Hobe guztion artean

1. Altxorra eskuz esku

Laguntza ematea eta jasotzea ez da erraza: lehiatzera gaude ohituta —gainerakoak baino gehiago izateko—, eta lehen postuetan egotera. Jarrera horiek oso negatiboak dira, konparazioan oinarritzen direlako: “Ni ………. baino hobea naiz”.

 

Ikasleak bi taldetan banatuko dira eta bakoitza jolastokiko mutur batean jarriko da. Bietako bati objektu txiki bat emango zaio (adibidez: kanika bat, irudi bat duen txartel bat...).

Objektu hau taldeko ikasle batek ezkutatuko du, beste taldeko inork objektua nork daraman jakin ez dezan. Taldearen helburua honako hau izango da: altxorra duen ikaslea gelako beste muturreraino iristea, beste taldeko kideek bera harrapatu gabe. Beste taldea, berriz, objektu hori duen ikaslea helmugara ez iristeaz arduratuko da. Ikasle hori kanporatzeko, ukitu egin beharko dute..

Lehenengo jolasaldian, talde batek altxorra eramango du eta besteak harrapatzaileak izango dira; hurrengo jolasaldian, berriz, zereginak aldatu egingo dira.

Bi jolasaldi egin ondoren, jardueraren inguruko hausnarketa egingo dute:

  • Zer estrategiaz baliatu gara besteek gu ez harrapatzeko?
  • Zer unetan sentitu gara ondo edo hobeto? Zergatik?

BALIABIDEAK

Objektu txikiren bat (kanika, txartelak, borragoma...)

OHARRA:

Altxorra duen taldeari objektu bat baino gehiago eman dakioke eta, bukaeran, helmugara zenbat objektu iritsi diren zenbatu daiteke.

ALTXORRA ESKUZ ESKU


[1] Altuna, J. M. eta Arretxe Dorronsoro, I.: Adimen emozionala. Lehen hezkuntza. 3. Zikloa. (10-12 urte). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntzako eta Jakinaren Gizarteko Departamentua. 2008.

 

2. Lankidetzan aritzen gara (1)

Jarduera honen helburuak dira, batetik, taldean elkarri lagunduz lan egitea zer den ikustea, eta, bestetik, lankidetza-lanaren zenbait alderdi garrantzitsuz jabetzea –esaterako, elkarri laguntzeaz, errespetuaz eta solidaritateaz–.

1. Ikasleak lau laguneko taldeetan banatuko dira, eta talde bakoitzari testu hau emango zaio, arretaz irakur dezaten.

Testua: Antzarak

«Datorren udazkenean, negu-pasa hegoaldera doazen antzarak ikusten dituzunean, V forman hegan egiten dutela ohartuko zara. Agian interesatuko zaizu jakitea zientziak zer dioen modu horretan hegan egitearen inguruan. Frogatu denez, bada, hegazti batek hegoak astintzen dituenean mugimendu bat sortzen du airean, eta mugimendu horrek V forman bere atzean doan hegaztiari laguntzen dio. Andana osoaren indarra tiahegaz bakarrik joanda baino ehuneko 77 handiagoa da gutxienez. Noranzko bera partekatzen duten eta komunitate-zentzua duten pertsonak errazago eta azkarrago irits daitezke nahi duten tokira, elkarri laguntzen badiote.

Antzara bat taldetik ateratzen den bakoitzean, airearen erresistentzia igartzen du berehala, bakarrik hegan egiteak duen zailtasunaz jabetzen da, eta taldera itzultzen da azkar, aurretik doan kidearen botereari onura ateratze aldera. Antzararen adimena izango bagenu, noranzko berean doazen horiekin batera joango ginateke.

Antzara-andanaren burua nekatzen denean, atzeko posatuetako batera pasatzen da, eta beste batek hartzen du haren tokia. Emaitza hobeak lortuko ditugu txandak lanik zailenei begira antolatzen baditugu. Atzean doazen antzarek karraka egiten dute aurrekoak adoretzeko, abiadurari euts diezaioten. Adore emateak onura asko eragiten ditu.

