Jazarpenari aurre egitea, bai

1. Isiltasunaren katea

Edozein jazarpen-kasuren aurrean, enpatia izatea ezinbestekoa da irtenbide egokia bilatzeko. Horrek laguntzen du inplikatuen beharrak identifikatzen eta, horren ondorioz, dagokien erantzuna aurkitzen. Jazarpena sufritu duten pertsonen testigantzek laguntzen dute pertsona horiekiko enpatia izaten eta jazarpenari aurre egiteko moduak bilatzen. Isiltasunaren katea hautsi egin behar da.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da  ataleko Estresetik lasaitasunera ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

HELBURUA

  • Eskola-jazarpena jasotzen dutenekin enpatia izatea.

  • Eskola-jazarpenari aurre egiteko aukerak eztabaidatzea.

  • Kasu horietan irtenbideak bilatzea.

GARAPENA

Hasteko, baliabideetan eskaintzen den bideoa1 ikusiko dute taldean. Bideoan jazarpena sufritu zuten lau neraberen kasuak aztertzen dira. Horietako bi gazte aurrera atera ziren eta egun jazarpenaren kontrako ekintzetan inplikatuta daude. Beste bik, berriz, bere buruaz beste egin zuten. 

Bideoa ikusi ondoren, lau kideko taldeetan banatuko dira ikasleak. Talde bakoitzari Testigantzak izeneko eranskina emango zaio, lau kasu horiek aztertzeko. Taldeko kide bakoitzak kasu banaren ardura hartuko du, eta horretaz komentatzen dutena idatziko du, gero talde handian irakurtzeko. Eranskin horretan  galdera batzuk agertzen dira, kasu bakoitzaren azterketa gidatzeko. 

Lana amaitzen dutenean, talde handian partekatuko dituzte haien ekarpenak. Partekatze hori ordenan egin daiteke: lehenengo, Carlosi buruzko talde guztien iruzkinak, gero Carlari buruzkoak, ondoren Monicari buruzkoak eta, bukatzeko, Cristinari buruzkoak. 

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela eskola-jazarpena jasotzen dutenekin enpatia izatea, eskola-jazarpenari aurre egiteko aukerak eztabaidatzea eta kasu horietan irtenbideak bilatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Zer ikasi duzu?
  • Zailtasunik izan duzu?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

-------------------------------

Bideoa RTVEko Crónicas saioko "la Cadena del silencio" dokumentalaren parte da https://www.rtve.es/alacarta/videos/cronicas/cronicas-cadena-del-silencio/1760607/

ISILTASUNAREN KATEA

2. Atipikoa

Espektro autistaren nahasmendua (EAN) duten ikasleek tratu txarrak eta jazarpena sufritzeko aukera gehiago dute. Egoera horiek prebenitzeko, ikasle horiek ezagutzea eta ulertzea da lehenengo urratsa.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da  ataleko Estresetik lasaitasunera ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

HELBURUA

  • Espektro autistaren nahasmendua (EAN) duten ikasleen ezaugarriak eta beharrak interpretatzea.
  • EAN duten pertsonei laguntzeko bideak irudikatzea.
 

GARAPENA

Sarrera moduan, irakasleak galdetuko die ea badakiten Espektro Autistaren Nahasmendua (EAN) zer den eta nahasmendu hori duen inor ezagutzen duten. 

Gaixotasuna ulertzen hasteko, eranskinetan dagoen El laberinto autista dokumentalaren lehenengo hiru minutuak erabil daitezke. Bertan ikusten da autismo mota eta gradu desberdinak daudela. Nahasmendu guzti horien ezaugarri komunak errepasatuko dira:

  • Harreman sozialetarako zailtasuna.
  • Komunikatzeko zailtasuna.
  • Jokabide eta interes murriztaileak eta errepikakorrak. 

Ezaugarri horiengatik guztiengatik, Espektro Autistaren Nahasmendua (EAN) duten ikasleek tratu txarrak eta jazarpena sufritzeko aukera gehiago dute.

