Jazarpena, zer da?

Tximeleta belarriak
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Hitzezko erasoen aurrean erantzuten ikastea
- Kideenganako errespetua bultzatzea
- Desberdintasun fisikoak gure gorputzetan aztertzea
GARAPENA
Edozein ezaugarri txiki, irain edo iseka iturri izan daiteke umeen artean. Ipuin honek, beste batzuentzat iseka eta irain egiteko arrazoia beste begi batzuekin begiratu behar diogula adierazten digu. Gure berezitasunak akats bezala ikusi beharrean, pertsona berezi egiten gaituzten ezaugarri bezala ikusten bideratuko gaitu. Maddi besteak ez bezalako neskato bat da, autoestimu altuarekin, beste haurren isekei irudimenez eta baikortasunez aurre egiten dakiena bere ezaugarri fisikoengatik eta bere janzkeragatik.
Ipuina talde handian landu eta gero, gaiari buruz hitz egingo dugu. Nolakoa da Maddi? Zergatik egiten diote barre lagunek? Zein jarrera hartzen du berak? Noizbait sentitu izan zarete Maddi bezala?
Elkarrizketa sustatu eta gero, “Animalien ibilera” abestia eta dantza egingo dugu gelan:
“Denok ibilera desberdina dugu,
Denok ibilera berezia,
Modu batera edo bestera
Desberdina bezain berezia”
“Matxinsaltoa/ Karramarroa/ Pinguinoak… goazen berriz hastera
Bada denok lerrora”
DENBORA
Ipuina eta dantza egiteko bi saio.
BALIABIDEAK
- Animalien ibilera dantza https://www.youtube.com/watch?v=P4byJ7qRy3E
- Ipuinaren kontaketaren bideoa https://www.youtube.com/watch?v=aYkZaH4D4Is
BIBLIOGRAFIA
Aguilar ,L , Nieves ,A (2009).Tximeleta belarriak. Pamiela-Kalandraka
Hitz jarioa
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Gelako kideen arteko elkar ezagutza bultzatzea
- Eskola jazarpena zer den ezagutzen hastea
- Jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzea
GARAPENA
1. eranskineko irudia aurkeztuko diegu ikasleei (bikoteka, taldeka, denok batera... erabakitzen den bezala). Adieraziko diegu 9 hitz daudela, horietatik bi tokiz kanpo daude ( Erantzuna: parkea, maitatu) eta besteak lotura bat dutela. Horiek aurkitu beharko dituzte. Ziurrenik, esanahiarekin zalantzak egongo dira, honek hitz bakoitzaren azalpena eskatuko du.
- Mehatxatu: norbaiti, hitzez edo keinuz, eta beldurtzeko asmoz, kalte egin.
- Biktima: ekintza edo egoera baten ondorioz kalteak izan dituen pertsona
- Ikusle: bereziki ikuskari bat, ikusten duen edo ikusten ari den pertsona (eta ikusitakoaz ez duena ezer esaten).
- Baztertu: norbait alde batera utzi jakinda bakarrik geratuko dela.
- Gezurrak esan: egiaren kontra esaten dena
- Lagunak: norbaitentzat, berarekin jolasean, lanean edo kidekoetan aritzen den pertsona
- Hitz itsusiak esan: beste bati molestatu ahal zaizkion hitzak –IRAINDU-
Ondoren, saiatuko gara ondorioztatzen hitz guzti hauek zein gaiarekin lotuta dauden : JAZARPENA
(Esanahia: ikasle batek beste ikasle baten edo ikasle-talde baten aldetik tratu txar jarraitua, fisikoa nahiz morala, jasotzea). Talde handian, zerrendatuko dugu inoiz eskolan jazarpen egoerarik ikusi bizi izan duten eta zer egin zuten kasu horretan (epaitu gabe, gairekiko hurbilketa modura).
DENBORA
Saio bat
BALIABIDEAK
- Eranskina: Jazarpena, hitz jarioa.
