Jazarpena...

1. Zer da jazarpena?

Irakasleak sarreratxo bat egingo du, hasi baino lehen:

“Gure arteko harremanak behin baino gehiagotan zailak dira eta gatazkak sortzen dira. Gatazkak konpontzen ez direnean eta areagotzen direnean gaizki sentitzen gara eta batzuetan gatazka horietan dauden pertsona batzuk oso ahul eta bakarrik sentitzen dira…”.

Jarduera honetan helburua da jazarpenaren inguruan hitz egitea.

Dinamika hasiko da galdera batzuekin:

  • Zer da jazarpena?
  • Adibideren bat jar dezakezu?
  • Nola sentitzen dira jazarpena sufritzen duten neska-mutilak?

Ikasleek esaten dutena taula batean kokatuko da (arbel digitalean, ordenagailuan, paper handi batean...) (ikus taula). Seguruena esango ikasleek dituzten gauza asko ez dira jazarpena izango, baina horiek ere idatziko ditugu.

Ikasleek gauza gutxi esaten badute, edo ezer ez, irakasleak adibide batzuk proposatu ditzake:

zer da jazarpena

Seguruena ikasleek honelakoak botako dituzte:

  • "Ez da behin bakarrik gertatzen".
  • "Beti egiten diote"...
  • "Nahita egiten dute".
  • "Ez da kasualitatea"...
  • "Beti berberak dira"...
  • "Beldurra ematen du".
  • " Ez da broma"...
  • "Asko dira". "Gehiago dira". "Indarra handia du (dute)"...
  • "Berak (Haiek) ondo pasatzen du(te)"...

Ikasleek esandako ideietatik jazarpenaren ezaugarriak aterako dira:

  • Pertsonalizazioa gertatzen da (biktimarena eta jarrera jazarlea duenarena).
  • Denboran irauten da.
  • Kalte handia eragiten du. Sufrimendua dago.
  • Botere-desoreka dago.
  • Asmoa dago.

Berrikusiko dira bi adibideak eta desberdintasunei erreparatuko zaie ezaugarriak aztertzen direnean. Ikasleek emandako adibideak ere orraztuko dira.

Ondoren, ikasleek aipatutako sentimenduak aztertuko dira. Inportantea da biktimekiko enpatia sortzea, eta ikusleen rola aipatzea; hau da, zerbait ikusten bada, zer egin behar da?

Ondorioak atera beharko ditugu:

  • Laguntza eskaini edo eman.
  • Jazarleari aurre egin.
  • Heldu bati kontatu .
  • Laguntza eskatu...

Bukaeran, denon artean jazarpenaren definizioa formulatuko dute.

JAZARPENA ADIBIDEAK-ERANSKINA.DOCX

JAZARPENA DEFINIZIOA-ERANSKINA.DOCX

JAZARPENA FITXA-ERANSKINA.DOCX

ZER DA JAZARPENA

2. Esan ez jazarpenari

Jazarpenaren inguruan ikasleekin hitz egiten dugunean, oso garrantzitsua da pertsonak ez kalifikatzea. Adibidez, “jazarpena egiten duen pertsona” erabiliko dugu eta ez dugu erabiliko “jazarlea”.

Jokabideei buruz hitz egiten ari gara, baina ez ditugu pertsonak kalifikatzen, hain zuzen ere pertsona horiei aukera emango baitiegu jokabideak aldatzeko, batez ere jazarpen-egoeretan.

Ikasleekin lanean aritzen garenean, askotariko alderdiak landuko ditugu baina beren ideietatik abiatuta:

Interesgarria izango litzateke hiru alderdi hauek aipatzea:

  • Pertsonak:

Inplikatutako pertsonak: jazarpena egiten duena / dutenak.

Jazarpena sufritzen duena.

Egoera ikusten dutenak.

  • Jazarpen-tipologia:

Ezizenak jartzea.

Gauzak kendu edo puskatzea.

Zurrumurruak zabaltzea.

