Jokabide Suizida
Adingabeek ikastetxeetan pasatzen dute beren denboraren zati handi bat, eta zentro horien eginkizun nagusia da garapen integrala bermatzea, irakaskuntza eta ikaskuntza errazteko inguruneen bidez. Horregatik, ikasgelak ingurune ezin hobea dira osasun mentala sustatzeko eta jokabide suizidaren prebentzio-estrategiak ikasteko: arrisku faktoreak zein diren ezagutzea, ohiko alarma seinaleak detektatzen jakitea eta laguntza bilatzen jakitea. Irakasleek aitortzen dute ikasleen artean suizidioa prebenitzeko rol garrantzitsua bete ohi dutela, eta prest daude
modu aktiboan parte hartzeko.
Hezkuntza-eremuan jokabide suizidak prebenitzeko garatutako esku-hartzeek eragin positiboa dute ideazio suizidaren kudeaketan, eta efektu iraunkorra dute suizidio-saioetan (Robinson et al., 2018); beraz, eraginkorrak dira bizitzak salbatzeko. Ikaskuntza sozioemozionaleko programa unibertsalek agerian utzi dute nabarmen hobetzen dutela nerabeen osasun mentala (Durlak et al., 2011), eta adostasun zabalez onartzen da eskola adinean egindako prebentzio-ekimen askok –hala nola komunikazioa eta familia-laguntza sendotzea– ondorio onuragarria dutela nerabeengan ideazio suizidak murrizteko. Ikastetxeetako bizitzarako trebetasun sozioemozionalen programen helburua da hezkuntza-komunitate osoaren ongizate emozionalera bideratutako gaitasunak eskuratzea, ikasleen eta irakasleen artean segurtasuna eta konfiantza sortzen duen ikasgelako girotik abiatuta.
Maila anitzeko esku-hartzea
Nazioarteko ebidentzia zabal batek gomendatzen du hezkuntza-eremuko jokabide suizidaren prebentzioa osasun publikoaren ikuspegitik bideratzeko –helburua da jokabide suizidak agertu baino lehen ahalik eta ikasle gehienengana iristea–, “maila anitzeko eskuhartzea” izeneko eredu baten bidez (Miller, 2021).
Jokabide suizidak prebenitzeko programa unibertsalak, edo 1. mailakoak, hezkuntzakomunitate osoari zuzendu behar zaizkio, ikasleak eta profesionalak barne, haien arrisku-maila edozein dela ere; eta laguntza behar duten ikasleak identifikatzea eta detektatzea dute helburu. Hori justifikatzeko premisa da arriskuan dauden gazte gehienak anonimotasunean daudela eta ez direla detektatzen. Osasun mentala eta haren babes-elementuak sustatzea dute helburu, hari lotutako arrisku-faktoreen prebentzioa eginez, eta saiatzen dira inplikatutako ikasleak konbentzitzen balizko arrisku-egoeren aurrean laguntza eta alternatiba eraginkorrak bila ditzaten.
1. mailan kontuan hartu beharreko edukien barnean daude, besteak beste: informazio epidemiologikoa; jokabide suizidaren inguruko mitoak eta errealitateak; arrisku-faktoreak; babes-faktoreak; jokabide suizidaren alarmaseinale posibleak; eta ikaskideen jokabide suiziden aurrean egokiak diren erantzunak (zer esan eta zer egin). Kontua ez da informazio sakona ematea, baizik eta haur eta nerabeen jokabide suizida prebenitzeko oinarrizko ezagutzak orokortzea. Irakasle orientatzaileak eta irakasle aholkulariak dira programa horiek gidatzeko profesional egokiak.
2. maila ikasle zaurgarrienei edo jokabide suizidak garatzeko arriskua dutenei zuzendua dago. Azkenik, 3. mailak jokabide suizidak izan dituzten eta esku-hartze espezifikoagoak behar dituzten ikasleengan jartzen du arreta. Eskolan suizidioa prebenitzera bideratutako esku-hartzeen funtsezko alderdiak dira, besteak beste, egituratu behar direla, hezkuntzakomunitate osoa inplikatu behar dutela eta denboran iraunkorrak eta jasangarriak izan behar dutela; izan ere, esku-hartze laburrak edo soilik kanpoko langileek egindakoak ez dira oso eraginkorrak izan.
Esku hartzeko hezkuntza-esparrua: Bizikasi ekimena
Bizikasi ekimenaren bidez sustatu nahi da ikastetxeak bizikidetza positiboko eta zero tolerantziako gune seguruak izatea gerta daitezkeen jazarpen-egoeren aurrean, hori ezinbestekoa baita hezkuntza-sistemaren helburu nagusia lortzeko: ikasle guztiak beren garapen pertsonalean laguntzea eta gizartean herritar aktibo eta arduratsu gisa parte hartzeko gaitasunez eta tresnez hornitzea. Horretarako, funtsezkoa da bizitzaren esperientzia partekatzea pertsona guztien duintasunaren, ekitatearen, inklusioaren eta elkarrekiko errespetuaren defentsatik abiatuz. Beraz, beharrezkoa da, alde batetik, bizikidetzan heztea. Atmosfera positiboa sortzea, ingurune seguruak eta giro abegitsuak sortuz, denek parte har dezaten eta beren potentzialtasun guztiak ahalik eta gehien garatuz ikas dezaten. Hau da, kide izatearen sentimendua eta lotura landuz, horiek baitira eskola inklusiboa eraikitzeko tresnarik onenak.