Tratu onak, tratu txarrak
2. Pasa hitza (Z)
Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Estresetik lasaitasunera ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUA
- Eskola-jazarpena eta ziberjazarpenaren ezaugarriak bereiztea.
- Eraso horien ondorioez jabetzea.
GARAPENA
Aurretik gaia taldean landu bada (ikus DBH 1-2materialeko 3. blokea Eta harremanak onak ez direnean?) irakasleak laburtuko dizkie ikasleei eranskinean datozen “Jazarpen ezaugarriak”.
Bi kontzeptu horiek, eskola-jazarpena eta ziberjazarpena, errepasatu ondoren, ideia-zaparrada bat egingo da taldean: ikasleek bi eraso mota horiekin lotzen dituzten hitzak botako dituzte eta irakasleak arbelean jasoko ditu, bi zutabetan bereiztuta. Errepikatzen diren hitzak gurutze batez markatuko dira. Bi zerrenda horiek arbelean utziko dira jarduera garatzen den bitartean.
Horrelako taula bat sortu daiteke ikasleen ekarpenekin:
Eskola jazarpena | Ziberjazarpena |
Lapurtu Lotsa Erasotzailea Gorrotoa Iraina Beldurra Diskriminatu Baztertu Umiliazioa Suizidioa ... | Barregarri uztea Mugikorra Mendekua Xantaia Salatu Online Hil Grabatu Zurrumurruak Amorrua .. |
Ikasleak 5 taldetan banatuko dira. Talde bakoitzak 15 minututan 10 esaldi asmatu beharko ditu arbelean agertzen diren hitzekin: 5 jazarpenari buruzkoak eta beste 5 ziberjazarpenari buruzkoak. Horretarako, eranskinetan agertzen diren kartulinak erabil daitezke.
Adibideari jarraituz, modu honetako esaldiak izango dira
“B”-z hasten da: pertsona bat behin eta berriz BARREGARRI uztea da jazarpena.
“I”-z hasten da: IRAINA ahozko jazarpena da.
“K” du barruan: Grabazioak partekatzen dira MENDEKUA hartzeko.
“O” du barruan: Jazarpena egiteko zergatia, gehienetan, GORROTOA da.
Taldeak lanean dauden bitartean, irakasleak borobil bat irudikatuko du arbelean eta horren inguruan alfabetoaren hizkiak idatziko ditu, telebistako “Pasapalabra” lehiaketan agertzen den moduan.
Esaldiak bukatu dituen lehengo taldeari sobratutako kartulinak eman ahal zaizkio, alfabetoa osatu arte.
Irakasleak kartulina guztiak jasoko ditu eta lehiaketa hasiko da, taldeen ordena zozketatu ondoren.
Lehenengo itzulia jazarpenari buruzko esaldiekin egingo da. Irakasleak talde bakoitzari esaldi bana irakurriko dio: 1. taldeari A hizkiarekin egin den esaldia, 2. taldeari B hizkiarekin egin dena…. Erantzuna emateko denbora mugatuko da, 15 segundotara adibidez, eta asmatzen dutenean puntu bat irabaziko dute. Ez badute asmatzen, hurrengoek izango dute aukera puntu estra hori irabazteko.
Jazarpenari buruzko esaldiak bukatzen direnean, ziberjazarpenari buruzkoekin jarraituko da. Esaldietan erabiltzen diren hitzak arbelean markatuko dira.
Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela eskola-jazarpena eta ziberjazarpenaren ezaugarriak bereiztea eta eraso horien ondorioez jabetzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
- Zer ikasi duzu?
- Zailtasunik izan duzu?
- Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
- Saio bat
BALIABIDEAK
- Txartelak
- Eranskina: Jazarpenaren ezaugarriak
- Eranskina: Ziberjazarpena (pdf)
- Eranskina: Jazarpena (pdf)
-----------------------------------
1Pasapalabra 2.0, actividad adaptada. Fuente: Programa de intervención para prevenir y reducir el ciberbullying. Maite Graigordobil Landazabal y Vanesa Martinez-Valderrey.
1. Gure arteko harremanak
Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Estresetik lasaitasunera ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUAK
- Gelakideen arteko harremanak ezagutzea.
- Ikasgelako harremanetan hobetu behar diren alderdiez jabetzea.
GARAPENA
Ikasleen arteko harremanak nolakoak diren aztertzeko, galdeketa bat beteko dute ikasleek, bakarka. Galdeketa izenik gabe egiteko da, ikasle guztien iritzi libreak nahi ditugulako, baina, nahi izanez gero, izena jar daiteke. Zenbait galderatan erantzun bat baino gehiago jar daiteke.
Emaitzak gelan partekatuko dira, eta gelako harremanek zer alderditan hobetu behar duten jasoko da.
Galdeketa bi euskarritan prestatuta dago: paperean eta on-line.
- Paperean: ikasleen erantzunak jaso behar dira, beste saio batean emaitzez hitz egiteko.