Txantxak egitea.

Baztertzea.

  • Biktimen sentimenduak:

Tristura, pena, bakardadea

Kulpa

Gaixotasuna

Depresioa

Konfiantza eta segurtasun falta

Komeni da jazarpenaren gako-ezaugarriak ere deskribatzea:

  • Ez da behin bakarrik gertatu, denboran irauten du.
  • Ez da kasualitatea, asmoa dago.
  • Desoreka dago. Pertsona batek botere gehiago du eta besteak gutxiago, beldurra duelako (agian, fisikoki indar gutxiago du, edo bakarrik dago, edo ez da gai bere burua defendatzeko ziurtasun falta duelako).

Dinamika honen helburua da ikasleak eskola-jazarpenari buruzko hausnarketa egitea, jazarpena identifikatzea eta ikastea nola egin aurre. Hasieran ikasleei galdetuko zaie ea badakiten zer den eskola-jazarpena. Ideia-jasa teknika erabiliz, haiek esango dituzten ideia guztiak jasoko dira, baina saiatuko da hurrengo taulan azaltzen diren hiru elementuak betetzen (aurreko orrian azaldutakoa kontuan izanik).

Jazarpen zuzena: zuzenean pertsonari zerbait egiten zaionean; adibidez, jo, bultzatu, edo sare sozialen bidez baztertu (ez utzi parte hartzen antolatzen ari diren planetan), eta abar.Aprobetxatuko behar da jazarpenaren bestelako ezaugarriak komentatzeko:

  • Zeharkako jazarpena: biktimaren bizkarrean egiten denean; adibidez, zurrumurru bat zabaltzen da korridorean edo patioan hitz eginda edo keinuka, biktimak jakin gabe, bazterketa probokatuz edota bere gauzei kaltea eginez.

Dinamikaren bukaeran, hausnarketa egingo da alderdi hauen inguruan:

  • Zer egin dezakegu jazarpenaren aurrean?

o Biktimari laguntza emateko?

o Jokabide jazarlea duena gelditzeko?

  • Norengana joan gaitezke laguntzaren bila?

JAZARPENA- ERANSKINA.DOCX

ESAN EZ JAZARPENARI

3. Irudikatu

Gertaera bat irakurri edo kontatuko da gelan, eta ikasleei esango zaie irudikatu behar dutela istorio hori eskolan gertatzen ari dela eta haiek dena ikusten dutela.

Gaur jolasorduan haur batzuk harrapaketan ari dira jolasten, korrika eta barrezka ari dira. Badirudi toki ona dela jolastokia, toki alaia; itxuraz, haur guztiak pozik daude. Baina ez, badago neska bat, Ane (istoriorako aukeratuko ditugun izenak izango dira gelan ez daudenak) bakar bakarrik dagoena, zutik, pareta baten kontra. Triste dago, serioa dago, dena begiratzen ari da. Saiatzen ari da inor ez 
konturatzen, ikusezina bihurtzen, baina batzuk konturatu dira; badoaz harengana eta hasi da...

Hitz egiten hasten dira Aneri buruz: haren arropari buruz, ileari buruz, amari buruz, haren etxeari buruz... Mirenek esaten du:

-Hobeto ez gehiegi hurbiltzea, agian kutsatuko gara!!

Miren da gehien hitz egiten duena eta besteek errepikatzen dute berak esaten duena, barrezka eta sudurra tapatzen, usain txarra egongo balitz bezala. Ane estutzen da paretaren kontra eta saiatzen da ez entzuten, baina hamaika mila aldiz entzun die eta ez bakarrik patioan, gelan eta sarrera-irteeretan ere, beti dabiltza berataz hitz egiten eta barrezka.

Bere ondoan egon behar badute apartatu egiten dira, batzuetan begiratzearekin batera berak, Anek, badaki zer ari diren pentsatzen eta lotsatuta sentitzen da.

