Tratu desberdinak

1. Kateak apurtzen
Jarduera hau egin baino lehen, lagungarria izan daiteke ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Mundua leku hobea izan dadin egin genezakeen guztiaz hausnarketa egitea.
-
Sufritzen ari diren pertsonen egoera aldatzea zergatik den hain zaila aztertzea.
-
Zailtasunen menpe ez geratzeak eta gure kateak eta beldurrak apurtzen lagunduko digun norbait beti egongo dela jakiteak duen garrantzia zenbaterainokoa den jakitea.
GARAPENA
Lehenik eta behin ikasleei denbora emango diegu bakarka amets egin dezaten: mundua eta bertan bizi diren pertsonen bizitza hobetzeko bi ekintzetan pentsatuko dute. Folio bat bitan zatituko dute eta zati bakoitzean ekintza bat idatziko dute. Ondoren, ikasgelako hormetan bakoitzak gauzatu beharreko ametsak eta ekintzak itsatsiko dituzte.
Behin paperak itsatsita, eta berriro ere bakarka, pentsatu egin beharko dute zein den oztopoa ekintza horiek gauzatzeko. Bakoitzak hori argi daukanean, puxikak puztuko dituzte eta bertan idatziko dute pentsatu dutena, zein den ametsak gauzatzeko oztopoa, zein diren gure kateak.
Orduan, puxikak lotu beharko dituzte soka zati batez orkatila banatan, lotzen gaituzten kateak balira bezala, eta ikasgelan zehar ibiliko dira gainerakoek euren kateak ikus ditzaten. Irakasleak azaldu egingo du kateak apur daitezkeela, baina, horretarako, gainerakoen laguntza behar dugula; beraz, gainerako ikaskideak izango dira gure kateak apurtuko dituztenak, hots, haiek izango dira gure puxikak apurtuko dituztenak, zapalduz, gainean salto eginez.
Talde handian, kontuan izanik helburua zela hainbat egoera aldatzeko dauden zailtasunez hausnartzea eta guri laguntzeko norbait beti egongo dela jakiteak duen garrantziaz jabetzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
-
Zer iruditu zaizu ekintza hau?
-
Zer da zuretzat elkartasuna? Zer irudikatzen dute kateek?
-
Kateak oztopo bat al dira gu solidarioak izateko?
-
Kate batzuk besteak baino astunagoak al dira? Zer modutan?
-
Nola lagundu diezaiekezu gainerakoei euren kateak apurtu behar dituztela ikus dezaten?
DENBORA
Saio bat
BALIABIDEAK
Koloretako puxikaz betetako poltsa bat (puxika handiak)
Partaide bakoitzeko bi lazo
Folioak eta koloretako boligrafoak
* Gizagune Fundazioa. Unitate Didaktikoa Elkargunea.. Moldatua.
2. Adi adi
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa bat egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Entzuten ari den pertsonaren jarrerari erreparatzea.
-
Komunikatzaile ona izatearen eta ongi komunikatzen jakitearen garrantziaz jabetzea.
-
Komunikatzen ari garenean entzulea kontuan izatea zeinen garrantzitsua den sentitzea.
GARAPENA
Ikasleak bi taldetan banatuko dira. Talde bakoitza gelaren alde banatan jarriko da, elkarrengandik ez oso gertu.
Ondoren, irakasleak talde horietako bakoitzari irudi batzuk erakutsiko dizkie; “Irudiak” eranskinean daudenak izan daitezke. Talde bakoitzari irudi desberdinak erakutsiko dizkio. Ikasleek irudi bana aukeratuko dute, eta ondo-ondo pentsatuko dute irudiaren deskribapena nola egingo luketen. Izan ere, gero beste taldeko norbaitekin elkartu eta aukeratutako marrazkia deskribatu beharko diote.
Beraz, irudi bat aukeratu, eta horren deskribapena nola egingo luketen pentsatzea izango litzateke lehen lana.