- On-line: txantiloi bat prestatu da, formularioa nork bere DRIVEan kopiatzeko. Modu horretan, emaitzak berehala ikusiko dira, grafikoen bidez. Horrela, saio horretan bertan emaitzez eztabaidatzeko aukera izango da. Komeni da gela bakoitzeko formulario bat egitea, datuak ez nahasteko. Nesken eta mutilen erantzunak bereizi nahi izanez gero, gela bakoitzeko bi formulario prestatuko dira.
Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela gelakideen arteko harremanak ezagutzea eta gelako harremanetan hobetu beharreko alderdiez jabetzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
- Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
- Gure harremanetan, zer egiten dugu ondo?
- Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
- Saio bat
BALIABIDEAK
- Galdeketa paperean. Eranskinak (pdf eta word)
- GALDEKETA ONLINE
- GALDEKETA ON-LINE EGITEKO JARRAIBIDEAK. Eranskina
- Ordenagailua eta proiektorea, erantzunak gelan aztertzeko.
3. Whatsappean (Z)
Jarduera hau egin baino lehen, komenigarria da ataleko Estresetik lasaitasunera jarduera egitea, giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.
HELBURUAK
- Sare sozialen erabilera aztertzea.
- Teknologia berriak erabiltzean arriskutsuak eta indarkeriazkoak izan daitezkeen portaerak identifikatzea.
GARAPENA
Hasteko, irakasleak eztabaida bat hasiko du sare sozialen inguruan. Ikasleei galdetuko die zeintzuk diren gehien erabiltzen dituzten sare sozialak eta erantzunak arbelean jasoko ditu, errepikatzen direnak markatuz: Whatsapp, Instagram, Facebook… Ziur asko Whatsappa izango da gehien erabiltzen duten sare soziala. Baina, sare sozial horiek ondo erabiltzen al dituzte?
Whatsapp talde horien bidez elkarrekin konektatuta gaude etengabe, eta horrek elkarren arteko komunikazioa errazten digu. Baina beste hainbat gauzatarako ere erabiltzen dira Whatsapp talde horiek: taldeko argazkiak, argazki pertsonalak edota hirugarrenei buruzko datuak bidaltzeko, adibidez, edo hirugarren bat kritikatzeko, etab. Whatsappa jende askok erabiltzen du eta askotan gaizki erabiltzeagatik arazoak sor daitezke, ziberjazarpenera iristeraino.
Ziberjazarpena zer den errepasatuko dute. Horretarako, baliabideetan eskaintzen den bideoa erabil daiteke.
Ondoren, bost taldetan bereiziko dira ikasleak, eta talde bakoitzak Whatsapp-eko elkarrizketen ohiko pantaila marraztuko du zatar-paperean. Gero, kartoi mehea erabiliz, testu-bunbuiloak ebakiko dituzte; hainbat gairi buruz esaten direnak idatziko dituzte horietan, eta zatar-paperean itsatsiko dituzte.
Irakasleak erabil daitezkeen hizketa-gai batzuk irakurriko dizkie, adibide gisa:
- Ikasgelako ikasle batzuk hondartzan izan dira, eta hondartzara joan ziren lagunen argazkiak bidali dizkie taldeko kide batek gainerako ikaskide guztiei, argazkietako jendeari baimenik eskatu gabe. Gainerakoak argazkietako jendeari buruzko iritziak botatzen hasi dira.
- Bi taldekide taldeko beste bat kritikatzen hasi dira, eta informazio pertsonala zabaldu dute.
- Taldekide batek oso txukuna ez den argazki pertsonal bat partekatu du taldean. Mesedez ezabatzeko eskatu du, baina berandu da jada.
Taldeek Whatsappeko elkarrizketak amaitzen dituztenean, egindako lana bateratuko dute eta horman jarriko dute, denon aurrean egoteko.
Taldean elkarrizketak banan-banan aztertuko dituzte. Elkarrizketa gidatzeko galderak:
- Whatsappeko elkarrizketetan sumatu duzue taldekideren batentzat mingarri gerta daitekeen ezer?
- Saretik kanpo, ausartuko ginateke hori dena esatera? Zergatik ez?
- Nola sentituko da pertsona bat hurbilen dituen pertsonen aurrean kritikatzen dugunean?
- Pantaila atzean egoteak baimena ematen ditu nahi dugun guztia esateko?
- Hirugarrenen datuak eta argazkiak haien baimenik gabe taldean partekatzeak ondoriorik ekar dezake, zuen ustez?
Bukatzeko, eta talde handian, kontuan izanik helburuak zirela sare sozialen erabilera aztertzea eta teknologia berriak erabiltzean arriskutsuak eta indarkeriazkoak izan daitezkeen portaerak identifikatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:
- Zer ikasi dugu? Zertaz ohartu gara?
- Zer egin dugu ondo?
- Zer hobetu behar dugu?
Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena eta hurrengo saioan gogoraraziko die.
DENBORA
- Saio bat
BALIABIDEAK
- Bideoa: Ciberacoso
- Zatar-papera.
- Kartoi mehea.
- Arkatz markatzaileak.