ZIBERJAZARPENA

Johan Galtung soziologoaren esanetan, indarkeria sortzen da pertsona batek ezin dituenean bere gaitasunak ahalik eta gehien garatu, faktore mugatzaileak edo eragozleak dituelako. Eskola-eremuan, ikaskideen arteko indarkeriak asko zaildu eta higatzen du gaitasun horien garapena, kolokan jartzen baitu ikasleok erabat garatzeko eta eskola-inguruneari atxikitzeko behar duten segurtasuna.

Kalitatezko bizikidetza sustatzen duten ikuspegiak, estrategiak eta tresnak eman behar zaizkio hezkuntza-komunitate osoari; hori funtsezkoa da, estereotipoetan eta aurreiritzietan oinarritutako kultura- eta genero ikuspegiak gainditzen laguntzeko. Alde horretatik, Bizikasik modu proaktiboan jardun behar dela azpimarratzen du etengabe, ahalegin handiena elkarbizitzaren kalitatea zaintzera bideratuz.

Sare sozialen erabilera hedatuta dago, orokorrean, eta horrek  komunikazioa trukatzeko aukerak handitu ditu, eta aldi berean, eragin argia du harremanen prozesuan gertatzen diren jarreretan eta jokabideetan. Izan ere, sare sozialen erabilerak dimentsio berri bat ematen die harremanei, ziberbizikidetzaren terminoarekin loturik isla daitekeena: ziberjokabidea.

Praktikak erakusten duenez, jokabidearen eremu hori ikaskuntza-arlo bihurtu da baita ere, eta beraz, hezkuntza-eremuaren bidez landu dezakegu.

Zoritxarrez, modu presentzialean gertatzen den bezala, harreman birtualeko prozesuetan ematen diren jokabideak ez dira beti bizikidetza positiboaren parametroen barruan garatzen, eta ikasleen ongizate sozioemozionala larriki urratzen duten egoerak sortzen dira. Bizikidetza positiboaren aurkako jokabide horien artean, ziberjazarpena nabarmentzen da, zitalkeria dariolako. Ziberjazarpena jazarpen mota bat da. Baina zenbait berezko ezaugarri ditu, ezagutu beharrekoak direnak, eta jokabide horri zentzu ezpezifikoa eta, batzuetan, apartekoa ematen diotenak.

Azken urteetan lehen planoan jarri da eskola-jazarpenaren modalitate hori; hau da, adingabe batek edo adingabeen talde batek beste adingabe bat atsekabetzen, mehatxatzen, jazartzen, umiliatzen, lotsarazten edo jomuga bihurtzen du baliabide teknologikoen bidez, hala nola posta elektronikoaren, web-orrien, sare sozialen, online jokoen edo telefono mugikorretako mezuen bidez (Aftab-en egokitzapena, 2010).