Ikasleak binaka jarriko dira. Horretarako, hasieran egin ditugun bi taldeetako kideak elkartuko ditugu, eta halaxe sortuko dira bikoteak.
Bikoteak eserita eta elkarri begira jarriko dira. Horietako bat arbelari begira eseriko da; bestea, berriz, arbelari bizkarra emanez. Arbelari begira dauden guztiak lehen talde berean egondakoak izango dira, eta, jakina, arbelari bizkarra emanda daudenak ere bai. Arbelari begira daudenek arbelean bertan izango dute lehen aukeratu duten marrazkia. Arbelari begira daudenek aukeratu duten irudia deskribatu beharko diete bikotekideei, eta horiek, ostera, deskribatu dietenaren araberako marrazkia egin beharko dute.
Entzuten ari denak adi-adi entzun beharko dio bikotekideari (galderarik-eta ezin baita egin!), begietara begiratuz, buruarekin ulertzen ari den ala ez adieraziz, adostasuna adieraziz...
Deskribapen-lanean ari denak irudia osorik deskribatzen duenean (orduan bakarrik) besteak marrazkia egingo du.
Deskribapena egiten ari den kideak pertsonaia horrek adierazten duen emozioa ere deskribatzea garrantzitsua izango da.
Ondoren, rolak aldatuko dituzte eta lehen marrazkia deskribatu dutenek marrazkia egingo dute, eta alderantziz. Hori egiteko, irakasleak beste irudi bat emango die.
Bukatzeko, marraztu duten hori originalarekin alderatuko dute. Bi marrazkiak kontrastatu eta gero, galdera hauei erantzun beharko diete:
-
Alde handia al dago bi marrazkien artean?
-
Nola sentitu zarete hizketan deskribapen lanean aritu zareten bitartean?
-
Zuen solaskideak jarri al du martxan entzute aktiboa? Zertan antzeman duzue hori?
-
Horrela sentitu zara noizbait lagun batek bere arazoa kontatu dizunean?
- Eta zuk berari kontatu diozunean?
- Zergatik da lagungarria lagunei entzutea?
Talde handian, kontuan izanik helburua zela ondo egoteko esperientziak partekatzea eta askotarikoak garela eta ondo egoteko gauza berdintsuak behar ditugula agerian uztea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
-
Zer egin dugu ondo?
-
Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
Saio bat
BALIABIDEAK
-
Eranskina: IRUDIAK.DOCX
* AAVV (2008). Adimen emozionala. DBH 1. zikloa (12-14 urte). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntzako eta Jakinaren Gizarteko Departamentua (Egokituta)
3. Arrakasta bai, arrastaka ez
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Arrakasta hitzak definizio bat baino gehiago dituela jabetzea.
-
Pertsonatik pertsonara arrakasta hitzaz ulertzen duguna alda daitekeela ikustea.
-
Pertsona arrakastatsua izateko zein bidetatik jarraitu beharko genukeen ondorioztatzea.
GARAPENA
Lehenik eta behin, banaka, ikasle bakoitza beretzat arrakasta zer den adierazten saiatuko da, baita arrakasta zein arlo edo esparrutan izatea nahi lukeen ere.
Ondoren, irakasleak “Arrakasta (A)”eranskinean esaldiz betetako fitxa bana banatuko die ikasleei. Esaldiak banan-banan irakurri, eta horiek (nork bere ustez) egia ala gezurra diren esan beharko dute ikasleek. Esaldian adierazten dena arrakasta izateko garrantzitsua dela uste badu, esaldi hori egia dela esango du ikasleak; aitzitik, esaldiak adierazten duenari hain garrantzitsua ez dela irizten badio, gezurra dela jarriko du.
