Gatazken ebazpen baketsua

Gelen arteko ebazpen trukaketa
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Gelako kideen arteko elkar ezagutza bultzatzea
- Gelako giro osasungarria lortzea
GARAPENA
Talde handian bilduko gara. Ohiko gatazken inguruan hitz egingo dugu eta orri batean, konpontzeko zailtasunak sortzen dituzten egoerak jasoko ditugu. Alboko gelako ikasleek dinamika berdina burutuko dute.
Behin zerrenda eginda dagoela, gelen arteko trukaketa egingo dugu. Modu honetan, beste ikuspuntu batetik ikusita, gatazkak modu baketsu batean konpontzeko saiakera egingo dugu.
Gatazken konponbideak lotuta ditugunean, beste gelara joango gara gure proposamenekin. Guztiok batera, kudeaketa honetan parte hartuko dugu aurrerantzean suertatzen zaizkien erronkei irtenbide baketsu eta bateratu bat emateko asmoz.
DENBORA
Saio bateko iraupena izango du. Urtean zehar errepika daitekeen ariketa
BALIABIDEAK
Parte hartze aktiboa
Antzezleak gara! (LH2)
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Besteen ikuspuntuan entzun eta ulertzen saiatzea
- Harremanak aberastea eta hobetzea
- Norberaren jokabidearen erregulazioa garatzea eta besteengan duen eraginaz kontzientzia hartzea
GARAPENA
Jarduera hau egin aurretik, 4.4.1 jarduera egitea aholkatzen da. Talde handian egitea proposatzen da. Aurreko saioan eskolan dituzten gatazken adibideak eta horiei aurre egiteko zer nolako konponbide baketsuak aurkitu zituzten gogoratuko ditugu. Jarraian, antzezlariak bihurtuko direla esango diegu. Irakasleak beherago agertzen diren egoera batzuk aurkeztuko dizkie bolondresei eta taldearen aurrean antzeztu beharko dituzte. Ikusleek zer gertatzen ari den asmatu beharko dute, jarrera egokia edo desegokia iruditu zaien eta guztion artean, egoerari irtenbide edo konponbide baketsu bat bilatuko diogu.
Hemen proposatzen diren egoerez gain, aurreko egunean umeek aipatu dituzten gatazkak antzeztu ahal dira. Proposamenak:
- Ume bat bakarrik geratu da patioan eta gurekin jolastera gonbidatu dugu.
- Jantokian ur baso bat bota diot ume bati eta barre egin dut gero.
- Ume zango trabatu dut denok barre egiteko.
- Ume baten inguruan hitz itsusiak idatzi ditut arbelean.
- Marrazki bat egin diot gelako lagun bati.
- Ume bati zaplastako bat eman diot ez zaidalako gustatu esan didana.
- Ume bat triste ikusi dut, hurbildu naiz eta besarkada bat eman diot.
- Ume bati estutxea ezkutatu diot eta ez diot itzuli eta gero lagunei kontatu diet.
- Ume bat beste bat jotzen ikusi dut eta irakasle batengana hurbildu naiz kontatzera.
- Patioan jolasten geundela, ume bat bakarrik ikusi dugu eta gurekin jolastera gonbidatu dugu.
** Gertakariak paper zatietan jarri ahal dira, poltsa batean sartu eta banaka atera eta antzeztu.
Aldaera: Guztion artean gertaerak proposatu eta idatzi ditzakegu eta horiek antzeztu.
DENBORA
Saio bateko iraupena izango du. Urtean zehar errepika daitekeen ariketa
BALIABIDEAK
- Parte hartze aktiboa
Zubia gurutzatzen
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Gelako kideen arteko elkar ezagutza bultzatzea
- Gelako giro osasungarria lortzea
GARAPENA
Talde handian bilduko gara bideoa ikusteko. Talde handian bideoaren inguruko hausnarketa egingo dugu. Bideoan zehar etenaldiak egingo ditugu eta ikasleei galdera desberdinak planteatuko dizkiegu:
- Zer uste duzue gertatuko dela?
- Zelan jokatu dute?
- Hitz egin behar izan dute konponbidea ebazteko?
- Zertan desberdindu ahal dituzue ikusi ditugun bi jokabideak?
- ...
