Elkar Laguntzen

1. Ni, belarri prest!

Enpatiak laguntzen digu ulertzen beste batzuek modu jakin batean jarduteko dituzten arrazoiak eta emozioak. Entzute aktiboak pertsonen arteko komunikazioa hobetzen du. Besteak benetan entzuten digula sentitzen dugunean, baloratuak sentitzen gara. Entzuten jakiteak eskuzabala izatea eta bestearengan pentsatzea eskatzen du.
Beharrezkoa da ikasleek komunikazio-estilo horiek bereiztea eta ekar ditzaketen ondorioak ezagutzea, sor daitezkeen gatazkak ulertzeko.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko “Nire gorputzarekin BAT” ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

HELBURUA

  • Enpatia lantzea eta gatazkei aurre egiteko duen garrantzia ulertzea

  • Besteen emozioak eta jokabideak ulertzeko, modu aktiboan entzutea

GARAPENA

Irakasleak azalduko ditu jardueraren helburuak eta erabiliko den metodologia.

Hasteko, baliabideetan proposatzen den bideoa ikusiko dute, entzute aktiboaren garrantziaz jabetzeko.

Bideoa komentatu ondoren, ikasleek entzute aktiboa praktikatuko dute, baina hori egin aurretik, entzute aktiboa zer den ondo ulertu behar dute. Horretarako “Entzute aktiboa” eranskina irakurriko dute taldean. Fitxa horretan agertzen diren estrategiak ondo ulertu dituztela ziurtatuko du irakasleak. Praktika bat egin daiteke taldearen aurrean.

Gero, ikasleak hiruko taldeetan jarriko dira. Talde guztietan “Nahia, Abbas eta Gabriela”ren istorioak banatuko dira. Entzute aktiboaren ezaugarriak ere begi bistan izango dituzte, paperezkoan zein pantailan proiektatuta. Hiru istorioak banatuko dituzte eta, 5 bat edo 10 bat minututan, egokitu zaien pertsonaren egoeran jarri eta pasadizo bat asmatu beharko dute, pertsona horri gertatutako zerbait. 

Entzute aktiboa praktikatzeko, lehen taldekideak berak asmatutako gertaera bat kontatuko dio bigarren taldekideari. Horrek entzute aktiboa praktikatuko du. Hirugarrenak komunikazioa behatuko du, eta oharretan jasoko du zer egin den ondo eta zer ez den ondo egin. Rolak aldatuko dira hirurek, nork bere istorioarekin, hiru gauzak egiteko: hitz egin, entzun eta behatu. 

 

Bukatzen dutenean, hirurek esango dute nola sentitu diren entzutean eta entzunak izatean, eta zer alderdi izan diren onenak eta txarrenak. Batek ideia nagusiak laburbilduko ditu, gero talde handian azaltzeko.  

 

Talde handian elkarrizketa bideratzeko galderak izen bereko eranskinean ikus daitezke. 

 

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela enpatia lantzea, gatazkei aurre egiteko duen garrantzia ulertzea eta entzute aktiboak besteen emozioak eta jokabideak ulertzeko duen garrantziaz jabetzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Zer ikasi duzu?
  • Zailtasunak izan dituzu?
  • Zer hobeto behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

 

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

NI BELARRI PREST

2. Korapiloa askatu!

Talde baten parte garela eta gure ahotsa entzuten dela sentitzen dugunean, boteredunak sentitzen gara. Eta besteek esaten dutena entzuten dugunean, ikasi egiten dugu haiengandik eta sentiarazten diegu kontuan hartzen ditugula. 
Jarrera positiboa, parte-hartzea eta besteekiko errespetua izango dira, besteak beste, gatazkak konpontzeko giltza.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko “Nire gorputzarekin BAT” ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

HELBURUA

  • Ikasgelan lankidetzaren eta konfiantzaren alde egitea

GARAPENA

Dinamika honetan, ikasleek berek sortutako giza korapiloa desegin beharko dute. Korapiloa askatzeko ideiak eman beharko dituzte, eta besteen proposamenak entzun. Lankidetzan aritu beharko dute. Dinamika hau gatazkak konpontzeko eredu bat izango da.

Mahaiak mugituko dituzte eta gela-erdian jarriko dira ikasle guztiak, multzo batean. Taldea handia bada, bi multzo egin daitezke.

Elkarrengandik gertu daudela, begiak itxiko dituzte, besoak altxatuko eta pauso batzuk emango dituzte erdi aldera, besteen eskuekin topatu arte. 

Topatzen dituzten eskuei helduko diete, erdian giza korapilo bat osatu arte. 

Irakasleak begiratuko du ea talde askerik dagoen —ikasle guztiek korapilo bereko parte izan behar dutelako—, eta behar diren aldaketak egingo ditu hori bermatzeko.

Ikasleek begiak irekiko dituzte eta, eskuak askatu gabe, korapiloa desegiten saiatuko dira, guzti-guztiak biribilean geratu arte. Horretarako, une bakoitzean mugimendurik onena zein den adostu beharko dute. Jauzi egin dezakete, azpitik pasatu, bizkarrean jarri... zer egin adostu beharko dute. Lankidetzan aritu beharko dute.

Seguruenik,  haiek bakarrik lortuko dute korapiloa askatzea. Baina une batean laguntza behar badute, irakasleak esku batzuk askatu eta beste batzuekin lot ditzake. 

Bukatzen dutenean, irakasleak talde handian elkarrizketa bat bideratuko du. Horretarako, eranskinean datozen galderak erabil daitezke.

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburua zela ikasgelan lankidetzaren eta konfiantzaren alde egitea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Zer ikasi duzu?
  • Zailtasunak izan dituzu?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

 
 

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

KORAPILOA ASKATU!

3. Elkarrekin marrazten

Lan bat elkarrekin egitea ez da erraza. Gerta daiteke norbait bere lana inposatzen saiatzea, besteak kontuan hartu gabe, edo lanak banatzea eta bakoitza bere aldetik joatea. Lankidetzan aritzeko, besteak kontuan hartu behar dira.
Lankidetzan aritzea zaila bada, are zailagoa hitzik esan gabe aritu behar denean.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko “Nire gorputzarekin BAT” ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

HELBURUA

  • Sormenezko lan bat elkarrekin egiteko, komunikazioa izatea eta lankidetzan aritzea

GARAPENA

Hasteko, irakasleak jardueraren helburua azalduko die ikasleei: artelan bat sortu behar dute, baina beste ikaskide batekin elkarlanean. Eranskinean datozen jarraibideak emango dizkie.

Ikasleak binaka jarriko dira eta bikote bakoitzari folio bat emango zaio. Lana egiten duten bitartean, jarraibideak errespetatzen direla egiaztatuko du irakasleak, eta behatuko du  bikote bakoitzak prozesua nola gauzatzen duen.

 

Bukatzen dutenean, bikoteka aurkeztuko dituzte beren lanak. Emaitza artistikoa baloratu ondoren, lan-prozesuari buruzko galderak egingo dizkie irakasleak. Horretarako, eranskinean daudenak erabil daitezke. 

 

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburua zela sormenezko lan bat elkarrekin egiteko komunikazioa izatea eta lankidetzan aritzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Zer ikasi duzu?
  • Zailtasunak izan dituzu?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

 

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

ELKARREKIN MARRAZTEN