Txirrinak jotzen du eta Miren eta bere lagunak gelara sartzen dira lasai asko; Ane, berriz, atzean gelditzen da bakar-bakarrik, triste eta lotsatuta.

Anek, denbora luze batean, ez dio inori kontatu gertatzen ari dena eta sentitzen duena. Beldurtuta dago. Ez da ausartzen ezer esatera. Pentsatzen du zerbait esaten badu gauzak okertu egingo direla.

Gainera, askotan pentsatzen du gertatzen zaiona bere erruarengatik gertatzen zaiola. Baina oker dago, ez da horrela.

Egun batean, Ane oso gaizki sentitzen da eta pentsatzen du norbaitekin hitz egin behar duela, baina oso zaila egiten zaio. Beldurtuta dago. Eta azkenean erabakitzen du tutorearekin hitz egitea.

Irakasleak entzun, eta hau esaten dio:

─Oso ausarta izan zara, Ane, hau guztia kontatzeagatik eta horri esker laguntza eman ahal izango dizut. Baina benetan gauzak aldatzeko, Miren eta beren lagunei esan beharko diezu nola sentitzen zaren, esaten dio irakasleak.

Baina Anek esaten dio ez dela ausartuko, ez eta ez! Beldur handia die.

Orduan, esaten dio irakasleak:

─Nik hitz egin beharko dut haiekin eta nola sentitzen zaren nik esango diet. Baimena ematen didazu? Eta ez da beharrezkoa zu aurrean egotea.

Anek, askoz lasaiago, baietz esan dio. Eta hobeto sentitzen da, pixka bat hobeto.

Handik gutxira irakaslea bildu da Mirenekin eta haren lagunekin eta Aneren egoera azaldu die:

─Eskerrik asko etortzeagatik. Zuen laguntza behar dut. Oso kezkatuta nago ikasle batengatik, azken boladan oso triste eta bakarrik dabil eta duela gutxi arte ez da ausartu inori kontatzen, baina orain niri kontatu dit eta nik zuei kontatzen dizuet uste dudalako lagundu ahal diozuela. Hark sinesten du inork ez duela berekin jolastu nahi eta inork ez duela bere laguna izan nahi.

Mirenen lagunak urduri jartzen hasi dira, konturatu dira zer esaten duen irakasleak. Baina Miren ez, bestaldera begira dago.

Eta irakasleak jarraitzen du:

─Hain triste dagoen neska Ane da; begira zein gaizki sentitzen den, hauxe esan baitit:

“Goizean, esnatzen naizenean tripako minez nago, gaixorik nago. Ez dut eskolara etorri nahi, baina nire amak esaten dit etorri behar dudala. Eskolan sartzen naizenean oso urduri jartzen naiz eta nire bihotzeko taupadak hain fuerte hasten dira, patioaren zarata guztiaren gainetik entzuten ditut.

Eztarriko mina sentitzen dut ere. Haiek oso gauza itsusiak esaten dituzte nitaz eta nire amaz, eta inork ez die esaten gelditzeko, halakorik ez esateko. Gauean ezin dut lorik egin hurrengo egunean zer esango duten pentsatzean. Gero lotan nagoenean amets gaiztoak izaten ditut: patioan nago eta denek nitaz gauza itsusiak esaten dituzte, batzuetan garrasiak egiten ditut. Esnatzen naizenean geldi-geldirik nago ilunpetan, nahi dut ohean gelditu eta ez bueltatu eskolara inoiz ez!”.

Mirenekin dauden beste ikasleak oso gaizki sentitzen hasi dira. Bat erdi negarrez dago. Bestea lurrera begira. Ez dakite zer esan, batek esaten du:

─Ez nuen pentsatzen hain gaizki sentituko zela...

Irakasleak esaten du:

─Ba... orain badakizue; beraz, zerbait egin dezakegu hobeto sentitzen laguntzeko, ezta? Zerbait bururatzen zaizue?

─Nik esango diot gurekin jolasteko─ esaten du Martinek.

