Diseinua: jazarpen kontrako kanpainia

  1. Kanpaina diseinatzea

Kanpaina bat antolatzen hasten garenean pentsatu behar dugun lehenengo gauza da zer komunikatu nahi dugun eta, horretarako, leloa eta irudiak dira elementu interesgarrienak.

Pentsatuko dugu, beraz, lelo bat, ondo adieraziko duena zer esan nahi dugun eta, horrekin lotuta, irudi bat edo marrazki bat. Azken hori guk egina edo Internetetik deskargatua izan daiteke.

Alde batetik, sinplea izan behar du, baina baita deigarria eta esanguratsua ere.

Horretarako, lauzpabost kidetako taldeak egingo ditugu eta Folio birakaria (1) egitura erabiliko dugu. Gero, talde bakoitzak proposatutakoa talde handian aztertuko da eta proposamen bat aukeratuko da Talde nominalaren (2) dinamika erabiliz.

OHARRA: hainbat gelatan egiten bada lan hau, proposatzen diren lan guztien artean aukeraketa egiteko dinamika bera erabil daiteke.

FOLIO BIRAKARIA[1]

Irakasleak zeregin bat emango die taldeei (hitz-zerrenda bat; kontakizun bat idaztea; zer dakiten gai jakin bati buruz, aldez aurreko ideiak ezagutze aldera; irakurri berri duten testuaren edo ikasten ari diren gaiaren ideia nagusia laburtzen duen esaldia...), eta taldekideetako bat bere zatia edo ekarpena idazten hasiko da folio birakarian.

Jarraian, erlojuaren orratzen noranzkoari jarraituta, ondoan duen kideari pasatuko dio. Horrek bere zatia idatziko du folioan; hala, bata bestearen segidan, taldeko kide guztiek parte hartu arte.

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Taldeko kide guztiek hasi behar dute txanda noiz edo noiz. Hala, denek eman ahal izango dute iritzia beste inork ezer idatzi aurretik.
  • Idaztea tokatzen zaionak, lehenik eta behin, kideei esango die zer idatziko duen; ikaskideek zuzena edo egokia den erantzungo diote.
  • Batek idazten duen bitartean, taldeko gainerako kideak adi egongo dira ondo egiten duen aztertzeko. Gaizki egiten badu, zuzendu egingo diote, noski. Talde guztia da folio birakarian idatzita dagoenaren erantzule –ez bakoitza bere zatiarena bakarrik–.

[1] Pujolas, P. eta Lago, J. R. (Koord.). IK/KI PROGRAMA («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») TALDEAN IKASTEN IRAKASTEKO Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan.

TALDE NOMINALA

Dinamika hau –Maria Luisa Fabrak (1992) proposatzen duen bezalaxe– oso erabilgarria da ikasleek gai edo arazo jakin bati buruz dituzten ikuspegiei edo ideiei buruz informazioa lortzeko, modu egituratuan gainera; ondorioz, lotsatienen parte-hartzea errazten du eta ausartenen gehiegizko protagonismoa galarazten du. Fabra irakaslearen esanetan, teknika bereziki erabilgarria da ikasgela bateko kideek taldeko arauei, diziplinari, jarduerei eta abarri buruz erabaki adostuak hartu behar dituztenean. Baina, bestalde, erabilgarria izan daiteke, halaber, irakasleak, gaia amaitzean, ikasleek lortutako edo garrantzitsuentzat jotako jakintzak ezagutzeko.

Honela aplikatuko dugu:

Ezer baino lehen, irakasleak edo bideratzaile-lana egiten duenak (ikasle bat izan daiteke) teknika hau aplikatuta lortu nahi den helburua azalduko du, eta zer arazok edo gaik behar duen une horretan arreta guztia.

Bost bat minutuz, gutxi gorabehera, parte-hartzaile bakoitzak, modu indibidualean, jorratuko duten gaiari edo arazoari buruz burura etortzen zaizkion informazioak, proposamenak edo iradokizunak idatziko ditu.

Bideratzaileak idatzi dituzten ideiak banaka ozenki esateko eskatuko dio parte-hartzaile bakoitzari eta arbelean idatziko ditu. Norbaitek parte hartu nahi ez badu, «paso» egin dezake eta norbaitek ideia bat baino gehiago badu bigarrena esateko lehenengo txanda osatu arte itxaron beharko du, betiere lehenengo txanda horretan inork ez badu ideia bera aipatu. Argi dago, hortaz, garrantzitsuena ideiak direla, eta ez nork esan dituen.

Ideia guztiak idatzi direnean, beharrezko txandak osatu ostean, teknika dinamizatzen ari denak guztia argi geratu den galdetuko die denei. Ekarpenen baten inguruan zalantzarik badago, horixe da ideia adierazi duenari beharrezko azalpenak eman ditzan eskatzeko unea. Azalpenak baino ez dira, ez jasotako ideiekiko objekzioak edo kritikak.

Amaieran, ideia guztiak arbelean jasota geratuko dira, ordena alfabetikoari jarraituta: emandako lehenengo ideia A izango da, bigarrena B, hirugarrena C, eta abar.

Hurrengo urratsean, parte-hartzaile bakoitzak azaldutako ideiei ordena hierarkikoa emango die; haren ustez garrantzitsuena denari puntu 1 emango dio, 2 puntu bigarren garrantzitsuenari, 3 hirugarrenari eta, horrela, azaldutako ideia guztiak puntuatu arte (hamabi ideia bazeuden, azkenak 12 puntu izango ditu).

Jarraian, ideia bakoitzaren aldamenean, parte-hartzaile bakoitzak eman dion puntuazioa idatziko da, eta, bukaeran, ideia bakoitzaren puntuak batuko dira. Horrela, gela guztiaren arabera balorazio onena duten ideiak zein diren jakingo da: guztien artean puntuazio txikiena lortu dutenak, alegia.

Azkenik, lortutako emaitzak komentatu, eztabaidatu edo laburtuko dituzte.

Taldea oso handia bada, eta hainbat azpitaldetan banatuta dagoela aintzat hartuta, teknika horren aplikazioa arinago egiteko prozedura bera jarrai dezakegu, baina banakako lana talde-lanarekin ordezkatuta, jorratzen ari diren gaiari edo arazoari buruzko ideiak pentsatzeko eta idazteko orduan, eta puntuatzeko orduan.

JARDUERA