Erronkak
Erronkek beti dituzte bi alde.
Alde batetik, helburu desiragarri jakin batzuk lortzeko nahia; horri esker, eguneroko jarduketak arretaz begiratzeko aukera izaten dugu. Horrela, lortzeko zailtasunarekin lotzen dira, edo guztiz ez lortzeko aukerarekin, beti esku-hartzearen alderdi garrantzitsuren bat aldatu behar izaten delako; hau da, gainditu behar diren erronkak dira. Zentzu horretan, desideratum bat dira, helburu bat, nahi bat.
Dena den, erronkak norabidea eta zentzua ematen die hura lortzeko egiten ditugun esku-hartzeei. Erronkak lor daitezkeen helburuak dira, azken helmuga eskuragarriak; beraz, arrazoizko itxaropena ematen diote, estimulu bat, aurre egin behar dienari. Horrela bada, erronkak helburuak gauzatzeko esparrua eta sarbidea dira.
Ondoren, Bizikasi ekimenaren erronkak deskribatzen dira.
Ikastetxeentzako laguntza sistematikoa ziurtatzea
Jazarpenaren konplexutasunak, bai bere ezaugarriengatik, bai ikastetxeen aldetik eskatzen duen hezkuntza-arloko esku-hartzeagatik, eskola-sistemak, eta zehazkiago, Hezkuntza Administrazioak, ikastetxeei laguntza sistematikoa ziurtatzea eskatzen du.
Laguntzaren helburua da ikastetxe bakoitzak elkarbizitza positiboaren garapenean eta sor daitezkeen jazarpen-kasuei heltzean duen lehentasunezko zeregina bere gain hartzea.Horrela, ikastetxeek beren gain hartzen dute hezkuntza-sistemak belaunaldi gazteak hezterakoan beren esku utzitako erantzukizuna: giza-agindu estereotipatutik kanpo, ikasleei hazkuntza pertsonal, sozial eta intelektualean laguntzea, eta bizi diren mundua ulertzen laguntzea, bertan hobeto kokatzen laguntzea eta hazten ari diren gizartean bizitza zoriontsua izateko eta integratuak egoteko beharrezkoak diren konpetentziak edukitzea.
Halaber, laguntza ikastetxe bakoitzak elkarbizitzari buruzko erantzuna bere egoera berezira egokitzera ere bideratuko da, dituen beharrizan eta aukeretara doitzeko.
Berritzeguneen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren funtzioen artean daude, ikastetxeengandik hurbilen dauden hezkuntza-eragileak direnez, ikastetxeen esku-hartzeen hobekuntzan aholkatu, orientatu eta laguntzea.Ikastetxeek erreferente hauetara jotzen dute lehenbizi, erakundeen laguntza eta babesa behar dutenean.
Bizikasik jasotzen duenaren arabera, zerbitzu bakoitzak, araudiak ematen dizkion funtzioetan oinarrituz, zeregin hirukoitza burutzen lagunduko die ikastetxeei:
1.- Probentzioaren lehenengo esku-hartze mailan ohikoak diren jarduketak burutzea. Horrek esan nahi du, elkarbizitza positiboa garatzeko eta indarkeriarik gabeko ikastetxea lortzeko estrategiei buruz hausnartzea eta horiek martxan jartzea:
- Hezkuntza-komunitateko eragileak sentsibilizatu eta kontzientziatzea prestakuntzaren bidez.
- Aldaketa metodologikoak eta antolamendu-aldaketak abiaraztea. Horien artean, nabarmentzekoak dira antolamendu-egituren sorrera eta horiek martxan jartzea, BAT taldea eta Elkarbizitzarako Behatokia sendotzea, esaterako.
- Tutoretza-saioetarako material didaktikoak inplementatzea.
2.- Esku-hartzea, jazarpen-salaketa bat dagoenean edo ikastetxeak horren aztarnak dituenean, eta ondorioz:
- Arrisku-faktoreak identifikatzea eta eskola jazarpenaren susmoa dagoenean esku hartzea.
- Eskola-jazarpen kasuak errotik ezabatzeko esku-hartzea.
3.- Egindako lanaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
Aurreko zereginak Ikastetxearen Elkarbizitza Planean jasoko dira. Dokumentu estrategiko horretan, ikastetxeek garatzen duten elkarbizitzaren arloko lanaren alderdirik garrantzitsuenak zehazten dira.
