Nola sentitzen gara?

1. Nire amorrua

Batzuetan amorrua sentitzen dugu (pertsona edo gauza batekiko haserrea, ez-atsegin edo ezinikusia). Amorrua, ondo erabiliz gero, funtsezko emozioa da bizirik irauteko. Amorrurik gabe, beldurrik gabe bezalaxe, ezin urrunduko ginateke edo geure burua ezin babestuko genuke min ematen diguten gauzetatik. Amorruak injustiziaren aurka jokatzeko eta erasotzaile baten arriskutik babesteko indarra ematen digu. Halere, bideratzen eta modu egokian adierazten jakin behar da, geure buruari eta beste inori minik ez emateko.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

Gelan, talde handian, amorrua eragin dezaketen egoerak esatea proposatuko da. Baina hasieran zaila izan daiteke eta, horregatik, bi adibide proposatuko dira:

1. Jolastokiko egoera (ikus 1 irudia):

  • Zer gertatzen ari da?
  • Jolasten ari dira?
  • Nola sentitzen zara horren aurrean?
  • Zer sentitzen du neskak?
  • Zuk noizbait ikusi duzu horrelakorik?
  • Noizbait egin al duzu horrelakorik?
  • Noizbait amorratu egin zaitu norbaitek? Nola sentitu zara?
  • Konturatzen ari dira inguruan daudenak? Zer egiten ari dira?
  • Une honetara iritsi baino lehen, zer uste duzu gertatu dela?
  • Inportantea da hori?

2.Lagunen arteko harremanak (ikus 2 irudia)

Irudian ikusten dira neska eta mutil bat haur txiki batekin, baina hori lagunen artean ere gerta daiteke.

  • Zer gertatzen ari da?
  • Jolasten ari dira?
  • Uste duzu txatxa bat izan daitekeela
  • Nola sentitzen zara horren aurrean?
  • Noizbait ikusi duzu horrelakorik?
  • Noizbait egin duzu zuk horrelakorik?
  • Noizbait amorratu egin zaitu norbaitek? Nola sentitu zara?

Galdera horiek baliatuko dira gelan, gaiari heltzeko eta elkarrizketa sortzeko.

Ondoren, gelakide bakoitzari amorrua ematen dioten gauzetan pentsatzeko esango zaie eta “post-it”etan idazten joango dira. Ideia guztiak bildu eta irakurtzen joango dira egoera horiek zein diren aztertzeko.

Aztertuko dira zer gauza azaltzen diren, eta, batez ere, errepikatzen diren edo ez. Seguruena, pertsona batzuei amorru handia ematen dieten gauzek beste batzuei ez diete hainbeste ematen.

BALIABIDEAK

  • Kartoi mehe batzuk
  • “Post-it”ak

Bukaeran, hausnarketa egingo da. Helburua izango da konturatzea norberak gauzak modu batera ikusten dituela eta hori kontuan izan behar dela lagun hurkoari minik ez emateko.

Mundo cruel uno
Mundo cruel dos

 

NIRE AMORRUA

Irudia: Mundo Cruel. Filosofía visual para niños. Wonder Ponder

[1] Gizagune Fundazioa. Unitate Didaktikoa Elkargunea (3. Ziklorako). Moldatua.

2. Esaldi osatugabeak

Batzuetan, lagunekin gaudenean, egoera deserosoak gertatzen dira. Egoera horietan, askotan ez dakigu zer esan, era askotako sentimendu eta emozioak nahasten zaizkigulako.

Proposatzen dugun dinamika honen bitartez aukera izango dugu horri guztiari buruz hausnarketa egiteko, gure inguruan dauden pertsonak hobeto ezagutzeko eta ditugun sentimenduak eta emozioak balioesteko.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

Esaldi-zerrenda bat proposatzen da (hau edo beste bat izan daiteke, ikus erantsitako artxiboa). Esaldiak osatu beharko dira. Lana bakarka egitea proposatzen da. Ondoren talde handian komentatuko da.

Zerrenda eredua:

  • Talde batean isilik banago, …. sentitzen naiz.
  • Hitzik esaten ez duen pertsona batekin banago, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitekin haserretzen banaiz, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitek nirekin haserretzen bada, …. sentitzen naiz.
  • Norbait kritikatzen badut, …. sentitzen naiz.
  • Nirekin dagoen norbait negarrez hasten bada, …. sentitzen naiz.
  • Norbaiti konplimendu bat esaten badiot, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitek konplimendu bat esaten badit, …. sentitzen naiz.
  • Norbaitekin bidegabea banaiz, …. sentitzen naiz.
  • Norbait nirekin bidegabea bada, …. sentitzen naiz.

Bukaeran, egindako lana ebaluatuko dute. Honelako galderak egin dakizkieke:

  • Kostatu al zaizu esaldiak osatzea?
  • Nola balioesten ditugu sentimenduak?
  • Erraza al da guretzat sentimenduak adieraztea?
  • Erreparatzen al diegu besteen sentimenduei?

Norbait kritikatzen badut, .... sentitzen naiz.

Norbait nirekin bidegabea bada, …. sentitzen naiz.