Azkenik, antzara bat gaixotzen denean edo tiro batekin zauritu eta erortzen denean, beste bi antzara taldetik atera eta atzetik joaten dira laguntzeko eta babesteko. Gaixo edo zaurituta daudenekin gelditzen dira hegan egiteko gai diren bitartean edota harik eta hil arte; hori gertatu arte ez dira beren andanetara edo beste talde batzuetara itzultzen. Antzara baten adimena izango bagenu, bata bestearen ondoan egongo ginateke laguntza eta babesa emateko».

2. Talde bakoitzak eman zaion testuari buruzko hausnarketa egingo du. Horretarako, honako argibide hauek balia ditzakete:

  • Zer ondorio atera dezakegu testu honetatik xede bera duen eta helburu bera lortu nahi duen pertsona talde bati aplikatzen badiogu?
  • Zein izan liteke helburu hori «lankidetzan ikasteko talde» batean?
  • Noiz esan dezakegu elkarlanean gabiltzala talde batean? Zer da lankidetzan aritzea?

Jarduera bideratuko duen irakasleak gogoan izan behar ditu une oro testu bakoitzaren oinarrizko ideiak taldeen hausnarketa bideratzeko orduan:

  • Helburu bera eta komunitate-zentzua duten pertsonek errazago lor ditzakete xedeak, ahaleginak elkartzen badituzte eta elkarri laguntzen badiote.
  • Talde-lanean emaitza hobeak lortzen dira lanak egiteko txandak egiten baditugu, batez ere zailenak edo gogorrenak egiteko.
  • Kide bati adore ematea oso onuragarria izan daiteke uzkurtuta badago edo kemenik gabe badago.
  • Solidaritatea, laguntza behar duen kidearen ondoan egotea, lankidetza-lanaren oinarrietako bat da.

3. Talde bakoitzak orri batean idatziko du honako esaldi hauek amaitzeko burura etortzen zaion guztia: Lankidetzan aritzen gara…

Adibidez:

  • Lankidetzan aritzen gara batuta baldin bagaude, helburu bera baldin badugu.
  • Lankidetzan aritzen gara berdintasun harremana baldin badugu batzuk beste batzuen gainetik ez daudela ikusten dugunean, denek baloratzen bagaituzte eta denok sentitzen badugu geure burua baloratu.
  • Lankidetzan aritzen gara taldeko kide bati gertatzen zaiona guztioi axola bazaigu.
  • Lankidetzan aritzen gara elkar laguntzen badugu.
  • Lankidetzan aritzen gara elkar animatzen badugu.
  • Lankidetzan aritzen gara lagunak bagara.
  • Eta abar.

4. Azkenik, esaldi horiek bateratuko dituzte eta kartoi meheetan idatziko dituzte, gero ikasgelako hormako taulan ipintzeko.

LANKIDETZAN


[1] Pujolas, P. y Lago, J. R. (Koord.). IK/KI PROGRAMA («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») TALDEAN IKASTEN IRAKASTEKO Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan.

3. Lankidetzan aritzen gara (2)

Jarduera honen helburuak dira, batetik, taldean elkarri lagunduz lan egitea zer den ikustea, eta, bestetik, lankidetza-lanaren zenbait alderdi garrantzitsuz jabetzea –esaterako, elkarri laguntzeaz, errespetuaz eta solidaritateaz–.

