Osasun-larrialdiari lotutako proposamena
a) Zehar-konpetentzien garapena
Martxoaren 14ean deklaratutako osasun-larrialdiko egoerak eraginda ezarritako neurrien ondorioz, gure gizartea zurrunbilo emozional batean murgilduta dago. Horrelakoetan, urduritasuna, frustrazioa edo gogogabetasunak areagotu egiten dira eta argitara ateratzen dira kudeatzen jakin behar diren sentimenduak eta emozioak gainezka ezin ez dezaten. Bizi genuen egoera eta konfinamendu-deseskalatze uneetan bizitzen ari garena erabat ezberdinak dira eta, horrek egokitzapenaren beharra dakar berekin.
Izan ere, Hezkuntza-komunitate osoaren ardura eta kezka da, ezarritako neurriek izan dezaketen eragina ikasleen ikaskuntza prozesuan zein bilakaera pertsonalean, eta zer nolako eszenatokiak izango ditugun ikastetxeak berriro irekitzen direnean.
2019-20 ikasturtearen amaiera hurbiltzen ari denez, beharrezkoa da diagnostiko bat egitea, batetik, une honetan ikasleek dituzten beharrizanen ezagutzatik abiatuta, dagozkien orientabideak eta laguntza eskaintzeko, eta bestetik, 2020-2021 ikasturtearen hasierako esku-hartzea ahalik eta egokiena izateko.
b) Alderdi sozio-emozionalak eta talde kohesioa lantzea
Egun ez dakigu ziur, irailean, 2020-21 ikasturteari hasiera emateko unean, zein agertokitan ekin beharko diogun ikaste-irakaste prozesuari.
Hori bai, jakin badakigu, ohiko egoeratan ikasturte hasiera une garrantzitsu eta baldintzatzailea bada ere, 2020-21 ikasturtean ohiz kanpoko egoeratik eragindakoak areagotu egingo duela, alde batetik, alderdi sozio-emozionalak lantzeko beharra, eta bestetik, horien garapen egokia ahalbidetzeko talde kohesiorako dinamiken lanketa.
Funtsezkoa izango da beraz, harrera fase horretan ikasle (eta hezkuntza komunitatea orokorrean) ororen ongi izate sozio-emozionalaren ezagutzan eta hobekuntzan indarrak metatzea eta kalitatezko denbora inbertitzea.