─Txantxetan ari ginen─ esaten du Martxelek.

─Hurrengoan bikoteka lan egin beharko dugunean, berarekin jarriko naiz─ esaten du Junek.

─Eta zuri, Miren, zer bururatzen zaizu?─ Miren pentsatzen gelditzen da eta ondoren esaten du:

─Nik ere esango diot gurekin jolasteko.

─Ondo da─ esaten du irakasleak ─orain zuen ardura da Ane gusturago egotea eta gustura eskolara etortzea. Nik noizbehinka galdetuko diot hari ea nola dagoen eta zuekin elkartuko naiz berriro datorren astean eta hurrengoetan ere bai─. Eta horrela egin zuen eta gauzak konpontzen joan ziren…

Hilabete pare bat pasa da eta berriro patioan gaude, berriro haurrak jolasean ikusten ditugu eta denak pozik daude, korrika eta jolasean. Imajinatu ikusten duzuela Ane jolasten ari dela Mirenekin eta lehen mina ematen zioten besteekin eta imajinatu Ane ondo dagoela, pozik, gustura etortzen dela eskolara.

Baina patioaren bazter batean badago mutil bat, Jon izenekoa, amorru handiarekin erdi negarrez, gelara joan behar du atsedena bukatu delako baina beldurrez dago Ander eta Josu, bere gelakoak, berarekin sartzen direlako behin eta berriz. Egunero bokata kentzen diote, motxila husten diote, daraman arroparekin sartzen dira eta gaur ostikada batzuk eman dizkiote. Nazkatuta dago, baina ez dio inori esaten beldurtuta dagoelako.

“Zu aurreko egunetan konturatzen hasi zara eta gaur dena ikusi duzu. Zer egingo duzu?”

Aukera emango diegu ikasleei egindako galderari erantzuna emateko. Animatuko ditugu pentsatzera Joni zer esango lioketen edota haiek ikusitako helduren bati kontatzera.

Azpimarratu beharreko ideia: behin zer ari den gertatzen ikusten dugula ez badiogu laguntzarik ematen biktimari, jazarleari laguntzen diogu.

Ikasleek esaten dutena, botatzen dituzten ideiak edo erantzunak jasoko dira(arbelean, ordenagailuan…)

Hala eta guztiz ere kontuan izan behar dugu gai hau oso konplexua dela eta agian ikasle asko ez dutela ezer esango. Horrela gertatuko balitz, galdera batzuen bidez gidatu dezakegu elkarrizketa:

  • Anek kontatzen du inork ez zuela ezer egin Mirenek eta bere lagunek egiten ziotena gelditzeko. Zergatik uste duzue gertatzen dela?
  • Ane oso gaizki sentitzen zen, gaixorik, ezin zuen lorik egin eta ez zuen eskolara etorri nahi. Baina jazarpena egiten zuen batek esan zuen “txantxetan ari zirela”. Hori horrela da?
  • Beldurrarazteko jokabideak nolakoak izan daitezke? Aipatuko ditugu batzuk?
  • Borroka bat beldurrarazteko jokabide bat da?
  • Eztabaida bat beldurrarazteko jokabide bat da?
  • Dena ikusten dutenek zerbait egin dezakete?
  • Zerbait egin daiteke guri gertatzen zaigunean edo beste edonori gertatzen zaionean?

Gogoraraziko zaie ikasleei halakoetan heldu batekin HITZ EGIN behar dela, irakasle batekin, jangelako begiraleekin, etxeko batekin. Zerrenda bat egin daiteke lagundu dezaketen pertsonekin.

IRUDIKATU

4. Zirkulua

Teknologia berriak eta sare sozialak gaizki erabiltzeak sortzen dituen gatazka eta arazoen aurrean, sare sozialetatik kanpo sortzen diren arazo eta gatazken aurrean bezalaxe jokatzen dugu ohituraz. Horregatik, oso garrantzitsua da aztertzea gatazken aurrean guk zer-nolako jarrerak hartzen ditugun, nola erantzuten dugun eta horiei irtenbidea aurkitzen nola saiatzen garen, erabilgarria gertatuko baitzaigu teknologia berriekin edo sare sozialekin lotutako arazo bati aurre egiteko orduan.