1. Ikasleak lau laguneko taldeetan banatuko dira, eta talde bakoitzari testu hau emango diogu, arretaz irakur dezaten.

Testua: Batzarra aroztegian

«Aroztegi batean batzar bitxi bat egin zuten behin: tailerreko tresna guztiek bilera egin zuten desadostasunak konpontzeko. Tresna zaharrenetako eta errespetatuenetako batek, mailuak, presidentetza hartu zuen bere gain, baina batzarrak uko egiteko eskatu zion berehala. “Zergatik?”, galdetu zuen mailuak zur eta lur. “Tira, zarata handitxoa egiten duzulako, eta, gainera, egun osoa kolpeka ematen duzulako” erantzun zioten. Mailuak kexak onartu zituen, orduan torlojua ere kanporatzeko eskatu zuen. Arrazoitu zuenez, erabilgarri izateko bira asko eman behar zituen… Salaketa horren aurrean, torlojua kaleratu egin zuten, baina horrek, aldi berean, lizpaperarekin gauza bera egiteko eskatu zuten. Batzar guztiaren aurrean agertu zuen oso tratu zakarra zuela eta haren izaerak gainerakoak urratzen zituela. Horrelako ebidentzia baten aurrean, lizpaperak ados egon beste aukerarik ez zuen, baldin eta metroa ere batzarretik kaleratzen baldin bazuten; izan ere, etengabe aritzen zen bere irizpideen arabera denak neurtzen, perfektu bakarra bera izango balitz bezala.

Une horretan, arotza sartu zen; mantala jantzi eta lanari ekin zion. Taula bat eta bi motatako xaflak hartu zituen. Metroa, mailua, torlojua eta lizpaperra erabili zituen. Azkenik, bi koloretako xafla horiek –bata pinu-kolorekoa, oso argia, eta bestea intxaurrondo-kolorekoa, ia beltza– xake-taula ederra bilakatu ziren, dontzeila baten azala bezalako gainazal fin eta leuna zuena.

Laneguna amaitu eta aroztegia hutsik gelditu zenean, tresnek batzarra hasi zuten berriro eta eztabaidarekin jarraitu zuten. Orduan, eskuzerrak hartu zuen hitza eta honako hau esan zuen tonu irmoan: “Jaun-andreok, argi gelditu da akatsak ditugula, baina, arotzak gure dohainekin egiten du lan. Eta etekina ateratzen die. Horrexek egiten gaitu gu guztiok baliotsu. Amaitu da alde txarretan pentsatzea, kontzentratu gaitezen behingoz denon alde onetan”. Orduan, batzarrak ikusi zuen mailua indartsua zela, torlojuak batu eta prentsatu egiten zuela, lizpaperra bikaina zela leuntzeko eta laztasunak kentzeko, eta metroa, berriz, zehatza eta doia zela. Bat-batean konturatu ziren talde bat osatzen zutela, eta, batera arituz gero, kalitate handiko gauzak egiteko gai zirela. Elkarrekin lan egitearekin eta horrek ematen zien indarrekin harro sentitu ziren».

2. Talde bakoitzak eman zaion testuari buruzko hausnarketa egingo du. Horretarako, honako argibide hauek balia ditzakete:

  • Zer ondorio atera dezakegu testu honetatik xede bera duen eta helburu bera lortu nahi duen pertsona talde bati aplikatzen badiogu?
  • Zein izan liteke helburu hori «lankidetzan ikasteko talde» batean?
  • Noiz esan dezakegu elkarlanean gabiltzala talde batean? Zer da lankidetzan aritzea?

Jarduera bideratuko duen irakasleak gogoan izan behar ditu uneoro testu bakoitzaren oinarrizko ideiak taldeen hausnarketa bideratzeko orduan:

  • Denok baditugu dohainak, gainerakoen zerbitzura jar ditzakegunak.
  • Dugun onena emateko gai bagara, denon artean gauza garrantzitsuak lortu ahal izango ditugu.
  • Garen moduan onar gaitzaten, lehenik eta behin, gainerakoak diren bezala onartu behar ditugu; alegia, ezberdintasunak errespetatuta.

3. Talde bakoitzak orri batean idatziko du honako esaldi hauek amaitzeko burura etortzen zaion guztia: Lankidetzan aritzen gara…

Adibidez:

  • Lankidetzan aritzen gara batuta baldin bagaude, helburu bera baldin badugu.
  • Lankidetzan aritzen gara berdintasun harremana baldin badugu, batzuk beste batzuen gainetik ez daudela ikusten dugunean, denek balioesten bagaituzte eta denok sentitzen badugu geure burua balioetsia.
  • Lankidetzan aritzen gara taldeko kide bati gertatzen zaiona guztioi axola bazaigu.
  • Lankidetzan aritzen gara elkar laguntzen badugu.
  • Lankidetzan aritzen gara elkar animatzen badugu.
  • Lankidetzan aritzen gara lagunak bagara.
  • Eta abar.

