Gure arauak

1. Arauak eta ondorioak

Talde-kohesioa indartzeko, taldeko kide izateko sentimendua sendotzeko eta denon ongizatea lortzeko, kideen arteko akordioek indar handia dute. Akordioek taldea sendotzen dute. Edozein taldetan arauek eta jarraibideek laguntzen dute hainbat portaera barneratzen. Arauek helburu hau izan behar dute: ikasleen garapen akademikoa zein pertsonala garatzeko lagungarriak izatea.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko “Isiltasunaren minutu magikoa” jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

HELBURUA

  • Ondo egoten lagunduko diguten jarraibideak edo arauak sortzea
  • Lantaldeetan parte hartzea

GARAPENA

Irakasleak ikasleei azalduko die zein diren helburuak eta zer metodologia erabiliko den. Gogoratuko ditu gela horretako ikaskideen ezaugarriak1. Ondoren, aukeratuko ditu gelan lan-giro atsegina egoteko beharrezkoak diren 12 arau2, eta horien inguruan lan egingo dute saio honetan. Arauen inguruko eztabaida sortuko du, euren beharra eta funtzioa aztertzeko. Arauek zerikusia izango dute nork bere buruari  eta taldeari zor dien errespetuarekin eta erantzukizunarekin.  “Adibidea” eranskinean dagoen hausnarketaren antzekoa egingo dute. Arau horiek betetzeko jarraibideak, arrazoiak eta ondorioak azalduko zaizkie, eta  “Gure arauak” eranskinaz baliatuko dira, betiere justiziaren zein zaintzaren ikuspuntua kontuan izanik; hau da, erantzukizunari zein beharrei, eskubide orokorrei zein testuinguruari erreparatuz3.  

Ikasleak binaka jarriko dira eta irakasleak aukeratutako 12 arauetatik  bikote bakoitzari bi arau emango dizkie aztertzeko. Azterketa egiteko, “Geure arauak” eranskina erabiliko dute. Ondoren, launaka jarrita, egindakoa partekatuko dute. Azpimarratuko dituzte edo gorriz jarriko dute emozioekin zerikusia  duten hitzak edo ideiak, jarreretan emozioak oso eraginkorrak direla nabarmen uzteko.  Taldekide batek jasoko ditu  taldearen ekarpenak eta beste batek talde handian partekatuko ditu.

Talde bakoitzaren aurkezpena egin ondoren, irakasleak galdetuko du talde handian ados dauden azaldutako guztiarekin edo zerbait kendu edo aldatu nahi duten. Egindakoa gelako “BAT koadernoa”n gordeko da.

Partekatze horretan denon parte-hartzea ziurtatzeko, bakoitzak aukera izango du galdera bat eta iradokizun bat egiteko. Lortu behar da denek agortzea dituzten bi aukera horiek. 

Talde handian, kontuan izanik helburua dela ondo egoten lagunduko diguten jarraibideak sortzea eta txandak errespetatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

  • Gelako “BAT koadernoa”

Eranskinak 

------

1 Informazio hori “Garen bezalakoak” ataleko jardueretatik ateratako informazioaz balia daiteke.

2 Erabil daiteke “Garen bezalakoak” ataleko jardueretan ikasleek adierazitakoarekin  zerikusia izan dezaketenak, edota irakasleak berak eraman ditzake beharrezkotzat jotzen dituen arauak edo jarraibideak.

3 Ikus ”Justiziaren zein zaintzaren etika” eranskina

ARAUAK ETA ONDORIOAK

2. Arauak iruditan

Talde-kohesioa indartzeko, taldeko kide izateko sentimendua sendotzeko eta denon ongizatea lortzeko, kideen arteko akordioek indar handia dute. Akordioek taldea sendotzen dute. Edozein taldetan arauek eta jarraibideek laguntzen dute hainbat portaera barneratzen. Arauek helburu hau izan behar dute: ikasleen garapen akademikoa zein pertsonala garatzeko lagungarriak izatea.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko “Isiltasunaren minutu magikoa” jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

HELBURUAK

  • Ondo egoten lagunduko diguten jarraibideak sortzea
  • Txandak errespetatzea

GARAPENA

Irakasleak azalduko ditu jardueraren helburuak eta metodologia.

Ikasleei azalduko zaie zein diren helburuak. Lan egiteko modu ezberdinak ditugunez — bakarka, talde txikietan eta talde handian—,  saio honetan ikasleek landuko dituzte  modu ezberdin horietan ondo eta gustura lan egiteko beharrezkoak diren arauak. 