Nirekin dagoen norbait negarrez hasten bada, .... sentitzen naiz.

Norbaiti konplimendu bat esaten badiot, …. sentitzen naiz.

Norbaitek konplimendu bat esaten badit, .... sentitzen naiz.

Norbaitekin bidegabea banaiz, …. sentitzen naiz.

Norbaitek nirekin haserretzen bada, .... sentitzen naiz.

Norbaitekin haserretzen banaiz, .... sentitzen naiz

Hitzik esaten ez duen pertsona batekin banago, .... sentitzen naiz.

Talde batean isilik banago, …. sentitzen naiz


[1]Seminario de Educación para la Paz y Asociación Pro Derechos Humanos: Jolasen Alternatiba II. Bakerako hezkuntzako jolasak eta dinamikak. Los libros de la Catarata. Madril. 2010. Moldatua.

ESALDI OSATUGABEAK-ERANSKINA.DOCX

ESALDI OSATUGABEAK

3. Nire emozioak kontrolatzen ditut

Emozioak erreprimitzea haiek ukatzea da: haserrea, tristura, antsietatea eta beste hainbat emozio sentitzen direla ez ohartzea. Hala ere, sentitzen ditugula antzeman gabe ere, gure gorputzak emozioek sortarazten dituzten hormonen eragina jasaten du. Emozioak erreprimitzeak edo ukatzeak gaixotasunak sor ditzake. Beldurrak, haserreak, erruak, inbidiak eta antsietateak ikasleen pentsaera eta ikasteko prozesua mugatu ditzakete.

 

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

Ikasleak, launaka jarrita, haserrea, inbidia, antsietatea eta beldurra eragiten duten egoerak aipatzen saiatuko dira, eta erantsita dagoen fitxan idatziko dituzte. Horrez gain, egoera bakoitzean izaten duten jarrera eta horrek ekar ditzakeen ondorioak ere idatziko dituzte. Gero, egoera bakoitzean izan dezaketen jarrera egokiena islatuko dute paperean.

Azkenik, talde bakoitzak besteen aurrean azalduko du idatzitakoa.

Irakasleak, ariketa amaitzean, elkarrizketa sustatuko du. Alde batetik, inpultsibotasuna kontrolatzeak duen garrantzia aipatuko du, eta inpultsibotasunak ekar ditzakeen ondorioak (indarkeria, esaterako).

Bestetik, emozioen errepresioaz hitz egingo du irakasleak; adibidez, ez da komeni haserrearen emozioa gure barruan gordetzea, kalte egiten baitu. Kanporatzea da egokiena, baina modu onean egin behar da.

BALIABIDEAK

  • Fitxa
  • Arkatza

[1]
Ezeiza Urdangarin, B., Izagirre Gorostegi, A. eta Lakunza Arregi, A.: Adimen emozionala (12- 14 urte bitartek ikasleentzat). Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia. 2008.

EMOZIOAK AZTERTZEKO FITXA-ERANSKINA.DOCX

NIRE EMOZIOAK

4. Matxinsaltoa eta mantalgorria

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

 

Norbaitek beste bati min egin, eta egindako minaz ohartzen ez denean, zer gertatzen da? Zer egin dezakegu hori gerta ez dadin? Nola egin daiteke? Edozer gauza egiteak balio du?

Min egiten digutenean, nola sentitzen gara? Zer nahi genuke? Zer esango genioke beste pertsonari?

Sentimendu ugari nahasten zaizkigu eta horiei buruz hitz egitea ez da batere erraza. Proposatzen dugun bideoa aitzakia polita da horretarako.

Bideoa lortzeko helbidea: https://www.youtube.com/watch?time_continue=4&v=joSOopBFD0A

Bideo honek aukera ezin hobea ematen digu gai ugari lantzeko:

  • Lagunez abusatzea.
  • Zer gertatzen da beste pertsonen sufrimenduaz ohartzen ez garenean?
  • Zenbat aldiz entzun duzu “besteri ez egin zuri egitea nahi ez duzuna”? Jabetu al zara haren esanahiaz?

Helburua da gorago aipatu diren gaien inguruan hausnarketa egitea. Konturatzea edozein bidegabekeriaren aurrean denok badugula zer eginik, baina edozer egiteak ez duela balio.

Sentimendu nahasiak ditugunean, hobe da hitz egitea, “hitzak” jartzea eta gure artean hitz egitea.

MATXINSALTOA ETA MANTAGORRIA

5. Egile-eskubideak (Z)

Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da  ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.

 

Helburuak:

  • Beste batzuek egindako edukiak errespetatzea eta baloratzea

 

Denbora: 20 min

 

Nola egin:

Kontua da gogoeta egitea beste batzuen lanaren egile-eskubideei buruz, ea, horrela, lortzen dugun ikus dezaten zer garrantzitsua den Interneteko edukiak errespetatzea, beste norbaitek eginak izanagatik ere.

Jarduerari hasiera emateko, “Selfie tomada por un mono” bideoa ikusi, edo bideoan aipatzen den albistea komentatu. “Selfie” hori tximinoak egin badio bere buruari, nor da jabea?

