Tratu onak nahiago

1. Tratu onak edo txarrak, zer nahiago?
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Dinamika honetan tratu onak eta tratu txarrak bereiziko dituzte. Nola sentitzen gara gaizki tratatzen gaituztenean? Eta ondo tratatzen gaituztenean? Zer nahiago dugu?
Prestatuko dira txartel batzuk tratu onak edo txarrak agintzen dituztenak (ikus hurrengo orrian). Txartel horiek banatuko dira eta bakoitza tratatua izango da berak daraman txartelaren arabera.
Musika lasaia jarriko da, eta musika entzuten den bitartean, gelan ibiliko dira. Musika gelditzen denenean, ikasleak gelditu egingo dira. Ikasle bakoitzak txartela irakurriko dio ondoan edo parean dagoenari, eta hor agindutakoa egingo dio. Horrela egingo da denboratxo batean.
Ondoren, elkartuko dira antzeko aginduak dituztenak, hau da, tratu onak alde batean eta tratu txarrak bestaldean, eta kate moduko bat egingo dute, bata bestearen parean.
Behin bi kateak parez pare kokatuak daudela, bakoitzak bere txartela irakurriko du eta adibide bat jarriko du (eguneroko adibide bat). Bukaeran talde bakoitzak definitu beharko du zer diren tratu onak eta zer diren tratu txarrak. Definizio horiek gelan jarriko dituzte kartoi mehe batzuetan edo txartel handi batzuetan (ikus hurrengo orrian).
Ondoren, egindakoaren balorazioa egingo dute:
- Nola sentitu zarete?
- Zein katerekin sentitu zarete hobeto?
- Zein katetatik nahiago duzue besteak tratatu?
- Zein katetatik nahiago duzue tratatuak izan?
- Zer ondorio ateratzen dituzue joko honetatik?
- Konpromisoren bat hartuko zenukete?
2. Eserleku artean mugituz
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Ikasleen aulkiak bata bestearen ondoan jarriko dira, lerro bat osatuz. Irakasleak aulkiaren gainean zutik jartzeko esango die ikasleei eta, horrela daudela, jokoaren helburua zein den azalduko die: jaiotegunaren arabera, zaharrenetik gazteenera lerrokatu beharko dira, aulkietatik jaitsi gabe.
Amaitutakoan, aulkiak euren tokietan jarriko dituzte eta helburua lortzeko zer pausoz edo estrategiaz baliatu diren azalduko dute.
Saiatuko dira ondorio batzuk ateratzen:
- Helburua lortu dute?
- Nola?
- Laguntza eman diote elkarri?
- Zergatik?
- Zertarako?
- Nola sentitu dira helburua lortzean?
OHARRA:
Aulkiak lerro batean sartzen ez badira, U edo L forman jarriko dira; hau da, bi muturrak elkarretatik aldenduta.
Jokoa egiteko beste aukera batzuk ere badaude; esate baterako, lehen abizenetik hasiz ordena alfabetikoaren arabera lerrokatzea.
[1] Altuna, J. M. eta Arretxe Dorronsoro, I. : Adimen emozionala. Lehen hezkuntza. 3. Zikloa. (10-12 urte). Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Berrikuntzako eta Jakinaren Gizarteko Departamentua. 2008.
3. Elkarren arteko tratu ona
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Ikasleei fitxa bana emango zaie (ikus hurrengo orrian) eta 1-2-4 egitura kooperatiboa erabiliz hauxe idatziko dute:
Ikasle bakoitzak hobeto sentiarazten duten hiru portaera pentsatu, eta idatziko ditu “NI” atalean.
Talde handian
Kortesiazko jarrerak azaldu eta talde osoarekin partekatuko dira. Talde osoak azaldu ondoren, arbeleko “GU” zatian idatziko dituzte.
Talde txikietan
Lau ikaslek osaturiko taldeak egingo dituzte. “GU” zatian idatzi dituzten jarrerekin, ikasleek multzoak egingo dituzte antzeko mezuak dituztenekin. Agian, jarrera batzuk ezingo dituzte multzokatu.
Ondoren, DEKALOGO bat egingo dute. Dekalogoan, harremanak samurtzen dituzten portaerak eta alboan kortesiazko (hitz magikoak) ereduak jarriko dituzte.
Talde handian
Egin dituzten dekalogoak irakurriko dituzte, eta baita kortesiazko ereduak ere. Hausnarketa egingo dute: zer abantaila du kortesiazko ereduak erabiltzeak? Erritualak bakarrik al dira? Beharrezkotzat jotzen dituzte? Nola sentitzen dira beste pertsonak tratu hau ematen diegunean? Nola sentitzen dira tratu hau ematen ez diegunean?
OHARRA
Ikasleek egunero lantzeko proposamena: egindako dekalogoa gelan jarriko dute eta kortesiazko hitz magikoak erabiliko dituzte. Gelan sartzen diren irakasleek ere parte hartzea komeni da.
4. Tratu onak?
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Hurrengo orrian dagoen taula talde txikietan aztertuko dute arkatzak erdira egitura kooperatiboa erabiliz (kide bakoitzak, lerro bat). Bertan dauden egoerak aztertuko dituzte eta erabaki, ea tratu onak diren edo ez, eta nolakoa izan beharko lukeen egoerak tratu onak izateko.
Bukatzeko, hausnarketa egingo dute talde handian egoera horien guztien inguruan:
- Noiz sentitzen gara ondo?
- Noiz sentitzen gara gaizki?
- Zer behar da tratu txarra tratu ona bihurtzeko?
- Nola definituko genituzke tratu onak?
5. Irainak
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ariketa egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiten ohitura har dezaten.
Egun ikasleen artean irainak erabiltzea oso zabalduta dago, baina irainak ere tratu txarrak dira eta horrek zer ekartzen duen oso ondo ikusten da bideo honetan.
Bideoa deskargatzeko helbidea:
https://www.youtube.com/watch?time_continue=29&v=ktnIXiEUQt4
Ikasleek hausnarketa egingo dute bideoan ikusten den istorioan eta haien artean erabiltzen duten hizkuntzan. Maiztasun handiarekin erabiltzen dituzten irainak seguruena txantxetan egiten dituztela esango dute ikasleek. Edonola ere, ahalegin irmoa egin behar da ez erabiltzeko konpromisoa hartzeko.