologikoan oinarrituz burutzen da. Testuinguruaren araberako esparru interaktiboan, hezkuntza-komunitateko eragileen erantzukidetasunaren eta baterako jarduketa koordinatuaren bidez, soluzio berreskuratzaileei bide ematera zuzentzen diren dinamikak garatzen dira, kaltetutako harremanak konpondu eta elkarbizitza positiboa berreskura dezaten.
6. Egituren sorrera ikastetxean.
Bizikasik ikastetxea ahalduntzen du BAT taldea sortuz. BAT taldea Elkarbizitza Behatokian txertatuz jazarpen-kasuen ebazpenak gidatu eta elkarbizitza positiboa eraikitzeko proposamenak egiterakoan aitzindaria izango den erreferentzia eratzen da.
7.Lan koordinatua Hezkuntzako Ikuskaritza eta Berritzeguneko Aholkularitzaren artean.
Koordinazioa Hezkuntzako Ikuskaritza eta Berritzeguneko Aholkularitzaren artean, bai hezkuntza-komunitatearen prestakuntza-prozesuetan, bai Bizikasi ekimenari lotutako egituren bermatzeari buruzko jarraipenean eta jazarpen-kasuak ebazteko egiturek burututako esku-hartzean.
8.Ikasleen prestakuntza eta ahalduntzea.
Berariaz ikasgelan modu sistematikoan lantzeko diseinatutako materialen bidez, ikasleak ahaldundu egiten dira banaka, zein ikaskide-talde gisa, konpromisoak har ditzaten, bai pertsonalak eta baita kolektiboak ere, eskola-jazarpenari lotutako jarrerak desagerrarazteko eta elkarbizitza berreskuratzeko beharrezkoak diren prozesuetan.
9. Familien eta beste hezkuntza-eragile batzuen parte-hartzea eta inplikazioa.
Familiei dagokienez, ikastetxeko Elkarbizitzarako Behatokiaren bidez partaidetza demokratikoa eta erantzukizun partekatua sustatzen dira elkarbizitzaren kudeaketaren inguruan. Hala, alde batetik, ikastetxeak prestakuntza eskaintzen die familiei elkarbizitzaren eremuan, eta beste alde batetik, laguntza eta aholkularitza espezifikoa ematen die jazarpen-egoeretan dauden familiei, elkarlanean oinarritutako hezkuntza arloko esku-hartzearen bidez.
10. Ezarpen-prozesua ebaluatzea
Hiru ebaluazio-mailetan (ikastetxeak, Ikuskaritza eta Berritzeguneak, Bizikasi ekimena), barne eta kanpoko ebaluazioa burutzeko elkarlaneko prozesuak diseinatu eta abiarazten dira, hobekuntzak nabarmentzen dira eta aurrera egiteko inplementatuko direnak zeintzuk diren erabakitzen da.