Bizikasi ekimenean Berritzeguneetako aholkularien esku-hartzeak ezaugarri hauek ditu:
Bestalde, ikastetxeetako erreferentziazko ikuskatzaileen esku-hartzea, ikastetxeek jazarpen-salaketetan eta kasuen ebazpen prozesuan egindako esku-hartzea ikuskatzea izango da. Zehazkiago, alderdi hauek hartuko dituzte kontuan:
Aipatu laguntzaz gain, ikastetxeek honako dokumentu hauek dituzte elkarbizitza positiboaren kudeaketa eta jazarpen egoeren aurrean esku-hartzeak nola bideratu jakiteko:
- EAEko ikastetxeetan eskola-jazarpen kasuetan jarduteko gida (2015)
- Ziberbullying kasuetan ikastetxeetan jarduteko protokoloa- EMICI (2011)
- Ikastetxeko Elkarbizitza Plana egiteko gida (2016)
- Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana (2013)
- Ikastetxeetan genero-indarkeriaren prebentzioarako esku-liburua (2016)
Araudiaren ikuspegitik betetzea derrigorrezkoa den erreferentzia legala 2016ko urtarrilaren 18ko Hezkuntza sailburuordearen ebazpena, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan gertatzen diren berdinen arteko tratu txarren egoeretan jarduteko protokoloa aplikatzeko argibideak onartzen dituena.
Gizarte eta hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea eta kontzientziatzea
Jazarpena giza harremanen adierazpenetako bat da, aldagai askorekin loturatako osagai konplexu ugari biltzen dituena; horregatik diogu faktore anitzekoa dela. Eskola-eremuan gertatzen denean edo horrekin lotura duenean, ikaskideen arteko jazarpenaz edo bullyingaz hitz egiten ari gara.
Pertsonen arteko harremanak nagusitasun-sumisio eskematik urruntzeko nahia unibertsala da. Gainera, ikasleen arteko harremana berdintasunean, simetrian eta lankidetzan oinarritzeko nahia, ikastetxe bakoitzaren xedea izan behar du.
Hezkuntza-arloko ikerketek eta jarduerek erakutsi dutenez, eskolek garapenaren hazi eta bereizgarri izateko aukera dute.Ikastetxeak hezkuntza-arloko azterketa eta esku-hartzea gauzatzeko unitate bihurtu dira eskubide osoz: «Eskola bakoitzak bere funtsa du eta eskubide osoz esku-hartzeko unitate bihurtzen da, eta ondorioz, azterketa-unitate. Eskola-giroa, positiboa zein negatiboa, ezin daiteke ikasleen jatorriagatik bakarrik azaldu, ezta ikastetxearen kokapen geografikoagatik ere. Ingurune eta egiturazko baldintza antzekoak dituzten eskolek, ikastetxeek eta institutuek oso giro desberdinak dauzkate» (A. Campo eta beste batzuk, 2000)
Eskolek, guztiek, mikrokosmos bat sortzeko gaitasuna dute, eta bertan daude hezkuntza-eragile zuzenenak, irakasleetatik eta zuzendaritza-taldetik hasita. Horiekin batera familiak eta irakasleak ez diren langileak hartu behar ditugu kontuan, hau da, hezkuntza-komunitate osoa.
Ikasleen ekarpenak ezaugarri bereziak ditu, hezkuntzaren subjektua baita, eta, era berean, hezkuntzaren eragile aktibo bihur baitaiteke. Ikasleak funtsezkoak dira jazarpena zabaldu ezin daitekeen eta zabaltzeko biderik aurkituko ez duen giroa eta kultura sortzeko. Elkarrenganako errespetuaren eta begirunearen, eta tratu onaren balioetan oinarritutako harremanak jazarpenaren garapena ekidin eta elkarbizitza positiboa sustatzen dute.
Eskolako eta gizarteko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-prozesuek batera garatu beharrik ez duten arren, bien arteko harremana bistakoa da: eskola bakoitza gizarte-inguru batean garatzen da eta inguru horri erantzuten dio, inguru horretatik banandu ezinik. Ikastetxe bakoitzak bere balioen eta sinesmenen arabera eraikitzen duen mundua kanpoaldearekin iragazkortasun etengabean dagoen gunea da.
Urteotan eremu horretan euskal ikastetxe askok hezkuntzaren arloko ikerketan zein jardunean egindako ahaleginak agerian utzi du elkarbizitza positiboa garatzea dela indarkeriarik ezaren kultura lantzeko modurik onena.
Horren haritik, «BAT. MOZORROA KENDUKO DIOGU BULLYINGARI» erakunde-kanpainak Bullyingaren ulerkera partekatuaren eta belaunaldi berrien hezkuntzan parte hartzen duen hezkuntza-eragile bakoitzaren erantzukizunaren oinarriak sustatzen ditu.
