Zalantzarik gabe, horixe da denok lortu nahi dugun azken emaitza. Zentzu horretan ekimenaren helburua desideratum bat da, etorkizun ideal bat, baina jarraitu beharreko bidea ere erakusten digu, eta egin beharreko esku-hartzeen norabidea.
Helburu hori lortu ahal izateko, nahitaezkoa izango da elkarlana eta gizarte- eta hezkuntza-komunitateko eragileen parte-hartzea Bizikasi garatuko den eremuetan. Ekimena bera topaleku gisa ulertzen dugu, guztiek elkarrekin ikasteko eta prestatzeko aukera bat eman diezaiogun gure buruari gizarte eta hezkuntza fenomeno konplexu eta ondorio larrikoa ere izan daitekeen honen inguruan: eskola-jazarpena.
Aurrera begira dugun egitekoa aukera gisa ulertzeak, elkarbizitza positiboari buruzko ezagutza eta esperientziak partekatzea dakar, hala nola hezkuntza-jardunari buruz hausnartzea eta, alderaketa eta ekarpen arduratsuak oinarri hartuta, zoru komun bat ezartzea. Hala, konstruktu bat sortuko dugu eskola-jazarpenari modu sistematikoan eta hezkuntzaren bidez aurre egiteko, eta elkarbizitza positiborako dinamikak sustatuko ditu, edozein indarkeria mota agertzea ekidite aldera.
Eskola jazarpena egoera ebaztean Bizikasik pertsona barruko eta pertsonen arteko harremanak berreskuratzeko eredua hartzen du oinarritzat, eta eredu sistemiko-ekologikotik eta genero analisitik garatuta dago. Gure ustez, orientazio horri esker, Bizikasik barnean har ditzake euskal ikastetxeek elkarbizitza positiboa garatzeko eta jazarpena errotik ezabatzeko azken urteotan egin dituzten eta egun ere egiten ari diren jarduketa eta programa espezifikoetako asko. Ikuspuntu hori kontuan hartuta, jarduketa horien babes-geruza bihurtuko da, eta, era berean, jarduketen norabidea zehaztu eta aberasten du, paradigma hezitzaile-berritzaile eta sistemiko-ekologikotik abiatzen baita. Ikusmolde hori kontuan hartuta, jarduketak proposatu, eta ekimenaren tresnak diseinatzen dira.