Hizki zopa
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Eskola jazarpena zer den ezagutzen hastea
- Jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzea
GARAPENA
Jarduera honek aurreko saioarekin lotura izango du (Ikus: 4.2.2 Hitz jarioa). Bertan agertzen diren esanahiei hitza emango diogu denon artean. Irakasleak definizioa irakurriko du eta landutako zein hitzari dagokion asmatu eta idatzi ondoren, hizki zopan topatu beharko dugu. Eskola jazarpeneko 8 hitz topatu beharko ditugu guztira.
DENBORA
20-30 minutu.
BALIABIDEAK
- Educaplay. Hizki zopa
Jarrera onak, bai!
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Gelako kideen arteko elkar ezagutza bultzatzea
- Eskola jazarpena zer den identifikatzen hastea
- Jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzea
GARAPENA
1.zatia:
Gogoratuko dugu labur zer den eskola-jazarpena, nortzuk parte hartzen duten eta zein ekintza lotuta egon daitezkeen eskola jazarpenarekin (aurreko saioetan oinarrituta). Arbelean bi multzo sailka ditzakegu BAI / EZ bereizten dutenak. Ondoren, bikote bakoitzari irudi bat banatuko zaio (Eranskinetan topatuko dituzue marrazkiak). Elkarrekin erabaki beharko dute zer ikusten duten eta gertatzen ari den hori eskola jazarpena den edo ez. Altxatu eta irudia zutabe batean edo bestean kokatuko dute. Gela osoak baieztatu edo ezeztatu beharko du ondo kokatuta dagoen egoera hori.
** Haurrak egoeren inguruan dituzten esperientziak, sentimenduak eta gertakariak partekatzera animatuko ditugu.
2.zatia:
Eskola jazarpenaren zutabea aztertuko dugu egoeraz egoera. Talde handian eztabaidatuko dugu zer egin genezake guk gertatzen ari den egoera hori aldatzeko, umeei proposamenak eskatuz. (Aldaera: proposatu ahal zaie talde txikietan irudikatzea nola lagundu ahal ditugun ikasle horiek).
DENBORA
Saio bat.
BALIABIDEAK
- Eranskina: Jarreren txartelak
Jazarpen motak (LH2)
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Gelako kideen arteko elkar ezagutza bultzatzea
- Eskola jazarpena zer den identifikatzen hastea
- Jazarpenaren ezaugarriak eta guztiengan dituen ondorioak zein diren ezagutzea
GARAPENA
Gogoratuko dugu labur zer den eskola-jazarpena, nortzuk parte hartzen duten eta zein ekintza lotuta egon daitezkeen eskola jazarpenarekin (aurreko saioetan oinarrituta).
Eduki berria aurkeztuko diegu. Eskola-jazarpen mota nagusiak aurkeztuko ditugu adibideekin:
- Jazarpen fisikoa: kolpeak, bultzakadak, kalteak gauzetan.
- Hitzezko jazarpena: irainak, mespretxuzko ezizenak, mehatxuak.
- Jazarpen soziala: bazterketa, zurrumurruak zabaltzea, harremanak manipulatzea.
- Jazarpen zibernetikoa: Teknologia erabiltzea jazartzeko, informazio kaltegarria zabaltzeko, mezu mehatxagarriak bidaltzeko (hau aipatuko diegu eranskinean agertzen ez bada ere)
Umeei hausnartzeko gonbitea egingo diegu: Inoiz ikusi/bizi al duzu honelakorik? Zer egin zenuen momentu horretan ? Haurrak egoeren inguruan dituzten esperientziak, sentimenduak eta gertakariak partekatzera animatuko ditugu.
Jarraian, eranskina aurkeztuko diegu (talde handian, txikian edo bakarka egiteko pentsatuta dago).
Egokia izango litzateke azkenengo bertsio edo zuzenketa denok batera egitea, landutakoa argi geratzeko.
DENBORA
Saio bat.
BALIABIDEAK
- Eranskina: Jazarpen motak