4. Azkenik, esaldi horiek bateratuko dituzte eta kartoi meheetan idatziko dituzte, gero ikasgelako hormako taulan ipini ahal izateko.

LANKIDETZAN


[1] Pujolas, P. y Lago, J. R. (Koord.). IK/KI PROGRAMA («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») TALDEAN IKASTEN IRAKASTEKO Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan.

4. Lurralde urdina

Jarduera egiteko azalpen orokorrak:

  • Ikasleek hiru zatitan (A, B eta C) banatutako orri bana izango dute (ikus hurrengo orria).
  • A atalean norberak idatziko du irakurketan aipatzen diren animalien izenak (ahalik eta gehien).
  • B atala: Ondoren, ikasleak lauzpabost laguneko taldeetan bilduko dira eta A atalean idatzi dituzten erantzunak bateratuko dituzte B atalean. Lehenengo txandan ikasle bakoitzak idatzitako animalia bat –bakarra– esango du, eta taldekide batek (idazkari-lanak egingo dituenak) beste orri batean idatziko du. Behar beste txanda egingo dira, harik eta taldeko kide guztiek txantiloiko A atalean idatzi dituzten animalia guztiak aipatu arte. Taldekide batek aurretik beste batek aipatu duen animalia bera baldin badu, ez du errepikatuko. Horrela jarraituko dute esandako guztiak idatzi arte.
  • C atala: Azkenik, ikasgelako talde guztiek talde bakoitzaren erantzunak bateratuko dituzte.

Lurralde urdina kontakizunean agertzen diren animalia guztiak idatziko dituzte.

Ondorioa argia da: zenbat eta gehiago izan zerbait gogoratzeko, orduan eta oroimen handiagoa izango dugu. Taldean lan egiteak emaitza hobeak lortzeko aukera ematen digu.

Lurralde urdina

Nire arreba termiten erregina zen. Noski, ez zen benetako termita bat, baina mendian jolasten genuen guztietan hori esaten zidan. Nik matxinsaltoen errege izatea beste aukerarik ez nuen, termitek baino gutxiago agintzen nuela konturatu bainintzen. Armiarmen errege ere izan nintekeen, baina ez zaizkit inoiz gustatu ez armiarmak, ez kakalardoak, ez euliak, ez eltxoak, ez erleak, enbarazu eta zizta egiten baitute, ezta tximeletak ere, hain hegal politak dituzten arren... Hortaz, matxinsaltoek bezala landare eta zuhaitz artean gora eta behera salto egitearekin konformatzen nintzen. Nire arrebak, termiten erreginak, ordea, jauregi bat eraiki zuen lurpean.

Nolanahi ere, aukeratzekotan (arrebak ikusten ez nauen honetan) zaldia izatea ere gustatuko litzaidake, behin, Andorran izan ginenean ikusi genituenak bezalakoxea, Pirinioetako mendi altuetan barrena korrika ibiltzeko. Lehoia, tigrea, pantera, otsoa... edo jirafa, zebra, elefantea, hipopotamoa edo errinozerontea izatea ere gustatuko litzaidake.

Eta dortoka bat izango banintz? Txikia nintzenean etxean geneukan hura bezalakoa, ihes egin zuen hura? Diotenez, dortokak luze bizi dira, pertsonak baino gehiago. Sugandila bat izatea ez legoke gaizki, egun osoa ematen baitute eguzkitan etzanda. Eta, zer diozue hain ondo mozorrotzen diren kameleoiei buruz? Eta beti misterioz inguratuta dauden sugeak?

