Eskola jazarpena
Jazarpenaz mintzatuko gara
Agerikoa da, testuinguru hurbilean dauden arazo sozialek eragina dutela ikastetxeetako elkarbizitzan. Indarkeria fenomeno sozial bat da eta eskolak ezin dio horri muzin egin. Mota askotako indarkeria dago, eta honako hauek ikus ditzakegu: jarrera disruptiboak, elkarren arteko harreman txarrak, behar bezala konpondu ez diren gatazkak, baita parte-hartzaile guztientzako suntsitzaileak izan daitezkeen pertsonen arteko benetako jazarpen eta indarkeriazko jarrerak ere.
Baina kontuz, nahasi gabe. Jarrera oldarkor guztiak ez dira jazarpentzat hartu behar. Iritzi orokorraren arabera, hauxe da eskola-jazarpen bat modu espezifikoan bereizten duena: behin eta berriz gertatzea eta denboran zehar irautea, helduen begiradatik urrun eta babesik gabeko biktima bat umiliatzeko eta gehiegikeriaz menderatzeko asmoarekin (Aviles, 2006). Hau da, botere-desoreka eta biktima babesgabe egotea, besteari kaltea eragiteko nahia badago eta denboran zehar errepikatzen bada.
Dena den, lau ezaugarrioz gain, batzuetan eskola-jazarpena dagoela zehaztea erraza den arren, beste batzuetan, jazarpen-egoerak eta jazarpentzat hartu ezin daitezkeenak banantzen dituen lerroa lausoa eta zehatz-mehatz zehazteko zaila izaten da, eta sarritan kasu «poliedrikoak» izaten dira, ñabardura eta konplexutasun handikoak.
Halaber, jazarpena zehazten duten ezaugarrien proportzioa ez da berbera aztertutako kasu guztietan, hainbat egoera desberdinak sortuz. Egoera horien larritasuna aldatu egiten da kasu batetik bestera honako hauen arabera: igarotako denbora, eraso-dinamikaren intentsitatea, erasotzailearen jarreraren zigorgabetasuna, biktimaren babesgabetasuna, intentzionalitate-maila...
Beraz, beti da beharrezkoa kasu bakoitzaren baldintzak, tartean dauden pertsonei sortutako arazoen eragina eta denboran zehar izan duen bilakaera modu orokorrean analizatzea, jazarpenaren existentzian eta garrantzian oinarritutako balio-judizio eztabaidaezin bat eman ahal izateko.
Jazarpena prebenitzeko probentzioa
Eskola-jazarpena saihesteko modurik onena prebenitzea da. Galtungen esanetan, zuzenezko indarkeria mota hori, ageriko indarkeria da, zentzu fisikoan, hitzezkoan edo psikologikoan.
Alde batera utzita zergatik eta zer arlotan agertzen diskriminazioarekin, bazterketarekin eta intolerantziarekin lotutako zenbait jokabide, antzeko prozesu psikosozialak izaten dira tartean: hierarkizazio soziala, menderakuntza, homogeneotasun kontzeptua eta dibertsitatea arbuiatzea. Biolentziak ezaugarri estrukturalak eta sistemikoak dauzka, azkenean jendarteko eta eskolako egituran dutenak eragina, zeina kolektibo kalteberengan are handiagoa izaten baita maiz. Handik datoz, besteak beste, xenofobia, aporafobia eta homofobia.
Eskolako jazarpenaren oinarri direnez jokabide horiek, prebenitu egin behar dira, bizikidetzako espazio inklusiboak sortuz. Horretarako, bereziki garrantzitsuak diren gaiei ekin behar zaie:
- Hezkuntza-komunitate guztiak ikastetxearen kudeaketa demokratikoan konprometitu, lagundu eta parte hartu behar du.
- Curriculuma berrikusi egin behar da, estereotipo kulturalak eta generokoak gainditzeko gizakiaren ezagutzaren erreferente unibertsalak baliatuz, hizkuntzak eta kulturak baloratuz, eta abar...
- Ikasle kalteberenei arreta espezifikoa eman behar zaie, eta eskolan arrakasta izan dezaten lagundu, estrategia pedagogiko egokiak baliatuz (kalteberenak izateko zenbait arrazoi egon daitezke: ezintasuna, heltze atzerapena, eskolako hizkuntzak ikasten aritzea, eta abar).
