Elkarbizitza positiboa eta eskola
Elkarbizitzaz hitz egiten dugunean, gizakiaren funtsezko alderdietako batez ari gara; alde batetik, norberarengan bere burua ezagutzeko eta norberarekin harremana izateko gaitasuna garatzea dakar, eta bestetik, besteak eta ingurunea ezagutu eta horiekin harreman positiboak izatekoa.
Elkarbizitza hainbat kontzepturekin eta ideiarekin lotzen da. Horien artean hauek dira nabarmenenak: beste pertsona batzuekin batera bizitzeko gaitasuna, kultura bat baino gehiagoren arteko elkarbizitza baketsua, garapen emozionala eta bizitzako bizipenak partekatzeko beharrezkoak diren trebetasun sozialak eta balio moralak lortzea, pertsona guztien duintasunaren, ekitatearen, inklusioaren eta elkarrenganako errespetuaren defentsan oinarrituz.
Jatorri eta bizi-egoera, kultura-oinarri eta genero askotariko pertsonak batera existitzeaz hitz egiten ari garenean, ez gara ari soilik ezaugarri edo identitate desberdinak dituzten pertsonak bakean batera izateaz. Gure abiapuntua da edozein kolektiboren egoera naturala dela, hain zuzen, dibertsitatea egotea zenbait kontu direla medio: gaitasunak, hizkuntzak eta kulturak, generoak, orientabide sexuala, baliabide sozialak, baliabide ekonomikoak eta abar.
Ondorioz, prestakuntza behar da bestearen ikuspegia ulertzeko, aintzat hartu eta errespetatu behar dela jakiteko, norbere buruarenganako errespetua eskatzeko eta autoestimu-maila nahikoa lortzeko, baita giza izaerako eguneroko gertakariekiko elkartasunez, tolerantziaz eta ulermenez jarduteko ere (Del Rey, Ortega, Feria 2009).
Azken batean, Uruñuelak dioen bezala, une honetan eskola da ume guztiak hartzen dituen erakunde bakarra. Bertan egoten dira, ez bakarrik derrigorrezko hezkuntzak iraun bitartean, baizik baita haur-hezkuntzako eta derrigorrezko hezkuntzaren ondoko urteetan ere maiz. Beste erakunde batek ere ez du hain aukera handi eta sakonik ematen elkarbizitza positiboa eraikitzeko eta ikasleak besteekin batera pertsona gisa hezteko.
Ikuskera hori kontuan hartuta, bi alderdi garrantzitsu nabarmendu ditzakegu. Batetik, elkarbizitza positiboaren eraikuntzaren ideiaren ulermena. Elkarbizitzaren lanketa norbere baitan zein taldean oinarritzen bada, eskolaren funtzionamendua hobetu eta erakunde bizidun bihur daiteke. Hain zuzen, komunitate eta nortasun kolektiborako sena duen erakunde, komunikazioarekin eta elkarrizketarekin lotutako balioekin, eta mundura, pertsona berriengana eta ideia berrietara jalgitzeko bidea emango du (Uruñuela, P.M. 2016).
Bestetik, nabarmendu beharra dago, beste pertsona batzuekin harremana izatea funtsezko osagaia dela garapen pertsonaleko prozesuan. Norbera izango den subjektua besteekiko erlazioan eta korrelazioan eraikitzen da, elkarren artean komunikatuz, elkarri eraginez. Familian, lagunartean, lantokian eta, noski, eskolan eraikitzen dugu geure nortasuna. Horrela bada, eskolaren betekizun garrantzitsuenetariko bat, ikasleak hazi eta heltzeko prozesuan laguntzea izango da.
Pertsona desberdinen arteko harremanaren ideia azpimarratu beharko litzateke, horrenbestez. Historia erakutsi digunez, desberdinak direnen arteko ezagutza-trukeari eta pertsona eta jendarte desberdinen arteko elkarrekintzari esker egin du aurrera humanitateak. Horregatik, eskolak “berdinen eta desberdinen” arteko errespetua eta aitorpena ez ezik, jarrera enpatikoa ere sustatu behar du, bai eta besteen sentimenduekiko, ezagutzekiko eta iritziekiko interesa ere. Horrez gain, elkarrekiko harremanak garatzeko testuinguruak proposatu behar ditu. Izan ere, elkar ezagutuz eta mundua “begiratzeko” modu desberdinak erkatuz gero, errealitatearen azterketa sakonagoa egiten dute ikasleek, eta bultzada garrantzitsua ematen diete beren ikaskuntzei.
Egun, elkarbizitza ez da ingurune fisikoan bakarrik garatzen. Komunikazioaren eta informazioaren teknologietan izandako aurrerapenek eta Interneten erabilera orokortuak hainbat aukera eskaintzen dituzte pertsonen arteko erlazioak sortzerakoan. Sarritan, horrek erabat aldatu ditu elkarbizitza-egoerak, komunikazioa ezartzeko moduak eta garatzen den gizarte-testuinguruak.
Errealitate horrek elkarbizitza eraldatu du eta ezaugarri eta berezitasun berriak eman dizkio, eta, horregatik, dagoeneko ziberelkarbizitzaz hitz egin dezakegu. Halaber, komunikazioa trukatzeko aukeren hazkundeak eragin argia du harreman-prozesuan gertatzen diren jarreretan eta jokabideetan, eta dimentsio berri bat ematen dio, termino honetan isla daitekeena: ziberjokabidea. (Ortega, Del Rey eta Casas 2015).