Zer egingo dugu?

  Bonbilak piztu!
 

HELBURUA

  • Eginkizunarekin bat datozen nork bere ideiak azaltzea

  • Gelakide guztien ideiak ezagutzea.

  • Irakasleak emandako irizpideak betetzen dituzten proposamenak identifikatzea.

  • Gelakideen ideiak errespetatzea.

GARAPENA

Hasteko, irakasleak orain arte egindako lana gogoratuko die ikasleei: ikasleen arteko harremanak hobetzeko eman dituzten pausoak, tratu txarren aurrean adostutako irizpideak eta eskola-jazarpenari aurre egiteko eta tratu onekin konpromisoa hartzeko taldean hartutako akordioak.

Hori dena landu ondoren, jazarpenaren kontrako eta tratu onen aldeko konpromisoa ikastetxeko komunitatean zabaltzeko unea heldu da. Ikastetxeko ikasle guztien artean BAT egingo dugu kanpaina diseinatu behar dute. Talde guztien proposamenak bideratzeko, batzorde bat osatuko da ikastetxe-mailan. Kontrakorik erabakitzen ez duten bitartean, gelako ordezkariak izango dira batzorde horren partaideak eta horretarako izendatutako irakaslea/k.

Taldean kanpaina horretarako zeri proposamen egingo duten aztertzen hasi aurretik, baliabideetan proposatzen den bideoa ikusiko dute taldean. Ondoren, zer kanpaina mota egin nahi duten eztabaidatuko dute. Horretarako ideia-jasa teknika erabil daiteke.

Denbora laburrean, ahalik eta ideia- kopuru handiena ekoiztu behar da. Irakasleak arbelean ikasleen proposamenak idatziko ditu. Hasiera batean, partaide guztien ideiak edo proposamenak onartuko dira eta ezingo dira besteen ideiak kritikatu edo baztertu. Ekarpenen baten inguruan zalantzarik badago, horixe da unea ideia adierazi duenari beharrezko azalpenak eskatzeko. Azalpenak baino ez dira, ez jasotako ideien kritikak.

Ondoren, irakaslearen laguntzarekin, ekarpenak banan banan aztertuko dituzte eta irizpide hauek betetzen ez dituztenak baztertuko dituzte:

  • Proposamena errealista da, egiteko modukoa da.

  • Originala da.

  • Helburua beteko du: jazarpenaren aurkako eta tratu onen aldeko konpromisoa zabalduko du gure ikas komunitatean.

Irizpide horiek betetzen dituzten ideien artean lehentasunak jartzeko Talde nominala teknika erabiliko dute.

Ideia guztiei letra bat egokituko zaie, ordena alfabetikoari jarraituta: lehenengo ideia A izango da, bigarrena B, hirugarrena C, ...

Ikasle bakoitzak ideiei puntuazio bat emango die, nork bere iritziaren arabera: aproposena den ideiari puntu 1 emango dio, 2 puntu bigarrenari, 3 hirugarrenari eta horrela, azaldutako ideia guztiak puntuatu arte (hamabi ideia bazeuden, azkenak 12 puntu izango ditu).

Jarraian, ideia bakoitzaren aldamenean, ikasle bakoitzak eman dion puntuazioa idatziko da, eta, bukaeran, ideia bakoitzaren puntuak batuko dira. Horrela, gela guztiaren arabera balorazio onena duten ideiak zein diren jakingo da: guztien artean puntuazio txikiena lortu dutenak, alegia.

Ideien zerrenda osatu ondoren, gelen arteko batzordera eramango dira atera diren 3 lehenak. Batzordeak talde guztien ekarpenak jasoko ditu. Horretarako, baliabideetan dagoen fitxa erabil dezake. Batzordeak, gela guztietan ateratako proposamenak kontuan izanik, kanpaina osatzeko gela bakoitzean aukeratutako hiru horietatik zein egingo den erabakiko du.

Posible den neurrian, proposamenen arteko loturak ere egingo ditu, ideiei kanpaina baten forma emanez. Ikastetxeko komunitateari noiz zabalduko zaion ere erabakiko du.

DENBORA

Saio bat, taldearen proposamena adosteko.

Batzordearen bilera bat, gutxienez.

BALIABIDEAK

Bideoa: Se buscan valientes

Eranskina: Batzordearen kontrol fitxa

Arbela eta idazteko errotuladoreak edo klariona.

BONBILAK PIZTU