Guztion eskubideak defendatzen

1. Txibatzea, ala eskubideak defendatzea?

Helburuak

  • Ulertzea eskubideak defendatzea ez dela kontakatilu izatea.
  • Tratu txarren aurkako konpromisoa.
  • Tratu onak lortzeko urratsak ematea.

Denbora:

  • Saio bat.

Garapena:

Ikasleei honakoa proposatuko zaie: 

Bi egoera desberdin dituzu aurrean. Egoera bakoitzean, protagonista bakoitzak nola jokatu zuen pentsatu behar duzu: ondo ala gaizki egin zuen, bere eskubideak edo beste baten eskubideak defendatu nahi zituen...

Jarduera hau egiteko 1-2-4 egitura kooperatiboa erabiliko da.

a. Jolasgaraian, ikasle talde batek beste bati otartekoa kendu dio eta iraindu egin du. Ikasle horrek, beldurraren beldurrez, ez dio gertatutakoa inori kontatu nahi. Egoera hori egunero errepikatzen da. Beste ikasle batek badaki zer gertatzen den, eta irakasle bati kontatu dio.


 

b. Neska bati ez diote jolasten uzten, eta, gainera berarekin eta bere gauzekin sartzen dira. Azken boladan WhatsApp bidez ere mezu iraingarriak bidaltzen dizkiote, etengabe. Neska beldurtuta dago, baina ez dio inori esaten. Azken egunetan ez da eskolara etorri. Gertaerak ia egunero errepikatzen dira. Ikaskide batek badaki zer gertatzen ari den, uste du horregatik ez dela eskolara etortzen ari, eta irakasleari kontatu dio.

Jarduera amaitutakoan, berriro esango dugu eskubideak defendatzea ez dela txibatoa izatea, eta norbaitek beste pertsona bati kalte egiten badio, guztioi egiten digula kalte.

Jakin, ikusi edo bizi dituzten egoeren beste adibide batzuk jartzea ere eska diezaiekegu, eta laguntza eskatzeko nola erantzun daitekeen aztertu.

 

2. Eta...zer egin dezakegu?

Helburuak

  • Tratu txarren aurkako konpromisoa.
  • Tratu onak lortzeko urratsak ematea.

Denbora:

  • Saio bat.

Garapena:

Batzuetan, pertsona batzuek ez dituzte beren betebeharrak betetzen eta, egoera horietan, min ematen diete beste pertsona batzuei. Orduan, tratu txarrak gertatzen dira, jazarpena ere izateraino.

Ikusi eta ikasi dugu denok egin behar dugula zerbait horren aurrean, bestela, konplize bihurtzen baikara.

Beraz, denok elkarrekin jarriko gara pentsatzen ea zer egin dezakegun hainbat egoeraren aurrean:

EGOERA

ZER / NORK EGIN

Norbait triste dagoenean…

 

Norbait bakarrik dagoenean…

 

Norbaitekin sartzen direnean…

 
   
   
   
   

 

OHARRA: taula modu desberdinetan bete daiteke, talde txikietan egin eta ondoren talde handian komentatu, edota talde handian egin, denon partaidetza sustatuz (arbela digitalean…)

Eta beti… laguntza eskatu heldu bati: irakasleari, jangelako begiraleari, gurasoei…

3. Gela seguruak eta jazarpenik gabekoak eraikitzen

Helburuak

  • Tratu txarren aurkako konpromisoa.
  • Tratu onak lortzeko konpromisoa.

Denbora:

  • Saio bat hasieran eta, ondoren, astebete behaketa egiteko. Jarduera amaitzeko beste saio bat.

Garapena:

Oraingoan, ikasgela seguru eta berdinzale batez gozatzeko beharrezkoak diren jarraibideak finkatuko ditugu ikasgelan. 

Horretarako, talde mistotan banatuko ditugu gelakoak, eta egunerokotasuna behatzen saiatuko dira jarraibide horietako batzuekin (Lehen Hezkuntzan dauden mailaren arabera):

  • Berdinen arteko harremanak eta mutilen eta nesken artekoak aztertzea.
  • Sarrien gertatzen diren gatazkak zein diren ikustea: mutilen artean, nesken artean, mutilen eta nesken artean (ikasgela barruan eta kanpoan).
  • Ikasleen jarrera behatzea ikastetxean sartzen direnean eta bertatik irteten direnean (irteeran eta sarreran, jolasgaraian, jantokian): lasterka ibiltzea, bultzaka, lasai, berriketan, armonia onean, haserre…

Ikusten ari direna hurrengo orrialdean eskaintzen den taulan jasoko da.

