Denok BAT

Ruleta emozionala
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUAK
- Oinarrizko emozioak identifikatzea eta horiek kudeatzen ikastea.
- Emozioak adierazteko eta gatazkak konpontzeko komunikazio-trebetasunak garatzea.
- Norberaren eta besteen sentimenduak ezagutzea eta balioestea.
GARAPENA
Irakasleak oinarrizko emozioen aurretiazko birpasa egingo du jolasarekin hasi aurretik. Jolasarekin hasteko, lehenengo diapositibako STOP botoia sakatu beharko dugu (itxaron ruletak bira oso bat eman arte), eta klikatu berriro STOP. Geziaren parean emozio bat agertuko da, horren gainean sakatuta, emoziora eramango gaitu. Bertan adibide orokor batzuk agertuko dira, haien gainean klikatuta lauki barrura mugituko dira. Helburua da umeek emozio horrekin lotuta dauden gertakariak gogoratzea eta besteekin elkarbanatzea, bertan agertzen diren adibideak aitzakia bezala erabiliz.
IRAUPENA
Saio bat.
**Gelako programazioan zehar jolas honetarako denbora eskaintzea gomendatzen da.
BALIABIDEAK
- EMOZIOEN RULETA – power pointa (deskargatu ahal da).
BIBLIOGRAFIA
- Mi Escuelita de Apoyo. (2021, septiembre). Ruleta de las emociones intensamente. Hemen berreskuratuta:https://www.miescuelitadeapoyo.com/2021/09/Ruleta-de-las-emociones-intensamente.html
Estatuak gara
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Besteen emozioak identifikatzea gorputz adierazpenaren bitartez
- Taldean aktiboki parte hartzea
GARAPENA
Ikasleak modu askean mugituko dira gelatik musika entzuten duten bitartean: oinez, dantzan, korrika, etab.
Musika entzuteari uzten zaionean, ikasleak estatua bat bezala geratu beharko dira, esaten zaien emozioa adieraziz: Irakasleak “1,2,3 triste; edo 1,2,3 haserre; 1,2,3 pozik”; eta abar esango du.
Desizoztuko dira estatua guztiak, bat izan ezik, eta emozio hori adierazten duten gorputzaren eta aurpegiaren ezaugarriak aztertuko ditugu.
Zer moduz gorputza? Eta aurpegia? Zer uste duzue gertatu zaiola?
Aldaera: Lehen hezkuntzako bigarren mailan, izoztuta gelditzen den ikasle horri argazki bat aterako dio irakasleak edo beste ikaskide batek, eta ondoren, gelako bilduma sortuko da ikasleen argazki desberdinekin. Deskribapena gehitu zaio eta egoera zein adibide desberdinekin lotuko dira landutako emozioak.
IRAUPENA
15-20 minututan egin daitekeen jolasa da.
Zenbat eta emozio gehiago landu, eta horiek erabili, orduan eta konplexuagoa edo luzeagoa izan daiteke talde dinamika eta baita gelako argazki bilduma.
BALIABIDEAK
- Edozein motatako musika
- Espazio irekia
- Taldeko argazki bilduma
Emozioak antzezten
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Gorputzaren hizkuntzaz jabetzea
- Besteen emozioez eta sentimenduez jabetzea
GARAPENA
Egoera hauek edo antzekoak kontutan hartuko ditugu:
- Gurasoekin bidaiatzera zoaz
- Zure familiako norbait oso gaixorik dago.
- Bakarrik geratu zara etxean
- Zure lagun bat dator etxera jolastera gaur arratsaldean
- Betaurreko berriak dituzu eta lehenengo egunean apurtu zaizkizu
- Kide bati ipuin bat utzi diozu eta apurtuta bueltatu dizu
- Gurasoak berandu etorri dira zure bila eskolara
- Bihar zure urtebetetzea da
Aldaera: Taldeko ezaugarriak kontutan hartuta, irakasle bakoitzak taldeari egokitutako egoera errealak planteatuko ditu kutxan sartzeko
Egoerak kartulina ezberdinetan idatzi, moztu eta kaxa batean sartuko ditugu. Ondoren, ikasleak kaxatik kartulina bat aterako du ausaz, eta aurpegia eta gorputza erabiliz, mimika eginez, egoera hori antzeztuko du. Bitartean, beste ikasleek asmatu egin beharko dute antzezten ari den egoera hori. Asmatzen duenak txanda hartu eta hurrengo egoera antzeztuko du. Bukatzeko, borobil batean, egoera ezberdinez hitz egingo dugu. Zer sentitu duten, zer nolako emozioak sortu dizkien eta abar galdetuko diegu.
DENBORA
Egoera kopurua eta ikasle kopuruaren araberakoa, saio bat edo bi saio beharrezkoak izango dira. Antzezpenak banaka zein bikoteka egin daitezke.
BALIABIDEAK
-Papera
-Arkatzak
-Egoerak sartzeko kutxa bat
-Imprimatzeko egoera 1 - inprimatzeko egoera 2
BIBLIOGRAFIA
Garmendia Iturrioz ,I.: Adimen emozionala. Lehen hezkuntza.1.go zikloa, Gipuzkoako Foru Aldundia,Donostia,2008