Ondoren, ikasleak talde txikitan jarriko dira. Gerta daiteke sexuen araberako generoak eragina izatea arrakastaren inguruko iritzietan. Hori konprobatzeko, sexuaren arabera bereiziak egin daitezke taldeak: mutilen taldeak eta nesken taldeak. Taldekide bakoitzak eman dituen erantzunen berri emango die gainerakoei: zein diren, bere ustez, egia diren adierazpenak, hain egiazkoak ez direnak, gezurrak direnak…
Bukatzeko, bakoitzak berea azaldu ostean, guztien artean garrantzizkoenak zein diren adostuko dute eta garrantzi-mailaren arabera sailkatuko dituzte. Horretarako “Arrakasta (B)” eranskinean duten piramidea bete beharko dute, piramidearen oinarrian garrantzi gehien duten alderdiak jarriz, eta puntara gerturatu ahala, hain oinarrizkoak (garrantzirik gabekoak ez, ordea) ez direnak jarriz. Ondoren, talde handian, talde txiki bakoitzeko bozemaileak taldean osaturiko piramidearen aurkezpena egingo du eta adosteko izan duten zailtasunak eta zalantzak komentatuko ditu.
Talde handian, kontuan izanik helburua zela arrakasta hitzak definizio bat baino gehiago dituela jabetzea, pertsonatik pertsonara arrakasta hitzaz ulertzen duguna alda daitekeela ikustea eta pertsona arrakastatsua izateko zein bide jarraitu beharko genukeen ondorioztatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
-
Zer egin dugu ondo?
-
Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
Saio bat
BALIABIDEAK
-
Eranskinak: ARRAKASTA A.DOCX; ARRAKASTA B.DOCX
4. Balioen termometroa
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
HELBURUAK
-
Entzute aktiboko aztura garatzea.
-
Beste talde sozio-kulturaletakoei buruz ditugun pertzepzioak eta horien azpian dauden balioak ezagutzea.
-
Jarrera diskriminatzaile arrazistak eta sexistak argitzea.
-
Komunikazio-prozesuen bidez berregituraketa kognitiboa sustatzea.
GARAPENA
Hasteko, irakasleak ikasleekin adostu beharko du zein izango den BAI ordezkatuko duen gelako horma, eta zein EZ ordezkatuko duena.
Ikasleak gelaren erdian ipiniko dira eta irakasleak baliabideetan aurkituko dituen baieztapenak ozenki irakurriko ditu, banan-banan. Baieztapen bakoitzaren ondoren, txalo bat joko du eta tarte bat utziko du ikasleak lekuz aldatzeko: baieztapenarekin ados badaude, BAI aldera; eta kontra badaude, EZ aldera mugituko dira. Inor ezin da erdian geratu. Baieztapenarekin ez badaude erabat ados, alde horretara joko dute, baina ez erabat. Horrela, erditik dagoen distantziak adostasun-maila markatuko du, termometro baten antzera.
Behin ikasleek tokia hartu dutela, irakasleak galdetuko die zergatik egin duten alde edo kontra. Ikasleek adi entzungo dituzte ikaskideen argudioak eta horien arabera posizioa aldatzen joango dira. Bi aldeetako argudioak entzun behar dira, eta horiekin ados badaude, alde horretara mugituko dira, konbentzimendu-mailaren arabera.
Posizioa aldatu dutenei egokituko zaie azaltzea zergatik mugitu diren, zein izan den konbentzitu dituen argudioa.
Irakasleak ez du debatean jarrera pertsonalik hartuko; taldeko kideen iritzietan oinarrituta hausnarketa sustatzea da helburua. Beraz, ez ditu ikasleen erantzunak epaituko, baina horietan agertuko diren kontzeptu inplizituak definituko ditu, hala nola hauek:
Dizkriminazioa: generoan, arrazan, jaiotza-lekuan, hizkuntza edo irizpide etniko, erlijioso, politiko, sexual edo ekonomikoetan oinarrituz gertatzen den bazterkeria da.
Heteropatriarkatua: Menderatze-sistema soziala da. Bertan gizon heterosexualak, gizonak eta heterosexualak izateagatik, emakumeekin alderatuta, pribilegioak dituzte.