 

Proposatzen den dinamikak bi zati ditu:

Lehen zatia. Esango zaie zirkulu bat osatzeko, eta besoetatik elkarri lotuta egoteko zirkuluan. Hankak erdi irekita dituztela, oinaren alde bat ikaskideen oinaren kontra jarriko dute.

Lau pertsona zirkulutik kanpo kokatuko dira, eta honako agindu honi jarraitzeko esango zaie: “Zuen helburua da gainerako ikaskideek osatu duten zirkuluaren barrura sartzea”.

Bigarren zatia. Bigarren zatian, taldeka, bi zerrenda egin behar dituzte; batean, ezagutzen dituzten “Jazarpen eta tratu txarren agerraldiak” jasoko dituzte (haiek jasan dituztelako edo ikaskideengan ikusi dituztelako ezagutzen dituztenak); eta, bestean, “tratu onen agerraldiak” (ikus taula).

Ondoren, lehen zatian gertatutakoa aztertuko dute galdera hauen bidez:

  • Zer gertatu da?
  • Nola sentitu zarete barrura sartzeko ahaleginetan ibili zaretenok?
  • Eta zirkulua osatzen zenutenok?
  • Indarrez sartzen saiatu zarete?
  • Horrela egin behar zenutela esan dizue inork?
  • Ba al zegoen “horrenbesteko indarkeriarik” gabe sartzeko modurik?
  • Zer aukera bururatzen zaizkizue?

Haiek proposamenak azaldu ondoren, beste aukera hauek ere azter daitezke:

1. Zirkulua osatzen dutenekin hitz egitea, sartzen uzteko.

2. Tonu atsegina erabiliz, sartzen uzteko eskatzea.

3. Mesedez eskatzea. Barrura sartu nahi duela azaltzea, eskatzen duenaren alde egin dezaten saiatuz.

4. Zirkulua osatzen duten ikasleen taldeak sartzen uztea erabaki du. Zertarako babestu beren burua, inork eraso egiten diela sentitzen ez badute?

5. ...

Saiatu behar da ondorioak ateratzen:

Horrelako egoeretan, beste hainbat gatazkatan bezala, jokabide lehiakorrak jazarpenari aurre egitea une jakin batean eta indarkeria erabili ohi ditugu guk nahi duguna lortzeko, bai saretik kanpo eta bai sare barruan ere. Indarkeriazko jokabideak alde batera utzi eta beste aukera batzuk bilatzeko eseri eta elkarrizketan hastea zaila egiten zaigu.

Indarkeriazko jokabideak erabiltzeak neke emozional handia sortzen digu eta harremanak kaltetzen ditu harreman gatazkatsua daukagun pertsonekin.

Indarkeriazko jarrerak ez ditugu erabiltzen, gizakiok indarkeria berezkoa dugulako (hori ez da egia), horrela ikasi dugulako baizik.

Ez digute erakutsi jarrera horiek modu eraikitzailean lantzen; horretarako, gatazkari buruz barneratuta dugun ideia hau baztertu behar dugu: bi aldeen arteko borroka, non biak saiatuko diren besteari irabazten.

Ezinbestekoa da teknologia berrien testuinguruan jokabide horiek aztertzea, gure ekintzak eta gure erreakzioak oso bizkor zabaltzen baitira, eta jende askoren aurrean gainera; horregatik, ezinbestekoa da gogoeta egitea eta, erabaki aurretik, gure ekintzen ondorioak neurtzea.

[1] Suspergintza elkartea.: Egonline. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 2015.


