Zer egingo dugu?

Goazen pentsatzera!

HELBURUAK

  • Bakoitzak eginkizunarekin bat datozen bere ideiak azaltzea.
  • Inguruan bizikidetza positiboaren aldeko eta jazarpenaren kontrako sentsibilizazioa sortzea.
  • Irakasleak emandako irizpideak betetzen dituzten proposamenak identifikatzea.
  • Parte-hartze aktiboa izatea.
 

GARAPENA 

Hasteko, irakasleak orain arte egindako lana gogoraraziko die ikasleei: ikasleen arteko harremanak hobetzeko eman dituzten pausoak, tratu txarren aurrean adostutako irizpideak eta eskola-jazarpenari aurre egiteko eta tratu onekiko konpromisoa hartzeko taldean hartutako akordioak. 

Hori dena landu ondoren, jazarpenaren kontrako eta tratu onen aldeko konpromisoa ikastetxeko komunitatean zabaltzeko unea heldu da. Ikastetxeko ikasle guztien artean BAT egingo dugu kanpaina diseinatu behar dute. Talde guztien proposamenak bideratzeko, batzorde bat osatuko da ikastetxe-mailan. Kontrakorik erabakitzen ez duten bitartean, gelako ordezkariak eta horretarako izendatutako irakaslea/k izango dira batzorde horren partaideak. 

Taldean kanpaina hori zehazten hasi aurretik, beste urteetan egindakoa azter daiteke. Baliabideetan adibide pare bat proposatzen dira, horietako bat 3. blokeko Zurekin bai, ahal dut! jarduera egiteko erabili dena.  

Ondoren, zer kanpaina mota egin nahi duten eztabaidatuko dute. Horretarako, ideia-jasa teknika erabil daiteke.

Denbora laburrean, ahalik eta ideia-kopuru handiena ekoiztu behar da. Irakasleak ikasleen proposamenak idatziko ditu arbelean. Hasiera batean, partaide guztien ideiak edo proposamenak onartuko dira eta ezingo dira besteen ideiak kritikatu edo baztertu. Ekarpenen baten inguruan zalantzarik badago, horixe da unea ideia adierazi duenari beharrezko azalpenak eskatzeko. Azalpenak baino ez dira, ez jasotako ideien kritikak.

Ondoren, irakaslearen laguntzarekin, ekarpenak banan-banan aztertuko dituzte eta irizpide hauek betetzen ez dituztenak baztertuko dituzte:

  • Proposamena errealista da, egiteko modukoa.
  • Originala da.
  • Helburua beteko du: jazarpenaren aurkako eta tratu onen aldeko konpromisoa zabalduko du gure ikas-komunitatean.

Irizpide horiek betetzen dituzten ideien artean lehentasunak markatzeko, Talde nominala teknika erabiliko dute.

Ideia guztiei letra bat egokituko zaie, ordena alfabetikoari jarraituta: lehenengo ideia A izango da, bigarrena B, hirugarrena C, ...

Ikasle bakoitzak ideiei puntuazio bat emango die, bere iritziaren arabera: aproposena den ideiari puntu 1 emango dio, 2 puntu bigarrenari, 3 hirugarrenari eta horrela, azaldutako ideia guztiak puntuatu arte (hamabi ideia bazeuden, azkenak 12 puntu izango ditu).

Jarraian, ideia bakoitzaren aldamenean, ikasle bakoitzak eman dion puntuazioa idatziko da, eta, bukaeran, ideia bakoitzaren puntuak batuko dira. Horrela, gela guztiaren arabera balorazio onena duten ideiak zein diren jakingo da: guztien artean puntuazio txikiena lortu dutenak, alegia.

Ideien zerrenda osatu ondoren, gelen arteko batzordera eramango dira atera diren 3 lehenak. Batzordeak talde guztien ekarpenak jasoko ditu. Horretarako, baliabideen artean dagoen fitxa erabil dezake. Batzordeak, gela guztietan ateratako proposamenak kontuan izanik, kanpainarako zein erabiliko den erabakiko du.

Posible den neurrian, proposamenen arteko loturak ere egingo ditu, ideiei kanpaina baten forma emanez. Ikastetxeko komunitateari noiz zabalduko zaion ere erabakiko du.

DENBORA

  • Saio bat, taldearen proposamena adosteko.
  • Batzordearen bilera bat, gutxienez.

BALIABIDEAK