Arrazismoa: Arraza baten besteekiko nagusitasuna baieztatzen duen jarrera eta pentsamoldea da.
Etnozentrismoa: norberaren gizataldea guztiaren zentrotzat eta eredutzat hartzeko joera da, beste gizatalde guztiak neurtzeko eta sailkatzeko.
Xenofobia: atzerritarrei edo portaera eta jatorri desberdina duten pertsonei gorroto-, nazka- eta etsaitasun-sentimendua da.
Sexismoa: Ideologia, aurreiritzi edo estereotipoetan oinarrituta gizonak eta emakumeak modu bereizian tratatzeko diskriminaziozko jarrera eta jokabidea da. Gure gizarte heteropatriarkatuan, sexismoa emakumeen kontrako diskriminazioa da.
Irakasleak prozedura bera mantenduko du baieztapen guztiekin. Saioa bukatzeko, taldean eztabaida gidatuko du galdera hauen bitartez:
-
Ikaskideek emandako argudioetan oinarrituta, aldatu al duzue zuen ikuspuntua? Kostatu al zaizue zuen ikuspuntua aldatzea?
-
Zein esaldi izan da posizioa hartzeko zailena? Eta errazena?
-
Zer aurreiritzi ditugu etorkinez? Zergatik?
-
Zer egin dezakegu errealitateari buruz ditugun irudi oker horiek aldatzeko?
-
Zer ekarpen egin dizu jarduera horrek?
DENBORA
Saio bat edo gehiago, esaldi-kopuruaren arabera.
BALIABIDEAK
-
Eranskina: BALIOEN TERMOMETROA.DOCX
*Garaigordobil Landazabal, Maite: Esku-hartze psikologikoa nerabeengan. Nortasunaren garapenerako eta giza eskubideen arloko hezkuntzarako programa (moldatua). EHU, 2002.
5. Ziber-eskubideak (Z)
Egonline[1]
Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
Helburuak:
- Ezagutu ditzagun prebentzio-neurri eta aholku batzuk sarea ondo erabiltzeko.
- Ezagutu ditzagun zibereskubideak.
- Azter ditzagun gure gizartean saretik egiten diren abusu eta jazarpen benetako batzuk.
Denbora: 45 min
Nola egin:
Gela lau taldetan banatu eta taldeak bata bestetik aparte jarri. Talde bakoitzak hiru zerrenda izango ditu: umeen zibereskubideen zerrenda; eta teknologia berrien inguruko prebentzio-neurriena; eta aholkuen zerrenda. Talde bakoitzak prentsa-txosten bat ere izango du, hainbat albisterekin (eranskinean erantsita dago).
Hau egin behar dute: talde bakoitzak, lehenik, zibereskubideak eta prebentzio eta aholkuen zerrendak irakurri behar ditu; eta, ondoren, begiratu behar du -eta idatziz jaso- ea, albisteetan irakurtzen dituzten urraketetatik, zeintzuk gertatzen diren beren hurbileko errealitatean.
Amaitu ahala, emaitzak bateratzeko ahalegina egin behar dute lau taldeek: zer urraketak topatu dituzten, eta albiste bakoitzeko kasu bakoitzean zer egin beharko litzatekeen prebentzio modura eta zer okerra zuzentzeko. Orain, jarduera aztertzeko unea iritsi da. Irakasleen galderak baliatuko ditugu horretarako.
I. eranskina: Jarduera aztertzeko jarraibideak.
II. eranskina: Prebentzioak eta aholkuak
III. eranskina: UNICEF dekalogoa
IV. eranskina: Adingabeak beldurrez behartzen zituen ziberjazarlea
V. eranskina: Adingabeek sareari buruz dituzten uste okerrak
VI. eranskina: Guardia Zibilak sextinga antzeman du 12 urteko neska baten inguruan
VII. eranskina: Bi nerabe atxilotu dituzte sexting-kasu batean inplikaturik.