BAT KANPAINA. INGURUNE SEGURURAKO KONPROMISOA
Hauek izan dira orain arte landutako blokeak:
- Ni eta nire taldea
- Gure arteko harremanak
- Eta harremanak onak ez direnean?
- Gure artean ondo konpontzen!
Bloke horietan hainbat jarduera proposatu dizkizuegu: batzuk, ikasleen arteko harremanak hobetzeko eta gatazken eraldaketa positiboan trebatzeko helburuarekin; beste batzuk, aldiz, tratu txarren aurrean taldeko irizpide komunak adosteko eta eskola-jazarpenari aurre egiteko helburuarekin.
Bloke honetan planteatzen duguna da ikastetxeko komunitatearen aurrean jazarpenaren kontrako eta tratu onen aldeko konpromisoa plazaratzea.
Horretarako, ikasleek BAT egingo dugu kanpaina diseinatu beharko dute, eskolako kide guztiak jazarpenaren kontrako borrokan eta tratu onen praktikan inplikatzeko.
Beraz, bloke honetan ataza bakarra proposatzen dugu, baina ikastetxeko komunitate osoa inplikatzen duena: irakasle, ikasle, familia, irakasleak ez diren bestelako langileak eta auzokideak ere, nahi izanez gero.
Gela bakoitzak bere ekarpena egingo du BAT egingo dugu kanpaina osatzeko. Geletan erabakitzen dena koordinatzeko, funtsezkoa da ikasleen batzorde bat osatzea. Batzorde horrek kanpainaren azken balorazioa ere egingo du.
Helburuak
- Lankidetzan aritzeko oinarriak ezagutzea.
- Tratu onen aldeko konpromisoa adieraztea.
- Jazarpenaren kontrako eta tratu onen aldeko konpromiso publikoa agertzea.
- Ikastetxeko BAT Kanpaina antolatzea eta martxan jartzea, ikas-komunitatearen pertsona guztion konpromisoa lortzeko.
Ebaluazio-irizpideak
- Irizpide kritikoa
- Elkartasuna
- Berdintasuna
- Lankidetza
- Konpromisoa
- Komunikazio enpatikoa
Lorpen-adierazleak
- Badaki taldearen proposamena denon artean adosten.
- Ikaskideen ideiak ezagutu eta errespetatzen ditu.
- Taldeak markatutako epeak betetzen ditu.
- Taldean ekarpenak egiten ditu.
- Hartutako akordioak errespetatzen ditu.
- Lan-taldean ardurak hartzen ditu.
- Ikastetxeko ekintzetan parte hartzen du.
- Taldekide guztien parte-hartzea ahalbidetzen du.
- Tratu onen aldeko konpromisoa adierazten du.
- Tratu txarren aurkako konpromisoa adierazten du.
- Taldearen proposamena ondo bideratzen laguntzen du.