Elkar ezagutzen

1. Maleta

Helburua:

  • Autoezagutza eta beste pertsonen ezagutza hobetzea, baita taldearen kohesioa eta elkarrekiko errespetua ere. Kide izatearen sentimendua areagotzea. 

Denbora:

  • Saio bat. 

Baliabideak:  

  • Maleta, kutxa edo motxila bat, jarduera egiteko egokia. 
  • Ikasleek ekarritako objektuak. 

Garapena:  

Egun batean, irakaslea maleta itxura duen kutxa batekin etorriko da gelara; maleta apainduta edo pertsonalizatuta egongo da eta irakaslearen izaera ordezkatuko duen objektu-sorta bat izango du barruan (hiru edo lau, ezarritakoaren arabera): zaletasunak, trebeziak, akatsak, maniak, eta abar. Maletatik aterako ditu da eta ikasgela osoari erakutsiko dizkio, bakoitzak irudikatzen duena azalduta: «Tableta honek esan nahi du txokolatea oso gogoko dudala, eta, oro har, gozoki guztiak».  

Jarraian, ikasleen txanda izango d. Guztiek maleta noiz eraman antolatuko dute. Maleta objektuz beteta daramaten egunean, beren kideei erakutsiko dizkiete eta azalduko diete zer esan nahi duen bakoitzak. 

Aldaera: 

Maletan objektuak ekar ditzakete, baina baita argazkiak, idazkiak, poesiak edo bereziki maite dituzten abestien letrak ere. Material horrekin guztiarekin taldearen «aurkezpen-liburu» antzeko bat egin daiteke eta familia batetik bestera eramango dute taldeko kide bakoitzaren senideek ere hobeto ezagut ditzaten semearen edo alabaren ikaskideak.  

 

OHARRA: Kontuan hartu beharko da ea ikasleren batek zailtasunak izan ditzakeela dinamika honetan parte hartzeko, bai familiako gorabeherengatik, bai curriculumeko zailtasunengatik, etab., hori horrela balitz, aldez aurretik egin beharko litzateke beharrezkoa den guztia ikasleen parte-hartzea bermatzeko.

2. Pilota

Helburua:

  • Autoezagutza eta beste pertsonen ezagutza hobetzea, baita taldearen kohesioa eta elkarrekiko errespetua ere. Kide izatearen sentimendua areagotzea. 

Denbora:

  • Saio bat. 

Baliabideak:  

  • Pilota bat. 

Garapena: 

Ikasturtearen lehenengo egunetan parte-hartzaileek beren ikaskide guztien izenak ikasteko jolas bat da, baina oraingo honetan egiten den proposamena hauxe da: 

Zirkulu handi bat marraztuko dugu gelako lurrean edo jolastokian edo areto handi batean. Ikasle bat jarriko da zirkuluaren barruan, eskuetan pilota bat duela. Bere izena esango du ozenki eta, jarraian, taldeko kide batena esango du eta hari pasako dio pilota; ondoren, zirkuluaren barruan eseriko da («Ana izena dut eta Juani pasako diot pilota»).  

Normalean jada parte-hartzaileek elkarren izenak ondo ezagutzen dituzte eta orduan dinamika egiten jarrai dezakegu talde barruan giro ona sortzeko.  

Kasu honetan, parte-hartzaile batek pilota beste bati pasatzen dionean zirkuluan eseri baino lehen, pilota pasako dion kidearen izenaz gain haren ezaugarri bat esango du: «Juan izena dut eta Anari pasako diot pilota, beti laguntzeko prest dagoen pertsona delako». 

Dinamika hau egin daiteke ikasturtean zehar behin baino gehiagotan baina kontsigna aldatuta, beti ere pilota pasatzerakoan aipatzen dena beste kideen ezaugarria positiboa izango delarik. 

3. Bat + bat = talde osoa

Helburua:

  • Parte-hartzaileekin hausnarketa egitea taldean dauden harremanen inguruan eta konturatzea askotan gelakideren bat bakarrik edo baztertua sentitu daitekeela. 

Denbora:

  • Saio bat. 

Garapena:

Taldeari proposatuko diogu bideo labur bat ikustea. Urruti bizi diren haur batzuk agertzen dira, bizimodu desberdina dute. 

  • Zertan da bizi modu hori desberdina? 
  • Zergatik? 
  • Nola bizi dira? 
  • Zer egiten dute elkarrekin? 
  • Norbait gelditzen da taldetik kanpo? 
  • Nolako harremana dute beraien artean? 
  • Eztabaidak dituzte? 
  • Borroka egiten dute? 
  • Paso egiten dute? 
  • Laguntza ematen diote elkarri? 
  • …. 

 

Bideoa ikusteko helbidea. https://labur.eus/F4R5w