Bideoaren hausnarketa egin eta gero, aste honetan txarto bideratu diren bi gatazka mahai gainean ipiniko ditugu. Bideoan ikusi ditugun baliabideak erabiliz, gatazka horien konponbide baketsua lortzen saiatuko gara.
DENBORA
Saio bateko iraupena izango du. Ikasturtean zehar errepika daitekeen ariketa.
BALIABIDEAK
- Bideoa: El Puente Cortometraje Acerca de la Resolución de Conflictos Youtube. https://www.youtube.com/watch?v=XQSd-fs_5DY
- Parte hartze aktiboa
Adostokia
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Besteen lekuan jartzen ikastea
- Esperimentatzen ditugun emozioei izena jartzea
- Besteen ikuspuntuan entzun eta ulertzen saiatzea
- Harremanak aberastea eta hobetzea
- Norberaren jokabidearen erregulazioa garatzea eta besteengan duen eraginaz kontzientzia hartzea
GARAPENA
Adostokia gelan martxan jarri baino lehen, ikaslegoarekin gaia landu behar da. Arauak gogoratuko ditugu eta horiekin batera giza harreman eta berdintasunean oinarritutako elkarrekintzari buruz hitz egingo dugu.
Ondoren, irakasleak ikasle bat aukeratuko du eta bien arteko gatazka bat antzeztuko dute. Gatazka hori konpontzeko, adostokira joango dira eta bertan konponbidea bilatuko dute.
Hauxe litzateke adostokian jarraituko duten prozesua:
- Lasai hartu: Bi ikasleak lasai egon arte ezin izango da arazoa konpondu (oihukarik ez). Honek ez du esan nahi ezin dutela haien haserrea atera, baizik eta hitz egiteko oinarrizko baldintza lasai egotea dela. Deskarga hori egin eta gero, ikasleak aulkietan kokatuko dira.
- Batak hitz egingo du eta besteak entzun: Bi eserleku egongo dira (ahoa eta belarria sinboloekin) eta ikasleak, txandaka aulki desberdinetan jesarriko dira. Lehenengo arazoa azaldu duenak hitz egingo du, eta ondoren, bere kidearen azalpenak entzungo ditu.
- Irtenbideak pentsatu: Hasieran, irakaslea gidaria izango da eta kasuan kasuko irtenbideak proposatuko dizkie ikasleei. Adibidez, jostailuak edo materialak txandakatzea, elkarrekin jolastea, elkarri laguntzea, eta abar
- Konponbidea bien artean aukeratu: Arazoa konpondu eta gero, ikasleek nahiago duten ekintza burutzera animatuko ditugu, behartu gabe: elkarri eskua eman, besarkatu, eta abar
Oharrak:
Adostokia gelan espazio fisiko batean antolatzea proposamen bat besterik ez da. Erabiltzea eta praktikan jartzea erabakiz gero, kontutan izateko alderdiak daude:
- Denboran egonkortasun bat izan behar duen planteamendua da, hau da, ikasturte edo hiru hilabete baten hasieran martxan jarri beharko litzateke.
- Bizikidetzaren aldeko proposamen bat den heinean, gela mailan baizik, ziklo, etapa zein ikastetxe mailan bideratzea egokiena litzateke.
- Hasiera batean irakasleek gidatuko dute prozesua eta denbora eskaini beharko diete momentu horiei. Xedea ikasleen autonomia maila handitzea izango da egunerokotasunean bizitzen dituzten gatazkak modu baketsuan ebazteko.
- Espazio fisikoaren antolamendua ikastetxe bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da.
- Prozesua eta materialaren sorrera ikasleekin batera bideratu daiteke; lehenengoz pausuak azalduz eta ondoren haiek sor ditzakete horma irudiak pausuen azalpenekin ( lepokoak zein kartelak erabil daitezke ahoa eta belarria adierazteko)
DENBORA
Fase desberdinak daude:
- Adostokiaren aurkezpena egiteko: saio bat
- Materiala prestatzeko: saio bat
- Prozesua bideratzeko: egunerokotasunean agertzen diren gatazken araberakoa.
BALIABIDEAK
- Aulkiak edo lepokoak (ahoa eta belarria)
- Horma irudiak egiteko: kartulinak eta margoak
- Adostokia antolatzeko material ereduak: 1pausoa - 2pausoa - 2.2pausoa - 3pausoa - 4pausoa