Sarrera
Eskola-jazarpena fenomeno sozial konplexua eta paradoxikoa da. Jendarte heteropatriarkalaren ezaugarria den menderatze-menpekotasuneko eskema eta isiltasunaren kodea erregai nagusiak izanik, asko eta askotarikoak dira bertan eragiten duten aldagaiak. Horrez gain, barne-kode batez eta dinamika batez doituta dago; ezkutuan ematen da; iluna eta sakona da, detektatzeko zaila, eta, batez ere, min handia eginez ikasleen ongizate emozionala erabat suntsitzeko potentzialitate izugarria dauka, ikaste-irakaste prozesua bera arriskuan jarriz.
Beraz, premiazkoa eta ezinbestekoa da jazarpenaren inguruan prebentzio-neurriak hartzea. Baina, prebentzioari ekiteko ezinbestekoa dugu probentzioan urratsak egiten joatea. Hau da, Hezkuntza Sisteman diharduten guztiak formatu, doitu, hornitu eta aberastu beharrezko ikuskera, gaitasun, trebezia eta tresneriaz, ikastetxeetan izan litezkeen jazarpen-kasuei aurre egiteko.
Horrela bada, Hezkuntza Komunitate osoa izango da, bakoitza bere eremutik eta erantzukizun partekatuaren etengabeko konpromisoari ekinez,jazarpenaren aurrean tinko eta gertu jarriko dena ikastetxea jazarpenik gabeko gune bilakatzeko.
Hezkuntza-komunitatean bada talde bat bereziki erabakigarria jazarpenari aurre egiteko: ikasleak. Izan ere, hainbat ikerketaren ondorioetan azpimarratu egiten da lekukoen erabateko garrantzia jazarpenari aurre egiteko, esku-hartze eraginkorra eta iraunkorra garatu nahi bada.
Sarritan, eskola-jazarpenak aurrera egiten du jokabide erasotzaileak etekin soziala lortzen duelako berdinen artean. Egoera horretan, lekukoak arazoaren parte dira. Baina lekukoak konponbidearen giltzarria ere izan daitezke. Horretarako, ezinbestekoa da jazarpen-dinamikek etekin soziala jaso beharrean errefusa eragitea eta baztertu beharreko jokabideak izatea. Helburu hori lortzeko, funtsezkoa da lekukoak diren kideengan eragitea.