Baina kolektibo horren ezaugarriak zenbait gaitasunekin ere lotu daitezke, nahasmendua gradu arinean ematen bada:

  • Zeregin mekaniko eta errepikakorretan gaitasun onak izan ditzakete. 
  • Eroso sentitu ohi dira ezarritako arauak errespetatuz eta betez. 
  • Interesatzen zaizkien gaiei buruzko ezagutza oso espezializatua eta zehatza lortzen dute. 
  • Oso logikoak eta literalak izateko joera dute. Horregatik, ez dute gezurrik esaten edo jendea manipulatzen.
  • Erabakiak irizpide objektiboen arabera har ditzakete, eta ez akatsak eragin ditzaketen aurreiritzi edo intuizioen arabera. 

Autismoa duen gazte baten egunerokoa ezagutzeko, Netflix-eko “Atípico” telesailaren laburpena ikusiko dute, ondoren. EAN arina duen Sam izeneko 18 urteko gaztearen bidez, autisten nortasunaren sintomak eta ezaugarri nagusiak identifikatuko dituzte, baita horiekin tratatzen ikasteko tresnak ere. 

Ikasleek Sam bezalako ikaskide bati nola lagundu pentsatu beharko dute. Horretarako, 3-4 kideko taldeetan banatuko dira, eta eranskinetan dagoen fitxa banatuko zaie.

Fitxa horretan, oso ezaguna den beste pertsonaia baten ezaugarriak agertzen dira: Sheldom Cooperrenak (Big Bang Theory). Sheldomek EAN mota berezi bat du: Asperger sindromea. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, ikusitako bideoan Samek horrelako ezaugarririk agertu duen ala ez eztabaidatuko dute, eta ezaugarri horiek sor ditzaketen zailtasunen aurrean laguntzeko proposamenak adostuko dituzte.

Lana bukatzen dutenean, talde handian, talde bakoitzak egindako lana aurkeztuko du eta EAN duen pertsona bati laguntzeko proposamen zerrenda  osatuko da, guztien ekarpenekin.

Bukatzeko, eta kontuan izanik helburuak zirela Espektro Autistaren Nahasmendua (EAN) duten ikasleen ezaugarriak ulertzea eta pertsona horien aurkako tratu txarrak eta eskola-jazarpena prebenitzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Zer ikasi duzu?
  • Zailtasunik izan duzu?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

ATIPIKOA

3. Zurekin bai, ahal dut!

Gaitzizenak jarri, bultzatu, iraindu, iseka egin, informazio oso pertsonalak erakutsi Interneten, imintzioak egin edo jo: haur eta gazte askok eta askok halakoei aurre egin behar diete egunero haien ikastetxeetan. Halakoak jasaten ari direnak babestu eta defendatzeko modurik badago. Jazarpenari aurre egiteko ahalmena badugu. Elkarrekin.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da  ataleko Estresetik lasaitasunera ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

HELBURUA

  • Eskola-jazarpenari aurre egiteko estrategiak eztabaidatzea.

GARAPENA

Hasteko, irakasleak ikasle bati eskatuko dio baliabideen artean dagoen “Mirenen eskutitza” irakurtzeko, eta guztiei galdetuko die ea horrelako kasurik ezagutu duten. 

Eskutitzak deskribatzen duen egoera jazarpenaren aurkako proiektu baten zatia da. Proiektu horretan parte hartu zuten ikasleek abesti bat grabatu zuten: Contigo si puedo. 

Ikasleek abestiaren bideoa ikusiko dute. Abestiaren letra baliabideetan gehitu da, pantailan proiektatu ahal izateko. 

Irakasleak gaiaren inguruko elkarrizketa bat gidatuko du, ondoren:

  • Zer iritzi dute ikasle horiek egin duten proiektuaz? 
  • Jazarpenari aurre egiteko estrategia ona da? 
  • Jazarpenaren aurka zerbait egin behar da? Merezi du?
  • Zer iruditu zaie abestia? Abestiaren letrak errealitatea deskribatzen du edo gehiegikeria da?
  • Ezagutu al dute horrelako kasurik?

Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburua zela eskola-jazarpenari aurre egiteko estrategiak eztabaidatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Zer ikasi duzu?
  • Zailtasunik izan duzu?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Saio bat

BALIABIDEAK

ZUREKIN BAI AHAL DUT

4. Ez zaitez kanpoan geratu (Z)

Epaiketara[1]

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

Helburuak:

Indartu ditzagun enpatia, etika eta autokonfiantza.

Saia gaitezen taldea trinkotzen, ea lortzen dugun jarrera kaltegarriei hobeto kontra egitea.

Ikas dezagun mezuak eta erabiltzaile gogaikarriak blokeatzen eta zerbitzarian ageriko uzten.

 

Denbora: 50 min

 

Nola egin:

“Epaiketara” rol-joko bat da. Ikasle guztiek parte hartu behar dute, bakoitzak paper bat jokatuz (1. eranskinean daude zehazturik paper horiek). 2. eranskinean, berriz, dinamika aurrera nola eraman dago zehazturik. Ez dago konponbide zuzen edo oker bakarra, benetako helburua gogoeta egitea delako, eta enpatia lantzea, epaiketan era batera edo bestera parte hartzen duten guztiekiko. Bizitza errealean bezala, batzuetan ez da erraza jakitea ekintza bat zenbateraino dagoen ondo edo gaizki; beraz, ezer egin baino lehen, funtsezkoa da ondo pentsatzea.

Gela honela antola daiteke: “lehendakari-mahai” bat, epailearentzat eta  idazkari judizialarentzat; auzi-gela moduko bat, esku-hartu behar duten guztientzat; eta beste mahai bana fiskalarentzat eta abokatu defendatzailearentzat. Ikasleak errazago antolatzeko, 1.2.c eranskinean fitxa batzuk aurkituko dituzue. Hor dituzue bakoitzaren paperak (paperaren izena, epaiketan duen egoera eta zeregina); eta 3. eranskinean, berriz, bakoitza identifikatzeko etiketak. Inor ez mintzearren, kontuz nori zer paper ematen diozuen, ez dezagun inor lotu benetan gertatu zaion zerbaitetara, edo ez diezaiogun eman antzeko beste talde-dinamika batean duen paper bera.

Esku artean dugun kasua (Instagrameko argazkiari egiten zaizkion irainak) azpi-gai bat baino gehiago jorratzeko erabil daiteke: zer garrantzitsua den taldean lekutxo bat edukitzea (abokatuari ondo etorriko zaio); edo zer garrantzitsua den arduraz jokatzea, itsu-itsuan besteen atzetik joan gabe, nor bere buruarekin zintzoa izatea, egin nahi ez dugun ezer egin gabe (fiskalak balia dezake). Interesgarria izan daiteke sakonago ikustea 1. akusatuak zer arrazoi dituen besteak estutzeko biktima xaxa dezaten; neurtzea ea merezi duen horrelako “lagunak” edukitzea; akusatu horri ardura handiagoa eskatzea (fiskalak). Fiskalak, gainera, erakuts dezake halakoetan beste era batera ere erantzun daitekeela, eta ez 3. akusatuak egin duen bezala, adibidez, estutzen gaituenari kasurik ez egitea, edo argi eta garbi ezetz esatea.

Eta biktima eta lekukoak? Haien proaktibitatea nabarmendu behar da; azaldu behar duzue biktimak izan duela nahikoa adore -barrutik gaizki egon arren- jazarleei esateko kentzeko komentarioak; eta lekukoek laguntasuna eskaini diotela, eta, komentarioak kendu ez dituztenean, epaiketara joaten lagundu diotela. Dinamika arintzearren, ondo legoke biktimak eta lekukoek batera ematea “lekukotza”, hartara agidanean ez dute “beldur eszenikorik” izango, eta garbiago erakutsiko dugu -begi aurrean alegia- horrelako erasorik ikusten dugun guztiok nola egon behar dugun prest biktimari laguntzeko.