TRATU ONAK-TRATU TXARRAK-ERANSKINA.DOCX

ZIRKULUA

5. Bully Dance

Ezinbestekoa da jazarpenaren gaiari hurbiltzea errudunak bilatu gabe. Dudarik gabe, jokabide jakin batzuek ondorioak izan beharko dituzte jokabide horiek izan dituztenentzat, eta irakaslea saiatuko da ikasleak sentsibilizatzen egoera horien inguruan.

Jazarpena gelditzeko, ezinbestekoa da jokabide horiek izan dituztenen laguntza,  baina epaitzen baditugu, kalifikatzen baditugu, ez da erraza izango. Aldatzeko aukera ematen badiegu, berriz, errazagoa izango da haiek ere laguntzea.

Askotan, jokabide jazarleak dituzten ikasleek ez dituzte trebetasun sozialak garatu eta ez dakite nola egin beste pertsonekin harremanetan sartzeko.

 

Bideo honetan oso erraza egingo da jazarpenaren ezaugarriak eta elementuak identifikatzea. Saioak dirauen bitartean ez dira biktimaeta jazarle hitzak erabiliko. Normalean inurria/txikia edo zezena/handiaerabiltzen dituzte ikasleek, modu naturalean.

Film laburra ikusten hasi baino lehen, aurkezpen gisa hau esango zaie ikasleei: “Arreta jarri; ikusiko duguna maiz gertatzen da eskolan; ikusi, eta bukatutakoan hitz egingo dugu”.

Bideoa deskargatzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=4K02OxmV3-0&t=59s

Bideoan ikusitakoa aztertzean ahalegin irmoa egingo da gelako inoren izena ez agertzeko. Seguruena egoera hurbilak aipatuko dira, eta norbaiten izena aipatzen bada, hau esango zaie:

“batzuetan gertatzen dira, baina ezin dugu onartu, min handia egiten dutelako”. Saiatuko gara jokabide jazarlea egiten duenari errua ez botatzen, beste guztiei errua kentzen dielako eta zilegi ez delako, besteek ere beren neurria badutelako: bilatu behar dena da denen arteko ardura-sentimendua eta ez erruduna.

OHARRA. Bi modutan egin daiteke:

1. aukera. Bideoaren azterketa bi saiotan egin daiteke; horrela egiten bada, bigarren egunean berriro ikusi behar da.

2. aukera. Bideoa ikusi eta gero, ikasleak lau taldetan banatuko dira eta talde bakoitzak alderdi bat aztertuko du. Ondoren, talde handian partekatuko dute talde bakoitzean aztertu dena; azkeneko atala ere aztertuko dute.

Bideo laburra ikusi ondoren, eskatuko zaie konta dezatela burura etorri zaien lehengo hitza edo emozioa.

  • Nori iruditzen zaio ondo bukatzen dela? Zergatik?
  • Nori iruditzen zaio gaizki bukatzen dela? Zergatik? Nola bukatu beharko litzateke ondo bukatzeko?
  • Zer gertatu da film laburrean? (Txandaka hitza emango diegu guztiei).

Azken galderari erantzuteko, hainbat gai atera beharko lirateke:

Jazarpena

  • Jokabideak: jazarpen fisikoa (jo, bultzatu, mehatxatu…), ahozko jazarpena (iraindu, burla egin, gaizki hitz egin beste bati buruz lagunak ez izateko…), giza bazterketa (ez utzi parte hartzen, taldetik bota, ez ikusiarena egin...).
  • Non gertatzen da? Jendea dagoenean edo inor ez dagoenean?

1. Biktima (inurria)

  • Biktima hau ahula eta lagunik gabekoa da? Hasieran bazituen lagunak, baina gatazka areagotzearekin batera, bakarrik uzten joan dira.
  • Zer egiten du biktimak erasoen aurrean? Aurre egiten du? Gai da bere burua defendatzeko? Alde egiten du? Ezkutatzen da? Irakasle bati esaten dio? Uste duzue berak bakarrik ahal duela jazarpena gelditu? Edo laguntza beharko du?