Irakasleak gogoratuko ditu gela horretako  ikaskideen ezaugarriak1. Hala ere, gelan egon daitezkeen askotariko beharrak kontuan izateko, lagungarria izango da nork bere beharrak “Lehenengo hausnarketa” fitxan betetzea bakarka. Irakasleak fitxak jasoko ditu eta, fitxak zatituta, hiru multzo egingo ditu: bakarka, taldeka  eta talde handia. 

Ondorengo ariketa hau egiteko,  gelan 6 talde egingo dira. Bi taldek landuko dituzte bakarka multzoaren ekarpenak, beste bi taldek taldeka multzoarenak eta beste bik talde handia multzoarenak. Multzo bakoitza ez da bi taldeen artean banatu behar. Bi taldeek aztertuko dituzte multzoan dauden ekarpen guztiak.  “12 arau” eranskinaz baliatuz, irakasleak txartelak prestatuko ditu.  Irakasleak talde bakoitzari emango dio dagokion zatia, denon artean osatzeko. Taldeetan “Mataza” egitura erabiliko dute. “Mataza” egitura honetan datza: talde bakoitzari emango zaio kolore bateko mataza bat. Hitz egiten duenak haria hartu eta eskumuturra inguratuko du, haria askatu ez dadin. Hitz egiten bukatzen duenean, beste kide bati pasako dio mataza eta horrek gauza bera egingo du hariarekin eta hurrengo bati mataza pasatuko. Jarduera bukatzen dutenean irudikatuko da matazaren ibilbidea zein izan den, partaidetza irudikatuz. Partaidetza handia eta orekatua  izan den ikusteko, argazkia aterako zaie, gero denon artean baloratzeko zein izan den partaidetza-helburua ondoen bete duen taldea. Taldekatze mota bakoitzeko bi txartel egingo dira, talde bakoitzean bat. Baina gelan erabiltzeko aukeratuko da, hain zuzen ere partaidetza handiena eta orekatuena izan duen taldeak egin duena. Horiek Gelako “BAT koadernoa”n2 gordeko dira.

Talde handian, kontuan izanik helburuak zirela ikasgela eta aniztasuna abiapuntutzat hartuz eta elkarbizitza arauei buruzko hausnarketa eginez ondo egoten lagunduko diguten jarraibideak sortzea eta txandak errespetatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

Eranskinak:

-----

1 Informazio hori “Garen bezalakoak” ataleko jardueretatik ateratako informazioaz balia daiteke.

2 Ikusi DBH 1 eta 2.mailako Ni eta nire taldea blokeko Gelako BAT koadernoa jarduera.

ARAUAK IRUDITAN

3. Arauak eta erronkak

Talde-kohesioa indartzeko, taldeko kide izateko sentimendua sendotzeko eta denon ongizatea lortzeko, kideen arteko akordioek indar handia dute. Akordioek taldea sendotzen dute. Edozein taldetan arauek eta jarraibideek laguntzen dute hainbat portaera barneratzen. Arauek helburu hau izan behar dute: ikasleen garapen akademikoa zein pertsonala garatzeko lagungarriak izatea.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko “Isiltasunaren minutu magikoa” jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten. 

HELBURUA

  • Ikasleen espektatibak lortzen  lagunduko duten jarraibideak sortzea.
  • Lantaldeetan parte hartzea

GARAPENA

Irakasleak azalduko ditu jardueraren helburuak eta metodologia.

Irakasleak prestatuko du ikasleen igurikimenak jasoko duen  panel bat.

Horretarako, ikasle bakoitzak 3 post-it izango ditu eta, bakoitzean, ikasturtean lortu nahi duen gauza bat idatzi, eta kutxa batean sartuko ditu. Ondoren, irakasleak banan-banan hartu, irakurri, eta ea errealista eta egokiak diren aztertuko du. Onetsitakoak panelean itsatsiko ditu, ezetsitakoak egokituko edo kenduko, eta errepikatutakoak kenduko ditu.

Ondoren, launaka jarriko dira eta irakasleak banatuko ditu post-it guztiak taldeen artean, eta,  “Lortzeko zer?” eranskina erabiliz, taldekideen ekarpenak jasoko dituzte. Bertan idatziko dute lorpen horiek gauzatu ahal izateko norberak eta taldeak egin beharko lukeena.