Imajinatzekotan, hegan egin dezakedala eta munduaren punta batetik bestera hegan egiten duten txori horietako bat naizela imajina nezake; hala, munduko toki asko ezagutuko eta lagun asko egingo nituzke, esaterako, enarak eta zikoinak. Baina pentsatu, era berean, erregina bat bezain lirainak diren arranoetan, edo hain ehiztari onak diren belatzetan. Gurean, txikiak ginenean, oso ondo abesten zuen kanario bat genuen, eta oso ondo abesten duten beste txori batzuk ere badaude, tartean, urretxindorra. Egon badaude hitz egiten duten txoriak ere, esate baterako, loroak. Bai eta gauez baino ateratzen ez direnak ere, esaterako, hontza. Halaber, badira hegan egiten ez dutenak ere, tartean, pinguinoak, ostrukak eta oiloak. Aldiz, hegan egiten duten baina hegaztiak ez diren animaliak ere badaude, hala nola, saguzarra.

Baina, munduan barrena ibitzeko arraina izatea bezalakorik ez dago. Etxean dugun mundu-bolan ikusi dut itsasoak ia mundu osoa estaltzen duela. Arraina izango banintz, ibiltzeko eta igeri egiteko aukera izango nuke, eta itsasoetan barrena ibiliko nintzateke etengabe. Koloretako arraina izan ninteke, arrainontzikoak bezalakoxea. Amak jateko jartzen dizkidan arrainak, ordea, ez zaizkit gustatzen; hala nola sardina, legatza eta zapoa. Ez litzaidake txibia izatea gustatuko, ezta txokoa edo ganba ere. Aitzitik, marrazoa edo ezpata-arraina izango nintzateke gustura, baita beso askoko olagarro erraldoia ere.

Diotenez, izurdeak, fokak eta itsas lehoiak ez dira arrainak. Ai! Asko gustatuko litzaidake izurdea izatea eta olatu altuenen artean gora eta behera ibiltzea, telebistan eman zuten dokumental batean ikusi nituenen gisa. Balea izatea ere ez litzateke nolanahiko kontua, baina asper aurpegia dute. Hala ere, ziur nago oso ondo pasatzen dutela eta gu garela pozik dagoen balea batek zer-nolako aurpegi duen ez dakigunak ...

Tira, inongo errege izatekotan, itsasoko errege izatea gustatuko litzaidake! Oraingoz, nahikoa daukat hondartzara joatearekin eta, itsasoaren eta zeruaren artean, zeruertzean dagoen urdin koloreko marra horretatik bidaiatzen dudala amestearekin. Ziur naiz marra horretan balea izan naitekeela, zeruan hegan egin dezakedala eta etxean dudan mundu-bola horretan ikusten den moduko itsasoa ikus dezakedala: izugarria, urdina eta amaierarik gabekoa.

(Tomás Molinaren Contes de l’Univers kontakizunaren egokitzapena.)

[1] Pujolas, P. y Lago, J. R. (Koord.). IK/KI PROGRAMA («Ikasteko Kooperatu / Kooperatzen Ikasi») TALDEAN IKASTEN IRAKASTEKO Ikasketa kooperatiboaren inplementazioa ikasgelan.

LURRALDE URDINA-FITXA-ERANSKINA.DOCX

 

5. Hobeto elkarrekin

Hiru bideo aurkezten dira, eta hiru egoera, non ikus daitekeen hobeto moldatzen garela denon artean lankidetzan aritzen bagara.

Bideoa deskargatzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=yirvVi3CFak

Hiru egoeretan agertzen dira arriskuak eta hiru kasuetan arriskuak ekiditen dira indarrak batuta, ondo antolatuta arriskuari aurre egiteko. Kasu honetan jazarpena da arriskua, benetako arriskua. Nola egingo zaio horri aurre?

HOBETO ELKARREKIN

6. Guztiok elkarrekin lortzen da

Egoera berezia gertatzen da bideo honetan. Indian gertatzen da. Jende guztia desesperatzen da, denak... bat ezik. Mutil bat martxan jartzen da, eta ...

Bideoa deskargatzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=m456HkYRvkQ

Bideoan erakusten den egoera, seguruena, ez dago gure herrian, baina...

  • Zer adierazi nahi dute?
  • Zergatik animatzen da jendea mutilari laguntzera?
  • Nola aldatzen da jendearen jarrera?
  • Zer jarrera dute hasieran?
  • Eta ondoren?
  • Zer gertatu da?
  • Zergatik?

ELKARREKIN