ETA HARREMANAK ONAK EZ DIRENEAN
Elkarrekin bizitzeko, errespetua nahitaezkoa da. Baina, batzuetan, ez dugu behar beste pentsatzen eta besteak ez ditugu ondo tratatzen eta, gainera, ez diogu horri behar bezalako garrantzirik ematen. Beste kasu batzuetan, berriz, gaizki tratatuak sentitzen gara.
Kasu larrienetan, tratu txarrak behin eta berriro eta denbora jakin batean gertatzen dira. Eskola-jazarpenari aurre egin nahi badiogu, ikasleak gaitu behar ditugu jazarpena onar ez dezaten eta biktimak defenda ditzaten.
Jazarpen mota ezberdinak daude eta, egoera horiei aurre egiterakoan, komeni da bakoitzaren berezitasunak kontuan izatea, esku-hartzea egokia izan dadin.
Gure gizartean emakumeen kontrako indarkeria oraindik ere arazo larria da, eta hezkuntzak badu zeregina horren inguruan: ikasleak jarrera matxistez ohartaraztea, neskak zein mutilak horiei aurre egiteko trebatzea eta konpromisoa adierazi eta eskatzea.
Bestalde, ISEI-IVEI erakundearen* azken ikerketaren arabera, eskola-jazarpen kasuetan inplikatuak daudenak mutilak dira gehiago, neskak baino, eta hainbat jazarpen-kasuk kutsu sexista edota homofoboa dute. Horrek eskolari eskatzen dio nesken zein mutilen identitatearen garapenari erreparatzea eta tutoretza-lanean kontuan izatea.
Horrez gain, egun Internet eta Web 2.0 gunea besteekin bat egiteko edo ez egiteko toki bilakatu dira, bizitza erreala bezalaxe. Garrantzitsua da ikasleek beren nabigatzeko ohiturak aztertzea eta beren buruari edo hirugarren pertsona bati eragin ahal dioten kaltea baloratzea. Kasu askotan, ez dira jabetzen erabiltzen dituzten tresna batzuen arriskuez. Izan ere, ez dute heziketa-erreferenterik izan tresna horiek modu egokian erabiltzen ikasteko.
Horregatik guztiagatik, komeni da adostea zer egingo dugun gelan ikasleekin, tratu txarren gaia lantzeko. Horrela, egoera horietan haiengandik espero ditugun erantzunak esplizitatuko ditugu, horrelakorik ez gertatzeko.
Askotariko dinamikak planteatzen dira jarritako helburuak lortzeko. Beharrezkoa da eremu guztietatik gutxienez bat egitea (zenbat eta gehiago egin, hobeto). Bertan agertzen diren ebaluaziorako lorpen-adierazleetan oinarrituta, hirugarren eremuko azkenen jardueren ostean, ikasleak bere burua ebaluatzeko tresna eskaintzen da, BAT karpeta pertsonalean sartzeko.
Bertan izango du ikasleak bere garapenaren ibilbidea baloratzeko baliagarria izango zaion material oro, jardueretan landutakoa. Irakasleak erabakiko du jarduera bakoitzean zein izan daitekeen karpeta pertsonalean sartu beharreko materiala.
*http://www.isei-ivei.hezkuntza.net/web/guest
Helburuak
- Bakoitza bere buruarekin sintonian egoten ikastea.
- Bakoitza bere jokabideek besteengan duten ondorioez jabetzea.
- Beste pertsonen eskubideak errespetatzea beti, baita sare sozialetan ere.
- Eskola-jazarpena eta ziberjazarpena identifikatzea eta horiei aurre egiteko konpromisoa hartzea.
- Pertsona babesgabeenak babesteko konpromisoa hartzea.
- Laguntza emateak zein jasotzeak sortzen duen ongizatea identifikatzea.
- Elkarri laguntzeko sare bat sortzearen alde jotzea.
Ebaluazio-irizpideak
- Sintonia
- Irizpide kritikoa
- Enpatia
- Errespetua
- Elkartasuna
- Konpromisoa
- Komunikazioa
- Lankidetza
Lorpen-adierazleak
- Badaki bere burua lasaitzen.
- Mota guztietako tratu txarrak identifikatzen ditu.
- Beste pertsonen jokabideen arrazoiak ulertzeko ahaleginak egiten ditu.
- Eskola-jazarpena eta ziberjazarpenaren ezaugarriak bereizten ditu
- Eskola-jazarpena eta ziberjazarpenaren ondorioez jabetzen da.
- Edozein jazarpen motari aurre egiten dio.
- Kolektibo zaurgarriak babesteko konpromisoa hartu du.
- Sare sozialetan seguru eta errespetuz jokatzen du.
- Behar denean, ikaskideek edo inguruko pertsonek eskainitako laguntza onartzen du.
- Ikaskideekin talde batu bat osatzen ahalegintzen da.
Jarduerak
- Estresetik lasaitasunera
- Arnasketa lasaia
- Hala ere zorionekoa naiz
Tratu onak, tratu txarrak
- Gure arteko harremanak
- Pasa hitza (Z)
- Whatsappean (Z)
- Isiltasunaren katea
- Atipikoa
- Zurekin bai, ahal dut!
- Ez zaitez kanpoan geratu (Z)
- Hartu eta eman
- Babestu zaitez! (Z)
- Sareak ehuntzen
- Konpromisoa (Z)
- Eta harremanak onak ez direnean