Familiak

Esklusioa eta eskola-jazarpena prebenitzeko, ezinbestekoa da bizikidetza positiboa garatzeko espazio inklusiboak eraikitzea. Eraiki esatean, bizikidetzaren izaera dinamikoa azaldu nahi da. Hau da, hezkuntza-komunitatea osatzen duten pertsonen arteko harremanetatik abiatuta, egunero-egunero eraikiz doan kontzeptu batez ari gara. Beraz, eraikuntza horretan, hezkuntza-komunitatea osatzen duten guztiek dute erantzukizuna: irakasleek, ikasleek, irakasleak ez diren langileek, eta familiek.

Ikerketa askotako ondorioetan islatzen da ikastetxearen eta familiaren arteko elkarlanaren eragin positiboa: ikasleen hezkuntza-emaitzetan eta ikastetxeko hezkuntza-kalitatean. Izan ere, ikastetxearen eta familiaren artean garatzen den prozesu partekatua da hezkuntza, ulerturik, hezkuntzaz ari garenean, irakasteaz haratago goazela, bizitza osorako hezteaz eta orientatzeaz ari garela. Horretarako, ezinbestekoa da elkarrekin bizitzen ikastea eta eguneroko bizikidetzan aritzea.

Horrela bada, bizikidetzaren eraikuntzan urratsak egin eta esklusioari eta eskola jazarpenari aurre egin nahi bazaio, ezinbestekoa da, batetik, familien konpromisoa eta partaidetza eraginkorra garatzea ikastetxearen kudeaketa demokratikoan. Bestetik, ikastetxeen eta familien artean komunikazio eraginkorra eta elkarlanean oinarritutako harremanak sustatzea. Azken batean, ikastetxearen eta familiaren arteko harremanak eratzean, eredu ekologikoaren (Bronfenbrenner) proposamena garatzeko urratsak eginez joatea.

Bide horri ekiteak ahalbidetuko du ikastetxearen eta familien artean konfiantza eraikitzen joatea —osagai baldintzatzailea gertakizunak izaten diren testuinguruan ekiteko eta eragiteko—; azken finean, konfiantzan oinarritutako lankidetza izatea, zeina ezinbesteko aldagaia baita balizko eskola-jazarpeneko egoerek ebazpen-prozesu ahalik eta egokiena izateko.