Ahal bada, post-it guztiak banatzean, ziurtatuko da talde bakoitzean emozioekin lotutako ekarpenen bat izatea. 

 

LORTU NAHI DUGUNA

NORBERAK EGIN DEZAKEENA

TALDEKIDEEK EGIN DEZAKEGUNA

Gelan lagunak izatea

Taldeetan parte hartzea

Guztion beharrak kontuan izatea

 

Dena gainditzea

Irakasleen jarraibideak kontuan izatea

Laguntza ematea

 

 

Taldeka dauden bitartean, “Mika” teknika erabiliko dute. Irakasleak azalduko die mikaren ezaugarrietako bat distira egiten duen guztia lapurtzea dela. Talde-lanean hori egingo dute; hau da,  irakasleak mikaren kantua jarriko du,  eta kantuak irauten duen bitartean, talde bakoitzetik  aurrez aukeratutako ikasle bat altxatuko da, eta beste lantaldeetatik pasatuko da ikusteko zer ekarpen egin dituzten eta zerbait “lapurtu” diezaiekeen bere taldera eramateko. “Mika” ren teknikan, audioa erabili beharrean, irakasleak ozenki “mika” esan dezake “lapurreta”ren  hasiera  eta bukaera adierazteko.

Ondoren, irakasleak jasoko ditu ekarpen guztiak eta “Mika”eranskinean batuko ditu lapurtutako ekarpenak, haiek dira-eta  komun dituztenak. Alegia, haiek izango dira gelako lehenengo arauak. Eta kopia bana izango dute ikasleek. Gainerakoak “Despentsa” eranskinean idatziko ditu gelako ordezkariak, eta Gelako “BAT koadernoa”n gordeko dira, ikasturtean zehar beharren arabera ateratzeko eta erabiltzeko.

Talde handian, kontuan izanik helburuak zirela, ikasgela eta aniztasuna abiapuntutzat hartuz eta elkarbizitza arauei buruzko hausnarketa eginez, gure espektatibak lortzen lagunduko diguten jarraibideak sortzea eta txandak errespetatzea, eta gelan gustura egoteko denon beharretan oinarritutako jarraibideak edo arauak izatea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Saio bat 

BALIABIDEAK

Eranskinak:

------

1 Isabella Wallace &Leah Kirtman (2018) Talk-Less Teaching. Osiris . (partekatzea bultzatzeko teknika, moldatua)

2 Ikus DBH 1 eta 2 mailetako Ni eta nire taldea blokeko Gelako BAT koadernoa jarduera

ARAUAK ETA ERRONKAK

4. Bi mundu (Z)

Egonline[1]

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

Helburuak:

  • Azter ditzagun sare barruan eta kanpoan dauzkagun jarrera eta jokamoldeak.
  • Azter ditzagun sare barruan eta kanpoan darabiltzagun kode moralak.

 

Denbora: 30 min

 

Nola egin:

Zatar-paper handi bat bitan erdibitu. Zati bati, “Mundu hau ez da birtuala” izena jarri; eta, besteari, “Mundu hau birtuala da”.

Zati bakoitza 8 azpizatitan banatu da, eta bakoitzean galdera hauetako bat idatzi:

- Zenbat lagun ditugu?

- Gure barru-barruko kontuak zenbat laguni kontatzen dizkiogu?

- Ematen al dugu datu pertsonalik (telefonoa, helbidea, non ikasten dugun...)? Bai/Ez

- Ematen al dugu informazio pertsonalik (nora joango naizen, norekin nagoen...)? Bai/Ez

- Partekatzen al dugu argazki pertsonalik? Bai/Ez

- Partekatzen al dugu talde-argazkirik? Bai/Ez

- Ematen al dugu beste norbaiti buruzko informaziorik (argazkiak, datu pertsonalak …)? Bai/Ez

- Talde barruan, kritikatzen al dugu inor? Bai/Ez

Ikasle bakoitzak 8 postit izango ditu; galdera bakoitzari erantzuteko bana. Erantzun ahala, postita zakar-paperean erantsi beharko dute, bakoitza bere lekuan.

 

I. eranskina: Jarduera aztertzeko jarraibideak.

II. eranskina: Testuinguru teorikoa eta ondorioak

 

BI MUNDU


[1] Egonline Gida pedagogiko hau da teknologia berrietan nola hezi lantzeko. Egokitua