- Dibertsitate-egoeretan lan egiteko prestatu behar dira irakasleak, bai eta elkarlaneko ikaskuntzan oinarritutako metodologiak eta baliabide egokiak erabiltzeko ere.
Ikuspuntu hori kontuan hartuz, lehenengo, nahitaezkoa da hezkuntza-komunitate osoa prestatzea lengoaia eta begirada komun eta partekatu batez hornitzeko, eta horrek maiz eskola-jazarpenari buruzko ideiak eta sinesmenak zalantzan jartzea dakar. Hala, Galtungek adierazten digun indarkeria kulturala alde batera utzi eta desagerrarazi behar da, elkarbizitzari lotutako curriculuma ziurtasunez bere gain hartu ahal izateko.
Horrenbestez, ezinbestekoa da ikastea, batetik, eta ikasitako zenbait gauza alboratzea, hau da, desikastea. Amparo Tomék (2018) azaltzen duenez, sinesmen faltsuak desikasi behar dira, estereotipoetan eta aurreiritzietan oinarritzen baitira. Bestalde, balioak ikasi behar dira, bai eta berdinak direnekin edo agintea duten helduekin batera jarduten, informazioa bilatzen, pentsatzen, bizitzaren arazoak konpontzen, izaten, ezagutza sortzen, eta askatasunean hazten ere.
Paradigma aldaketa ere behar da, ikaskideen arteko gatazka eraldaketarako eta garapen pertsonalerako tresnatzat hartu ahal izateko.
Halaber, funtsezkoa da pertsonen artean ezartzen diren harremanetan beste «begirada» bat izatea. Izan ere, ikuspegi dialektiko batetik begiratzen ikasi behar da, eta ez ikuspegi estatiko batetik, Ortegak aipatzen duen bezala (2015). Pertsonen arteko harremanak dinamika konplexu batean garatzen dira, eta menperatzearekin eta men egitearekin lotutako klabeak dituzte batzuetan. Besteak menderatzen ohitzen denak bere ekintzak arau trukatu batekin neurtzen ikasten du, eta gero eta ikuspegi lausoagoa izan ohi du elkarrekikotasunaren eta simetriaren inguruan. Horregatik klabe horiek ulertzeko gaitasuna garatu behar dute hezitzaileek, eta klabeok behatzen ikasi, jazarpen-egoeren aurrekariak izan daitezke-eta.
Ikasle bakoitzaren egoera sozioemozionala eta akademikoa eta ikaskideen taldean gertatutakoa ezagututa, eskolak arrisku-faktoreak aintzat hartu behar ditu eta ikasleen bizitzako uneak babestu behar ditu. (Eloisa Teijeira 2017.) Horregatik, Mª Jose Aguadok aipatzen dituen funtsezko lau gaitasunak indartzen ahaleginduko da. Horien helburua da testuinguru desberdinetan kalitatezko loturak sortzea, ikasketan arrakasta izatea eta horretarako beharrezkoa den energia mugiaraztea, ikaskideen arteko talde eraikitzaileetan parte hartzea eta beren nortasunaren garapena sustatzea, nork bere lekua topa dezan munduan.
Zentzu horretan, jazarpena kontzeptualizatzeak duen garrantzia nabarmendu behar dugu, baita jazarpenari lotutako egoerak errotik ezabatzeko erantzukizun partekatuan banakako konpromisoak zein kolektiboak eta guztien parte-hartzeak duen garrantzia ere. Aurreko guztiak ikastetxeek garatu behar dituzten funtsezko osagaiak erakusten ditu, azken helburua ahaztu gabe, hau da, jazarpenaren garapena ekiditen duen kultura ikasleengan sustraitzea. Horretarako, nahitaezkoa da ikasleak prestatzea.
Bizikasik horren aldeko apustu irmoa egiten du eta ikastetxeei ikasmateriala ematen die helburu honekin: ikasleak ahalduntzea, elkarbizitzaren aurkako jarreren arautzaile eta eraldatzaile eta kaltetutako harremanen berreskuratze-prozesuko protagonista bihur daitezen.