Ondo legoke orobat akusatuek ere denek batera ematea testigantza, hain zuzen ere arinago ibiltzearren eta begiz ikus dezagun maila berean daudela, berdin diola biktimari min egin nahi zioten edo taldean lekutxo bat lortu gura zuten; denak maila berean daude, irain bati emandako “laketak” iraina bera bezain mingarriak dira.

Interesgarria izango da ikustea ea epaimahaikideak zer ondoriotara iristen diren bakoitzaren erantzukizunaz, eta zer proposatzen duten biktimari ordaina emateko (beharrezkoa bada, eztabaida labur bat bideratu, ea zein aukera den egokiagoa edo traketsagoa, betiere ahaztu gabe soluzioak hezitzailea eta orekatua izan behar duela).

 

Sakonago jo nahi izanez gero, amaieran protagonistei galdera gehiago egin dakizkieke, eta, adibidez, beste ñabardura batzuk proposatu.

 

Beste kasu batzuk ere epaitu ditzakegu, adibidez, 5. eranskineko auzi moralak gurera egokituz. Hala egitea erabakitzen baduzue, komeni da aurretiaz lan bat egitea auzi horiek “epaiketara” rol-jokoaren formatura egokitzeko, gero errazago antzezteko ikasgelan. Hona iritsita, nabarmentzekoa da YouTuben dagoen kasua antzekoa dela. Lagun-taldea dagoeneko osatuta  dago; ez da, orain, inor berririk etorriko taldera. Aurreko kasuan ikusi ditugun planteamenduez gain, aukera polita dugu gogoeta egiteko lagun-taldeetan hartzen ditugun rolei buruz (buruzagia, haren jarraitzailea, apal-apala, aurka-egilea), eta ea, horrelako egoeretan, zer-nolako eragina duten guregan eta besteengan. Gainera, gure ustez, haren ekimena tontakeria hutsa da? Ados gaude horretan, edo ez? Ados bagaude, ez al dago beste aukerarik? (adibidez, kasu-zipitzik ez egitea, bere kasa baitabil eta guri ez baitigu ezertan eragiten; edo gomendatzea ea zergatik ez duen bere profila pribatu egiten, musika-maila hobea izan arte). Aldi berean, gu estutzen ari den lagunari garbi hitz egin diezaiokegu, ondo uler dezan zer iritzi daukagun (edozein delarik ere) eta zer proposatzen dugun.

 

Goazen Whatsapp taldeko kasura. Gauza asko ditu aurreko bi kasuen antzekoak. Isilik geratu eta egin dezatela nahi dutena, edo tinko eutsi eta aurka egin? Taldean zer rol jokatzen dugu guk eta gure lagunak? Nahi al dugu horrelako lagunik? Zer aukera ditugu amore eman ez eta gatazka konpontzeko? Adibidez, Whatsapp-i adierazi zer gertatu den taldean; gurasoei eta irakasleei esan; taldearen barruan garbi utzi aurka gaudela eta ez dugula onartzen; taldetik irten; gure lagunarekin argi eta garbi hitz egin eta gure iritziari eutsi etab.

 

I. ERANSKINA, epaiketarako rolak (irakaslearentzat)

II. ERANSKINA, epaiketa garatzeko gidoia (irakaslearentzat)

III. ERANSKINA, epaiketarako rolak

IV. ERANSKINA, epaiketarako identifikazio-etiketak

V. ERANSKINA, beste oinarrizko egoera batzuk, epaiketaren dinamikara egokitzeko

 

EZ ZAITEZ KANPOAN GERATU


[1] Internet Segura for Kids (IS4K). 2.0 Eskola Jardunaldien Programa “Vivimos en red”. Egokitua