Erabilerarako jarraibideak

Proposamen honek lanerako bide bat eskaintzen du. Jarduera asko eta askotarikoak ditu eta hori lagungarria izango da, ikastetxeko testuingurua eta eguneroko praktika kontuan izanik, ikastetxe bakoitzak bere diseinu propioa egiteko.

Horrela bada, dagoen moduan gara daiteke proposamena, —hau da, sekuentziari jarraituz—; edo, bestela, lan-eremu desberdinak lantzeko aukera eskaintzen denez, ikastetxearen ibilbidea, programatuta dituen ekintzak eta ikastetxeko antolaketan eta praktikan errotuta dauden dinamikak kontuan hartuta erabaki daiteke zein eremu landu. Era berean, hainbat jarduera ordezkatu egin daitezke ikastetxean programatuta eta helburu bera duten bestelako jarduerekin.

  • Ikasmaterialak lau lan-eremutan + BAT kanpainan banatuta daude: 

o Ni eta nire taldea

o Gure arteko harremanak

o Eta harremanak onak ez direnean

o Ondo konpontzen gara

o BAT kanpaina:ingurune segururako konpromisoa

Sekuentzia horren bidez, koherentzia logikoa eman nahi izan zaie ikasmaterialei.

Aipatu bezala, proposamena eremuetan antolatuta egoteak aukeraketa egitea ahalbidetzen du. Izan ere, lan-eremu bakoitzak berariazko izaera du eta esparru jakin bat du aztergai. Halere, badira kontuan hartu beharreko bi alderdi: batetik, edozein lan-eremu aukeratzen dela ere, haren barne-sekuentzia errespetatu beharko da, eta, bestetik, aukeratutako lan-eremuaren lanketa horri beti gehitu beharko zaio BAT kanpaina: ingurune segururako konpromisoa esparrua. Ez dugu ahaztu behar ikasmaterialek ikasleengan jazarpenaren aurka eta bizikidetza positiboaren aldeko konpromisoa lortzea dutela helburu.

  • Aipatutako lan-eremu bakoitzean bost atal bereizten dira eta atal bakoitzean zenbait jarduera daude eskuragarri. Honako hauek dira atalak.

  • Jarduerak, printzipioz, tutoretzarako diseinatuta daude. Halere, kontuan izanik tutoretza-lana neurri batean irakasle orori dagokiola, irakasle taldeak erabakiko ditu uneak eta guneak, jardueren ezaugarrien arabera.
  • Hainbat jarduera ikastetxe-mailan egiteko dira. Izan ere, eskola-jazarpena ez da ikasgelako kontu bat, baizik eta hezkuntza-komunitate osoari era zakar batean eragiten dion eta, beraz, denon artean ebatzi behar den egoera bat. Hori dela eta, zenbait jarduera egin ahal izateko, batzuetan koordinazio-guneak antolatu beharko dira.
  • Kontuan izan ikasmaterial hauek bi ikasturteko tarteari erantzuten diotela. Beraz,  tarte horretan diharduten irakasleek ikasturtearen arabera egin beharko dute aukeraketa. Horretarako,  atal bakoitzean irakasleek jarduera bat aukeratuko dute ikasturte bakoitzerako. Eskaintza zabala da eta jarduera sakontasun- eta konplexutasun-mailari erreparatuz aukeratu daiteke.
  • Hasieratik, ikasle bakoitzak BAT karpeta izango du. Bertan, eta irakasleak erabakita, ikasleak bere burua eta egiten duen garapen pertsonala ezagutzeko baliagarria izango zaion erabilitako material guztia gordeko du.

Oharra:

Edukien hirugarren blokean, “ eta harremanak onak ez direnean?”, eskola-jazarpenaren kontzeptualizazioarekin eta ezaugarriekin, jazarpen- eta biktimizazio-dinamiketan parte hartzen duten elementuekin, ikusleen inplikazioarekin eta abarrekin lotutako alderdiak lantzen dira.

Bloke hori garatzeko, funtsezkoa eta guztiz beharrezkoa da taldearen egoera sozio-emozionala zein den jakitea eta taldean jazarpen-egoerarik ez dagoela ziurtatzea.

Jazarpen-egoera edo horren susmo oinarridunen bat balego, ez litzateke bloke hori landuko, balizko biktimarentzat izan litekeen kaltea dela eta. Beraz, egoera erabat konponduta dagoen arte eta taldean berrezarritako bizikidetza positiboa lortu arte, bloke honen inguruko lana ez da egingo.