Jazarpenari aurre egitea, bai

1. Kasuak aztertzea
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da Kezkategia jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Eskola-jazarpenari aurre egiteko aukerak eztabaidatzea.
-
Kasu horietan irtenbideak bilatzea.
-
Eskola-jazarpena jasotzen dutenekin enpatia izatea.
GARAPENA
Jarduera honetan puzzlearen teknika kooperatiboa erabiliko da.
Bost kideko taldeetan banatuko dira ikasleak eta ikasle bakoitzari Kasuak aztertzeko fitxa bat emango zaio, 1etik 5era. Bost kasu prestatu dira jarduera honetarako (ikus baliabideak).
Kasu bera duten ikasleek adituen taldea osatuko dute. Talde bakoitzak egokitu zaion kasua aztertuko du.
Adituen taldean kasua aztertu ondoren, ikasleak oinarrizko taldera bueltatuko dira. Ikasle bakoitzak bere kasua azalduko die taldekideei. Horiek kasuak entzun, ekarpenak egin eta
guztien artean Kasuak aztertzeko fitxa orokorra beteko dute.
Oharra: Eranskinetan dagoen kasuren batek gelako ikasleren baten egoerarekin lotura nabarmena badu, irakasleak neurtu beharko du komenigarria den gelan aztertzea, kasuarenarabera ikasle hori biktimizatzea ekar dezake eta.
-
Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
-
Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
-
Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
Bi saio
BALIABIDEAK
KASUAK AZTERTZEKO FITXA OROKORRA.DOCX
Post it-ak, kartoi mehea edo papera, zenbakiak jartzeko
2. Sareko arriskuei aurre egiten (Z)
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da Kezkategia jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Sareko arriskuak hautematea.
-
Sare sozialen erabilera desegokitik ondorioztatutako arazoei aurrea hartzeko eta konponbidea bilatzeko bideak norberak aurkitzea.
-
Teknologia berriak eta sare sozialak erabiltzeko orduan hartzen diren hainbat jarrera ezagutzea.
GARAPENA
Talde handia Sareko Arriskuak fitxan oinarrituta, hainbat informazio partekatuko du ikasleekin.
Ondoren, baliabideetan datozen bideoak ikusiko dituzte taldean, eta, gero, eranskineko Arriskuen aurrean, zer?binaka; bideoetan sumatu dituzten arriskuak eta arrisku horiek saihesteko hartu beharko liratekeen prebentzio-neurriak idatziko dituzte taula horretan.
Gero, emandako erantzunak talde handian bateratuko dituzte, eta, zatar-paperean edo kartoi mehean egingo den taula handi batean, arrisku- eta prebentzio-neurri guztiak bilduko dira.
Taula handia osatu ondoren, gogoeta hau bideratuko du irakasleak guztien artean, txanda errespetatuz eta denon partaidetza ahalbidetuz.
-
Bideoetan deskribatzen diren arriskuak ezagutzen zenituzten?
-
Horrelako egoerak gerta daitezkeela uste duzue?
-
Hartzen dituzue deskribatutako arriskuak saihesteko beharrezkoak diren neurriak?
-
Horrelako egoerak saihestu daitezkeela uste duzue?
-
Aldatu behar dugu sarean nabigatzeko modua?
-
Berdin jokatzen dugu ezezagunekin saretik kanpo eta sare barruan?
-
Informazio bera ematen dugu saretik kanpo eta sare barruan?
-
Lagun berak ditugu sare barruan eta saretik kanpo?
Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak direla sareko arriskuak hautematea, sare sozialen erabilera desegokitik ondorioztatutako arazoei aurrea hartzeko eta konponbidea bilatzeko bideak norberak aurkitzea eta teknologia berriak eta sare sozialak erabiltzeko orduan hartzen diren hainbat jarrera ezagutzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
-
Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
-
Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
-
Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
Saio bat
BALIABIDEAK
Sareko arriskuak bideoak (Playlist)
3. Gurutzen istorioa
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da Kezkategia jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Nork bere identitatea garatzeko baliabideak izatea.
-
Besteen identitateari errespetua izatea.
GARAPENA
Hasieran bakarka irakurriko dute eranskinean dagoen Gurutzen istorioa eta bertan dauden galderei erantzungo diete. Istorio honetan genero-estereotipoak betetzen ez dituen gazte batek jasan ditzakeen erasoak agertzen dira. Erabilitako izenek ere bide ematen dute sistema bitarra apurtzeko eta gure aurreiritziak azalarazteko.
Ondoren, hiru kideko taldeak egingo dira. Talde bakoitzean partekatu egingo dute bakarka egindakoa.
Hiruko talde bakoitzean artean istorioari amaiera bat emango diote. Taldekide bakoitzak pertsonaia bat hartuko du eta antzezteko prestatuko dira.
Istorio horretan agertzen diren tratu txarrak zer motatakoak diren azalduko du irakasleak. Kasu horretan, genero-estereotipoak betetzen ez dituen gazte baten aurkako eraso psikologikoak eta hitzezkoak.
Ondoren, talde handian, eta irakasleak esandako ordenan, taldeek besteen aurrean antzeztuko dute prestatutako istorioa.
Antzezpen bakoitzaren ostean, denon artean eta irakaslearen laguntzarekin, istorioari emandako amaieraren inguruko hausnarketa hau egingo dute:
-
Laguntza izan al du Gurutzek egoera horri aurre egiteko?
-
Onartzen da Gurutzek eskubidea duela sentitu eta nahi duena izateko?
-
Argi geratu da Gurutzen identitatearen inguruan arazoak dituztenak ingurukoak direla eta ez bera?
Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak direla nork bere identitatea garatzeko baliabideak izatea eta besteen identitateari errespetua izatea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
-
Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
-
Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
-
Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
Saio bat
BALIABIDEAK
4. Amanda Todd-en bideoa (Z)
Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
Helburuak:
- Uler dezagun zer den sexting-a.
- Identifika ditzagun arriskuak.
- Ikus dezagun zer egin dezakegun horrelakorik gerta ez dadin.
- Gu beti tinko eta prest ezetz esateko; ez dezagun zabaldu beste inori kalte egiteko moduko ezer.
Denbora: 30 min
Nola egin:
Amandak bere istorioa bideo batean azaldu zuen. Ikus dezagun. (8:15min).
Amanda Todd 15 urteko neska gazte kanadarra ziberjazarpena jasaten ari zen 12 urte zituenetik. Gelakide guztiek jazartzen zuten, ez jazarleak bakarrik, eta, azkenean, bere buruaz beste egin zuen. Sextinga egin zuenean hasi zen dena: bere buruari toplessen argazki bat atera, eta “lagun” bati bidali zion, on line. Erasotzaileak argazki hori baliatzen zuen biktimari edozer eskatzeko. Argazki hura, gero, denen artean zabaldu zen, eta orduan hasi ziren neskatoa aurrez aurre jazartzen eta ziberjazartzen, baina ez erasotzailea bakarrik, inguruko denak baizik. Neskatoak jada ez zuen bere irudia kontrolatzen, eta ezin zuen Internetetik ezabatu. Ez zuen lortzen ihes egitea jazarpenetik eta estigmatizazio sozialetik, ezta ikastetxez edo hiriz aldatuta ere. Burutik nahastuta zebilen, antsiak jota, bere burua lesionatzen hasita, eta azkenean, hilabeteak sufritzen eman ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Lehenago, ordea, bideo bat grabatu zuen. Han azaldu zuen, kartelen bidez, zer gertatzen zaion.
Eztabaida pizteko galdera batzuk:
- Zuen ustez, zergatik bidali zuen Amandak argazkia?
- Zergatik uste duzue argitaratu zuela mutilak?
- Zer egin zuten ikaskideek?
Galdera batzuk, eztabaidan jarraitzeko:
- Zer gertatzen zaion azaltzeko, Amandak bideo hori egin zuen; zergatik?
- Zuk zer egingo zenuke norbaitek horrelako argazki bat eskatuko balizu?
- Eta, zuk bidali, eta hark argitaratu egingo balu, zer egingo zenuke?
- Eta lagun baten argazki “ez erakusteko modukoa” iritsiko balitzaizu, zer egingo zenuke?
Garrantzitsua da ikasleek barneratzea ez dela zabaldu behar beste norbait kaltetu dezakeen ezer.
II. ERANSKINA: Zer gertatu zaion azaltzeko egin duen bideoa
5. Arazo bat daukagu (Z)
Egonline[1]
Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
Helburuak:
- Sare sozialak ez baldin baditugu ondo erabiltzen, litekeena da arazoak sortzea. Ea lortzen dugun bakoitzak bere bideak topatzea horrelakorik gerta ez dadin, edo horrelakoak konpontzeko.
- Sare sozialak erabiltzeko jarrera desberdinak daude. Ezagutu ditzagun.
- Rol-dinamika baten bidez, ea ikasten dugun enpatia edukitzen sarean itsuskeriak pairatzen dituzten biktimekiko.
Denbora: 50 min
Nola egin:
Sare sozialak gaizki erabili ditugu eta orain gatazka bat daukagu. Gatazka zertan den irakurri. Talde-kide batzuk aukeratu, tartean direnen rolak jokatzeko. Nola egingo duten? Banatu dituzue rolak, azaldu duzue gatazka, orain, istorio bat sortu behar dute, baina amaiera positiboa eduki behar du.
Gainerako taldekideek behatzaile gisa jardungo dute. Gatazka deskribatu eta antzeztu ondoren, zer sentitu duten idatzi beharko dute zatar-paperean. Beste gauza bat ere deskribatu behar dute: ea rol bakoitza nola jokatu behar zuten, gatazkarik ez gertatzeko; eta, behin gatazka piztuta, nola jokatu behar zuten.
GOGORATU: Tratu txarrak gertatzen direnean, beti bada norbait sentitzen duena beste norbaitek jazarri egiten duela eta gaizki tratatzen duela. Mespretxuz eta errespeturik gabe horrela dabilenari inork ez dio estimurik, beldurra izaten diote, horixe.
Inkesta egin ondoren, talde handira joango gara, emaitzak denen artean ikusteko. Saioa bideratzeko, dinamizatzaileak galdera hauek egingo ditu:
Uste duzue horrelako zerbait gerta daitekeela gelan?
Zer egin behar zen gertatutakoa saihesteko?
Zuen ustez, zuen gelan edo ikastetxean ere gertatzen da? Zer pentsatzen duzue gauza horiei buruz?
Jazarpen larria iruditzen zaizue, edo ez da hainbesterako?
Uste duzue biktimari kalte egingo diola?
Zuekin cyberbullying-a egingo balute, nagusiren bati esango zeniokete?
Esango ez bazeniokete, egoerak hobera edo okerrera egingo luke?
Internetetik nor edo nor jazartzen ari badira, nola geldiarazi? Zer egin?
Zer egin genezake guk, inork guri horrelakorik ez egiteko?
I. eranskina: Testuinguru teorikoa eta ondorioak
II. eranskina: Kasuak eta rolak