Umore-puntu bat, bai, esku artean dugun gaia lantzen hasteko, alegia, Interneteko egile-eskubideak errespetatu beharra, ea, horrela, jabetzen diren zer garrantzitsua den besteen lana ere zaintzea, errespetatzea eta baloratzea, halaxe gustatzen baitzaigu lana gure denean.

Istorioa Indonesian gertatu zen: tximino batek (makako beltza bera) argazkilariari kamera ostu, eta selfie bat egin zuen, bere buruari argazki bat atera alegia. Horixe azaltzen du bideoak/albisteak. “Slater zen argazkilaria, basa-bizitzan aritua eta aditua. Orduko hartan Indonesian zen, makako beltz kalpardunen bizitza erregistratzeko ahaleginean, baina, halako batean, tximinoetako bat hurbildu zitzaion, argazki-tresnen artera “zesuman”, kamera bat hartu, eta ehunka selfie egin zituen. Irudi asko lausoak ziren edo lurrera begira aterata zeuden, baina bikainik ere bazen, esate baterako eme irribarretsuaren selfiea, gero Interneten batetik bestera ibili zena etenik gabe.

Irudia mundu guztiko Internet-guneetan eta egunkarietan agertu zen; baina, gero, Wikipediak jabari publikoko argazkien bere bildumara erantsi zuen, Wikimedia Commons, eta Slaterrek orduan ekin zion fundazioaren aurkako lege-borrokari (bilduma horretan 22 milioi argazki eta bideo baino gehiago dago, denak eskubiderik gabe). Slaterrek dioenez, “ezin du esan argazkia jabari publikokoa dela, ez du horretarako eskubiderik; makakoak sakatu zuen obturadorea, baina aurreko lan guztia nik egin nuen.”

Ikasleentzat, eskola-garaian egiten dituzten lanak aukera paregabea dira egile-eskubideak errespetatzen ikasteko, beste egile batzuen lanak baliatu edo aipatu beharra izaten baitute.

Eztabaidaren muina, beraz, ez da nork duen arrazoia makakoaren gertakari horretan; hori akuilua besterik ez da, eztabaida eta gogoeta egiteko ea ondo erabiltzen ditugun Interneten denon eskura dauden lanak/irudiak.

Eta beste gogoeta-gai bat izango da ea badakigun zer igotzen dugun internetera, igotzen ditugun irudietan beste norbait agertzen denean adibidez, hartara pribatutasuna errespetatu beharraz ohar daitezen.

Badugu gaia, hortaz: egile-eskubideak eta norberaren eta besteen pribatutasuna errespetatu beharra. Orain, ikus ditzagun galdera batzuk, eztabaida alde horretara bideratzeko egin daitezkeenak:

  • Eskolako lanetan, erabiltzen al dituzue Interneteko irudiak?
  • Egiaztatzen al duzue egile-eskubiderik gabeko irudiak direla?
  • Nahi dugun bezala erabil al ditzakegu interneten argitaratutako obrak/argazkiak?
  • Norbaitek zuen lana kopiatu egiten badu eta ez badu aipatu ere egiten zuek zaretela egileak, nola sentituko zinatekete?
  • Igo al daiteke argazkirik internetera, argazkian agertzen direnen baimenik gabe?
  • Kontu egin norbaitek argazki edo bideo bat igotzen duela internetera; zu agertzen zara, agian zure izena etiketatu ere egin dio, baina zuk ez duzu baimenik eman; inoiz gertatu al zaizu horrelakorik?
  • Eta irudi horiek, adibidez, bere lana janzteko erabiltzen baditu? Egin al dezake hori?

Irakasleak, eztabaida amaitzeko, gomendio batzuk emango ditu, ikus dezaten Interneten ere errespetatu behar direla besteak. Puntu hauetan jarriko du azpimarra:

  • Interneten ere errespetatu behar dira egile-eskubideak, eta ohitura hartu behar da Creative Commons lizentzia daukaten edukiak erabiltzeko.
  • Besteen pribatutasuna ere errespetatu, gurea errespetatzea gustatuko litzaigukeen bezala. Adibidez, beste norbaiten argazki edo bideorik argitaratzeko edo norbait etiketatzeko, baimena eskatu.
  • Eta argi utzi behar da, halaber, norbaitek zure argazkia igo edo zu etiketatu baino lehen ere baimena eskatu behar dizula.

Irakasleak, amaiera gisa, erakustaldi bat egingo du irudiak nola bilatu azaltzeko (adibidez, "Google images” edo "Creative commons” erabiliz), lizentzia-mota hauek kontuan hartuta:

  • Aldaketa batzuk eginda berriro erabiltzeko aukeratuak.
  • Salerosi ahal izateko aukeratuak.
  • Salerosi ahal izateko eta aldaketa batzuk egin eta gero erabiltzeko aukeratuak.

 

I. eranskina: Bideo hau: “Selfie tomada por un mono” (1:41 seg)

II. eranskina: Artikulu hau: “¿Quién es el dueño de un “selfie” tomado por un mono?”

III. eranskina: Irakasleari laguntzeko esparru teorikoa

 

EGILE-ESKUBIDEAK