Proposamenak aztertu eta gero, erabakiko da haietatik zein eramango diren aurrera eta, beraz, zeintzuen bidez hartuko duten konpromisoa beren gela “tratu onaren aldeko ikasgela” izan dadin:

  • Jolas ez sexistak eta indarkeriarik gabekoak sustatzea. 
  • Hamaiketakoa edo merienda neskekin eta mutilekin hartzea.
  • Sor daitezkeen gatazkak hitz eginez ebaztea, indarkeriara jo gabe eta irakasle baten laguntzarekin.

Aurrera eramango diren ekintzak zeintzuk diren erabakitzeko, Talde nominalaren teknika erabil daiteke (ikus eranskina).

Ondoren, erabakia hartu eta gero, kontratu txiki bat ‒konpromisoa‒ sinatzea proposatu daiteke (ikus eranskina). Horrela, ikasle guztiek hartuko dute proposatutako ekintzak burutzeko konpromisoa.

 

4. Noren alde zaude? Bideoa

Helburuak:

  • Tratu txarren aurkako konpromisoa.
  • Tratu onak lortzeko urratsak ematea.

Denbora:

  • Saio bat.

Materialak:

https://youtu.be/oHejiVLTP2U

       

Garapena:

Bideoa ikusi ondoren, ikusitakoari buruzko eztabaida irekiko dugu, eta arreta jarriko dugu neska protagonistarengan: Nola sentitzen den… Gainera, ikasgelan, jolastokian eta abar horrelako jarduerak ikusiz gero adostasunetara iritsi ahal izateko nola jokatuko dugun hitz egingo dugu.

  • Nor da film labur honetako protagonista?
  • Zer gertatzen zaio istorio honetako protagonistari?
  • Nola sentitzen da?
  • Zergatik?
  • Nork edo nortzuk eragiten dute egoera hori?
  • Ikusi al duzue antzeko egoerarik ikastetxean? Inoiz gertatu al zaizue horrelakorik?
  • Zure ikaskideek irtenbiderik bilatzen dute?
  • Zuek zer egingo zenukete?
  • Zer egin dezakegu horrelako egoeretan?

Ematen dituzten erantzunak arbelean idatz ditzakegu, eta "dekalogo" moduko bat antolatu, ikasleek eta familiek nola jokatu jakin dezaten eta, behar izanez gero, norengana jo behar duten jakin dezaten:

Jazarpen-egoera bat ikusten dugunean, zer egingo dugu?

  • Biktimari laguntza emateko? 
  • Jazarleari aurre egiteko?
  • Laguntza eskatzeko? Nori? Nola, zein bide erabiliko da?

5. Ausarten bila bideoa

Helburuak:

  • Tratu txarren aurkako konpromisoa.
  • Tratu onak lortzeko urratsak ematea.

Denbora:

  • Saio bat.

Materialak:

https://youtu.be/omZkxy3wU1c

 

Merezi du kantuaren edukia aztertzea:

  • Zergatik diote norbait bakarrik dagoela?
  • Zer diote txantxei buruz?
  • Eta indarrari buruz?
  • Zertarako bilatzen dira ausartak?
  • Zer esan nahi du ausarta izateak?
  • Ausarta zertarako?
  • Jazarpenaren aurkako eta tratu onaren aldeko konpromisoa hartuko dugu?
  • Zer egin dezakegu horrelako egoeretan?

Ematen dituzten erantzunak arbelean idatz ditzakegu, eta "dekalogo" moduko bat antolatu, ikasleek eta familiek nola jokatu jakin dezaten eta, behar izanez gero, norengana jo behar duten jakin dezaten:

Jazarpen-egoera bat ikusten dugunean, zer egingo dugu…

  • Biktimari laguntza emateko? 
  • Jazarleari aurre egiteko?
  • Laguntza eskatzeko? Nori? Nola, zein bide erabiliko da?

Beste ikastetxe batzuetan, kanta honen bertsio propioak diseinatu dituzte: https://www.youtube.com/watch?v=eKAeHbZVk5w

Animatuko zinatekete horrelako zerbait egitera?