Elkarbizitza positiboa eta jazarpena desagerraraztea sustatzen duten egiturak sortzea
Eskola bakoitzak Bullyingik gabeko gunea eta elkarbizitza positiboa lortzeko gunea eraikitzearen nahia irakasleen eta ikasleen ohiko jarduera egituratu eta bideratzen duen ikastetxearen antolamenduan gorpuzten da.
Bizikasi ekimenean oinarrituz, ikastetxeetako egiturarik garrantzitsuenak nabarmentzen ditugu:
- Zuzendaritza-taldea
Ikastetxeko Zuzendaritzaren buruzagitza eta konpromisoa nahitaezkoa da ikastetxeetan abiarazi nahi den edozein programa edo proiektu garatzeko, baita Bizikasi garatzeko ere. Hori gauza nabarmena da, eta hezkuntza-arloko ikerketa eta jardun guztiek egiaztatzen dute.
- BAT taldea
Talde honetako kideak dira: zuzendaria eta ikasketa-burutza eta klaustroko beste bi kide (orientatzailea/aholkularia eta irakasle jakin bat). Oinarrizko talde horretara beste pertsona batzuk batuko dira, kasuaren arabera.
Talde honen zeregina da Zuzendaritza laguntzea, sor daitezkeen jazarpen-egoeren ebazpen prozesua gidatzea eta Elkarbizitza Behatokian jasotako iradokizunekin, elkarbizitza positiboa bultzatzeko proposamenak egitea.
- Elkarbizitzaren behatokia
Erreferentziako egitura da elkarbizitzaren inguruan ikastetxea eta komunitatearen jardunak edo helburuak bultzatu, sustatu, garatu eta ebaluatzeko.
- Beste batzuk
Ikastetxe bakoitzaren ezaugarrien arabera, beste antolamendu-egitura batzuk abiaraztea erabaki dezake beharrei erantzuteko, adibidez, elkarbizitza-batzordea.
Gainera, Bizikasi ekimenak ikastetxeentzako Laguntza Zerbitzuak abiarazi ditu eta Hezkuntza Sailean hori garatzeko beharrezkoak diren antolamendu-egiturak ere bai.
Beraz, Berritzeguneetan egitura hauek sortu edo martxan jarri dira:
- Elkarbizitza-batzordea
- Elkarbizitza-erreferentea
- Eskualdeko elkarbizitza-mintegiak.
Era berean, Hezkuntza Ikuskaritzan, erreferentziazko ikuskatzaileaz gain, Elkarbizitza-Jazarpena azpiprozesuko arduradun bat dago, baita lurraldeko arduradun bat ere (lurraldeko arduradun bana).
Hezkuntza Ikuskaritzaren elkarbizitzaren eremuko esku-hartzeari buruzko plangintzari dagokionez, planetan, bai urtekoetan zein hiru urtekoetan, helburu eta esku-hartzeko ildoen artean, eskolako giroaren jarraipena eta elkarbizitzaren kudeaketa daude, eta 2017-2018 ikasturtean Bizikasi ekimenera egokitu da.
Bere aldetik, Hezkuntza Administrazioak Bizikasi ekimeneko Koordinazio Taldea abiarazi du, ekimenean gauzatzen diren esku-hartze guztiak koordinatzeaz ardura dadin.
Elkarbizitza-adierazleen multzoa ikastetxeen eta administrazioaren eskura jartzea
Eskolak eta hezkuntza-sistemak erabaki informatuak hartzera daramatzan prozesua geldiezina da. Hala ere, giza ezagutzaren beste eremu batzuetan dagoeneko datuetan eta ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzea finkatua dagoen arren, hezkuntzan prozesu hasiberria da oraindik.
Adierazleen multzoa lehentasunezko tresna da Zuzendaritzaren, BAT taldearen eta Elkarbizitzarako Behatokiaren esku-hartzeak hobetzen laguntzeko.
Esku-hartze horren garapenak Hezkuntza Administrazioari dagozkion erabakiak hartzen lagun diezaioke, datuetan eta ebidentzietan oinarrituz, ikastetxeek bidalitako informazioa multzokatu egin baitaiteke, Euskal Hezkuntza Sistemarentzako informazio garrantzitsu bihurtzeko. Horrela, hezkuntza-politikak irizpide hobeen arabera bidera ditzake bere erabakiak, baliabideak banatzerakoan, elkarbizitza positiboa garatzeko zailtasun berezia duten eremuez arduratzerakoan, beste ikastetxeentzako eredutzat balioko duten esperientzia arrakastatsuak nabarmentzerakoan, eta abarretan.
