Diseinua

BAT taldea leloa
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- BAT taldearen berri izatea
- Bizikidetza bultzatzea
GARAPENA
Jazarpena ekiditeko erarik eraginkorrena prebentzioa dela jakinik, ezinbestekoa da ikastetxeen eskuetan jartzea bizikidetza positiboa eraikitzen laguntzen duten egiturak, antolatzeko neurriak, metodologia-hautuak, curriculum-garapenak, estrategiak eta tresnak.
Egiturei dagokienez, kastetxe bakoitzean BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) egitura sortzea ezinbesteko da, talde horrek koordinatu eta gidatuko baitu jazarpen-kasuen prozesu osoa.
Bizikidetzaren aldeko kanpainarekin hasteko lehenengo pausua Leloa sortzea izango da. Horretarako, pentsatu behar dugun lehenengo gauza da zer komunikatu nahi dugun, eta horretarako, zein lelo eta zeintzuk irudi interesgarri erabili ditzakegun.
Hasteko, BAT taldeko ikurra aurkeztuko diegu eta ikurrean dauden letrak emango dizkiegu haiek taldeka margozteko eta guztien artean kartel bat sortzeko. Letrak, Bizikasi webgunean agertzen diren koloreekin margoztu ditzakete edo haiek erabakitako koloreekin.
BAT kartela bukatuta, talde txikietan ikasleak bildu eta leloak asmatzen saiatuko dira. Ondoren, talde handian, egindakoen artean bozketa egingo dugu interesgarriena edo egokiena aukeratu eta aurrerantzean erabiltzeko. Leloarekin horma-irudi bat egingo dugu guztion artean.
Bukatzeko, talde handian erabakiko dugu non jarriko ditugun prestatutako kartela eta leloaren horma-irudia: gelako atean, pasabidean, sarreran, eta abar.
DENBORA
- Saio bat jarduera azaltzeko eta kartela egiteko
- Saio bat leloaren lanketa egiteko
- Saio bat landutakoa hausnartzeko eta nahi dugun tokian kokatzeko
BALIABIDEAK
Eranskina: Letren proposamena: Bizikidetzaren Aldeko Taldea/ Bullyingaren Aurkako Taldea BAT! Pdf formatuan
Postontzia
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Bizikidetza positiboa bultzatzea
- Ikasleek iradokizunak, kezkak, sufrimenduak… ezagutzera emateko aukerak daudela jakitea
GARAPENA
Postontzia komunikazio tresna bat da hezkuntza komunitate osoarentzat, eta ikastetxeko bizikidetzari buruz, ikasleen ongizate emozionalari buruz, gatazkei buruz... informazioa biltzea du helburu nagusi. Informazio hori bildu ondoren, BAT taldeari bidaliko zaio, eta ikerketa protokolo bat aktibatuko da.
Helburu horretaz gain, elkarbizitzarako postontziaren erabilerak ere beste helburu batzuk ditu:
- Ikasleen iradokizunak jasotzea, gure ikastetxea inklusiboa eta atseginagoa izan dadin.
- Postontzia komunikazio-bide gisa erabiltzea, beste bide batzuek funtzionatu ez dutenean edo agortu direnean (tutoretza-lana edo ikasgaietatik bertatik egindako lana).
- Gure ikastetxean egoera zaurgarrian edota sufritzen ari diren ikasleen egoeren berri ematea.
Postontzien planteamendua, beraz, BAT kanpainaren diseinu fasean kokatuko genuke. Postontzi mota desberdinak daude eta erabiltzeko modu desberdinak ere. Erabaki horiek hartzeko, ikastetxe bakoitzean irizpide hauek kontutan hartu beharko dira: ikasle kopurua, bizikidetzan izandako esperientzia, espazio fisikoaren kudeaketa, baliabide pertsonalak, etab
Jarraian, erabil daitezkeen postontzi ereduak aurkeztuko ditugu:
|
Gelako postontzia
Bi lerroko eskolak direnean, gelaka antolatu daiteke postontziaren erabilera.
Aldez aurretik ondo finkatu behar da nork irekiko duen eta zein maiztasunarekin. |
|
Pasabidean kokatzeko postontzia
Zikloka edo talde heterogeneoak dituzten eskoletan, postontzia pasabidean kokatu daiteke eta maila zein gela desberdineko ikasleei aukera eman haien proposamenak eta mezuak bidaltzeko. |
|
Eskolako postontzia
Eskola txikietan erabil daiteke postontzi bakarra, eta eskolako sarreran kokatu.
Besteekin bezala, ondo definituta egon behar da nortzuk irekiko duten eta zein maiztasunarekin, ondoren BAT taldeak bertako informazioa aztertzeko.
|
Ondoren talde handian, postontzia nolako izatea nahi dugun pentsatuko dugu: zein materiala erabili dezakegun postontzia egiteko (gaileta kutxak, zapata kutxak…), zelan apaindu ditzakegun (gometzekin, marrazkiekin, aldizkarietako irudiekin…). Behar dugunarekin zerrenda bat egingo dugu.
Postontzia nola egin jakinda, talde txikietan elkartuko dira eta talde bakoitzak bere postontzia egingo du.
Lortutako postontzi guztiak hartu eta ikastetxean zehar jarriko ditugu: bata gelan, beste bat pasabideren batean, jantokian…
DENBORA
- Saio bat jardueraren azalpena emateko eta postontziaren garrantzia helarazteko.
- Saio bat materiala pentsatzeko eta behar dugun materialaren zerrenda bat egiteko.
- Saio bi edo gehiago postontziak egiteko eta dagokien lekuan jartzeko.
BALIABIDEAK
- Kutxak
- Margoak
- Gometzak…
BIBLIOGRAFIA