2. Ikusleak

  • Ez dute ezer egiten? Zerbait egiten dute egoera aldatzeko?
  • Norbaitek ez badu ezer egiten, laguntza bila ere ez badoa konplizea al da?
  • Zergatik ez diote laguntzarik eman teilatutik erori den arte?
  • Nork har zezakeen esku jazarpena gelditzeko?
  • Lagunek zergatik ez diote laguntza ematen? Zer sentitzen dute? (beldurra haiei berdin egiteko?
  • Jolastokian daudenean, zergatik egiten diote burla beste batzuek? Zergatik agertzen da bakarrik zirkuluaren erdian? (Hemen ikus daitekeen fenomenoa kutsatze soziala da: taldean egiten diren gauzak bakarrik egonda ez lirateke inoiz ere egingo).

3. Jokabide jazarlea duena(k) (zezena eta bere lagunak)

  • Zergatik ematen du min jokabide jazarleak dituenak? Zergatik ditu beldurrarazteko jokabideak? (Aspertzen delako, mendekuarengatik, inbidiarengatik...)
  • Batzuek laguntza ematen diote. Zergatik egiten dute hori?
  • Laguntzarik izango ez balu, egingo zuen? Ausarta da?
  • Jazarleak horrela jarraitzen badu, bizitzan, aurrerago, zer gertatuko zaio?
  • Mutilek eta neskek berdin jokatzen dute mina edo beldurrarazteko jokabideak izateko unean?
  • Min ematen duten neskek eta mutilek ulertu behar dute eskolak ez duela jokabide hori onartzen.
  • Batzuetan ikasleek proposatzen dute jazarleei egitea haiek egiten dutena (min eman, iraindu, gaizki hitz egin, baztertu...); saiatuko gara bestelako irtenbide prosozialoagoak aurkitzen; adibidez, onartzea gaizki egin dutela, esatea ez dutela berriro egingo, laguntza ematea hobeto sentitu arte eta integratuak egon arte, ordaina...

4. Emozio eta sentimenduak

  • Nolako sentimenduak dituzte protagonistek? Nola sentitzen da jazarlea irakasleak zigortzen duenean? Zer sentitzen du biktimak teilatutik erortzen denean? Eta nola sentitzen dira dena ikusten dutenak?
  • Nola ikusiko da dena biktimaren ikuspegitik?
  • Hausnarketa:

·Salatzea (norbaiti min emateko asmoz)

·Defendatzea (laguntza eskatzeko asmoz)

Bukatzeko

  • Ikusi al dituzue noizbait hauek bezalako egoerak? Nolakoak? Zer gertatzen zen?
  • Ikusleak zeuden? Zer egiten zuten? Laguntza ematen zuten? Nori?
  • Zer egin dezakegu jazarpen-egoera bat bukatzen laguntzeko?

Lagundu beharko zaie ondorio batera iristen: jazarpena problema handia da, guztion ardura da zerbait egitea bukatzen laguntzeko.

BULLY DANCE

6. Ciberbullyng

Ziberjazarpen-egoera bat aurkeztuko zaie ikasleei hausnartzeko zergatik gertatzen diren egoera hauek eta nolako sentimenduak eragiten dituzten biktimengan.

Bideoa deskargatzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?v=Ds3GP7ypzes

Oso garrantzitsua da guztion artean hitz egitea konturatzeko haserrealdi batek sor dezakeen gatazka oso handia izan daitekeela eta ondorioak, oso kaltegarriak.

Elkarrizketa bideratzeko, galdera hauek proposatuko dira:

  • Zer gertatu da?Zergatik?
  • Zein izan da benetako arrazoia?
  • Zer eragiten dute sare sozialek?
  • Nola sentitzen da biktima?
  • Argazkia partekatu duenak benetan nahi zuen lortu gertatu dena?
  • Nola sentitzen dira ingurunean dauden beste lagunak, ikusleak?
  • Zer egin beharko genuke horrelako egoerak ez gertatzeko?

CIBERBULLYING