Irizpideak lorpen mailakatuetan antolatuta egongo dira, hasierako mailatik hasi eta maila aurreraturaino edo bikaintasun-mailaraino, eta horrela, Bizikasi ekimenean eskola bakoitzak lortu duen maila ezagutu ahal izango dugu.
Maila bakoitzeko alderdi garrantzitsuenen deskribapen orokorra egingo da eta, amaitzeko, elkarbizitza positiboa garatzeko eta jazarpena errotik ezabatzeko irizpide garrantzitsuenen deskribapen xehatuarekin osatuko da.
Irizpideen multzoak aldagaiena osatzen du, biei esker, ikastetxe bakoitzak bere egoera ezagutzeaz gain, hobetu ahal izateko baliabide eta aukerak zehaztu ahal izango baititu.
Hezkuntza Sailakikastetxeak lortzen dituzten lorpen mailakatuak ziurtatuko ditu, hasierako mailatik maila aurreratura edo bikaintasun-mailara heldu arte .
Esku-hartzeen hobekuntza etengabeko ebaluazioaren bidez ziurtatzea
Ebaluazioa honako hau da: informazioa modu sistematikoan jaso, aztertu eta interpretatzeko prozesua osatzen duten jardueren multzoa, gero, aurrez ezarritako irizpideen arabera eta erabakiak hartzeko asmoz, funtzio, proiektu edo gertakari bati buruzko iritzia emateko erabiltzen dena.
Ebaluazioa da erreferente nagusia hezkuntza-eremu guztietako jarduerak hobetzeko. Baita elkarbizitza positiboa garatu eta jazarpena errotik ezabatzeko ere.
Bizikasinebaluazioa hainbat mailatan banatzen da.
Lehenengo mailak, eremu desberdinetan izandako prestakuntza saioetako balorazioak hartzen ditu kontuan.
Ebaluazioaren beste maila osagarriak, ikastetxeetako lanaren garapena, Hezkuntza Ikuskaritzak eta Berritzeguneek ikastetxeekin elkarlanean aritzerakoan burututako lana eta Bizikasi ekimenaren garapena eta intzidentziarekin batzen dira.
Ebaluaziorako honako hauek zehaztu behar dira, besteak beste: garatzen den maila bakoitzean jasoko den funtsezko informazioa, nola jasoko den, iritziak jasotzeko prozedura, fase bakoitzean parte hartzen duten eragileak eta prozesuaren tenporalizazioa.
Ebaluazio-maila desberdinetan barneko ebaluazioa kanpokoarekin batera dezakegu, kanpokoak ebaluazioari neutraltasuna eta objektibotasuna ematen baitizkio, eta barrukoari esker ondoen egokitzen den zentzua hartzen baitu, esanahiaren eraikuntza kolektiboaren eta ekar ditzakeen ondorioen balorazioaren bidez: «Gaur egun, ezin dezakegu ulertu parte-hartzaileek bere gain hartu, esanahia eman eta martxan jartzeko pentsatuta ez dagoen aldaketa edo hobekuntzarako proposamenik» (J.S. Pérez, 2007)
Esku-hartzen duten eragile eta erakunde guztien jarduketa koordinatua
Elkarbizitza positiboaren balioetan hezteko ardura hainbat hezkuntza-eragileei dagokie: familiari, ikaskideei, komunikabideei, etab. Eremu horretan, eskolaren erantzukizuna erabakigarria bada ere, ezin dezake bakar-bakarrik lan egin helburu hau lortzeko. Horregatik, eskola-erakundeek beste erakunde, instituzio, eta hezkuntza- eta gizarte-arloko eragileekin batera lan egiteko ardura hartu behar dugu, erantzun koordinatu eta eraginkorra emateko, bereziki lotura soziala hondatuen dagoen lekuetan: «Hezkuntzak ezin ditu bakarrik konpondu lotura soziala apurtzeak (apurtuta dagoen lekuetan) dakartzan arazoak. Hala ere, hezkuntzari eska diezaiokegu elkarrekin bizitzeko nahia garatzen laguntzea» (Delors, La Educación encierra un tesoro, 1996).
Bigarren maila batean, elkarbizitza positiboa garatzeko eta jazarpena errotik ezabatzeko ikastetxeekin elkarlanean esku-hartzen duten zerbitzuen arteko koordinazioa ere nahitaezkoa da: Berritzeguneak eta Hezkuntza Ikuskaritza.
Koordinazioko hirugarren mailan eskola bakoitzaren barruan gertatzen dena hartzen da kontuan. Eskolak beste eragile batzuekin modu koordinatuan aritu behar du, eta, era berean, ikastetxe bakoitzaren barruan ere hezkuntza-komunitate osoaren lan koordinatua egin behar da, Zuzendaritza eta BAT talde buru direla.