Gure alderik onena

1. Gure ziurtasun-gabeziak

Ziur gaudenean, oso ondo sentitzen gara, eta ondo egote horrek eragina du gure portaeran; beste batzuetan, ziurtasunik ez dugunean, gaizki sentitzen gara, eta zailtasunak izaten ditugu gure harremanetan. Ziurtasunik eza momentu batean edo bestean denok sentitu dugun zerbait da.

Bestalde, ziur sentitzen ez den pertsona bati laguntza emateak ondo sentiarazten gaitu, eta gu horrela sentitzen garenean ere laguntza nahi izaten dugu. Beraz, ea zer egin dezakegun horretan elkarri laguntzeko!

 

HELBURUA

  • Norberaren ziurtasunik eza normaltasunaren barruan kokatzea.
  • Ziurtasunik ez duen pertsonari laguntzeko trebetasunak asmatzea.

GARAPENA 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

Jarduera honek bi zeregin ditu:

  1. Zeregina. Ziurtasun-gabeziak eranskineko egoerak komentatu, irakurri eta horietako baten inguruko antzerki-gidoia prestatzea.

Gelan taldeak egingo dira. Bakoitzari hiru egoera agertzen den testua (eranskina) emango zaio, horietako bat aukeratu eta horren inguruko antzerki-gidoia egingo dute. Horren oinarria gatazkaren azalpena eta protagonistak bere lagunari eskatutako laguntza izan behar dira. Nahiago badute, gatazka testutik hartua izan beharrean, taldekide bati gertatutakoa izan daiteke.

Saio osoa gidoia idazteko erabiliko dute. Hurrengo saioan denok egindakoa aurkeztuko dute eta bat aukeratuko dute, honako alderdiak kontuan izanik: 

  • Pertsonaia nagusia eta bere lagunaren arteko harremana. Saiatu behar dira benetako eskuzabaltasuna eta sinesgarritasuna adierazten.
  • Elkarrizketa aberatsa izatea. Antzezlana aurreratu ahala, gatazkaren kausak, pentsamenduak eta sentimenduen inguruko informazioa handiagoa izan behar da.
  • Arazoen kausak eta eskainitako laguntza. Baloratuko dituzte arazoaren kausak, emandako laguntza eta topatutako irtenbidearen arteko egokitasuna.

Taldeetan egindako lana bideratzeko, irakasleak arbelean idatziko ditu aurretik adierazitako irizpideak, eta gogoraraziko die kontuan izan behar dituztela gidoia egiterakoan, baita botoa ematerakoan ere.

Gaia sakontasunez tratatzera animatu behar ditugu, eta betiko esaldiak gutxitan erabiltzera, hori ondo komunikatu ez izanaren seinale izan daitekeelako.  

2. Zeregina. Gidoi bat aukeratu eta antzeztea, ondorengoak kontuan izanik:
  •  Aurreko zereginean bezala, gidoi bakarra aukeratuko dutela gogoraraziko zaie.
  • Talde bakoitzaren ordezkariak bere lana aurkeztuko du, eta aurreko zereginean adierazitako alderdiak kontuan izanik (berriro idatziko ditu irakasleak arbelean) onena aukeratuko dute.
  • Talde bakoitzak berea irakurtzen duenean, besteek apunteak hartzea komenigarria da, gero bozketa egiteko datuak izan ditzaten.
  • Antzezlana egin ondoren, komenigarria da gogoratzea laguntza eskainiz eta jasoz ziurtasuna handitu egiten dela.

Talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak, hau da, norberaren ziurtasunik eza normaltasunaren barruan kokatzea eta ziurtasunik ez duen pertsonari laguntzeko trebetasunak asmatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • Bi saio.

BALIABIDEAK

2. Adela

Harremanetan gatazkak sortzen dira beti eta, konpontzen ez badira, arazo larri bilaka daitezke. Horiek ebazteko lasaitasuna behar da, hausnartu, jardun eta, maiz, kanpoko pertsona baten, hau da, bitartekari baten parte-hartzea.

 

HELBURUA

  •  Arazoaren alde ezberdinak bereizten eta norberarenak eta gainontzekoen interesak koordinatzen ikastea.
  • Nork bere interesak defendatzeko estrategiak izatea, ziurtasunik eza eta larritasuna identifikatzea.
  • Arazoak aztertzeko jarraibideak erabiltzea.
 

GARAPENA 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da Sintonia ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

Jarduera honek bi zeregin ditu: 
 
  1. Zeregina. Adelaren arazoa

 

Talde handian, irakasleak Gatazka izeneko eranskinean azaltzen den egoera irakurriko du, eta galdetuko die Adelaren arazoaren aurrean nola sentitzen diren eta zer pentsatzen duten.

Ondoren, balizko arazoa haiei noizbait gertatutako zerbaitekin erlazionatuko dute, eta kontatzera eta hainbat puntu identifikatzera animatuko ditugu.

Beraien arazoak kontatzen dituztenean, kontuan izango ditugu ondorengo puntuak:

  • Beraien ziurtasunik eza eta zalantzen arrazoiak adieraztea.
  • Topatzen dituzten irtenbideen baitan beharrezko ez den ukazio edo sakrifiziorik ez egotea.
  • Edozein motatako diskriminazioak baztertzea. 
  1. Zeregina. Adelak duen arazoa konpondu nahian.

Ikasleen interesa handitzeko, Adelaren istorioa berriz gogoraraziko du irakasleak, orokorrean, eta Eztabaida-galderak izeneko eranskinean azaldutakoaz baliatuz, eztabaida egingo da.  

Ondoren, taldeka jarriko dira eta Adelari laguntzeko modu ezberdinak topatuko dituzte. Horretarako, imajinatu behar dute Adelaren lagunak direla eta berak esaten diela zein gaizki sentitzen den horrelakoak egiten dituenean, hau da, besteak molestatzeko beldurragatik nahi duenari uko egitea.

Ikasleek emandako erantzunak hiru ataletan bana ditzakegu: 

  • Adelaren interesen aldekoak, Jaimeren aldekoak ala bien aldekoak.
  • Bateratzen dituztenean, arazo batek izan ditzakeen irtenbide anitzez jabetzen lagunduko diegu. Hiru multzoetako proposamenak alderatuko ditugu.

Irakasleak aprobetxatuko du neska eta mutilen aukera-berdintasunari buruz hitz egiteko. Bion interesak betetzeko aukera badago, ez du zentzurik norberaren asmoak ez betetzeak. 

  1. Zeregina. Hitz egiten ikasi al daiteke? Gatazkaren protagonisten arteko elkarrizketa 

Gogoratu, askotan, arazo baten aurrean ematen dugun aholkua hitz egitearena izaten dela, baina hori ez da beti erreza izaten.

Ikasleei eskatuko zaie gatazkaren protagonista nagusien elkarrizketa antzezteko, baina, hori egin baino lehen, kontuan izan beharko dituzten hainbat puntu aipatuko zaie, hain zuzen ere, Gatazkak aztertzen  eranskinean daudenak.

Aukeratu duten pertsonaiak pentsatu, sentitu eta egin duenari buruz duen iritzia imajinatuko dute eta antzeztuko dute, eztabaida baten bidez.

Bitartean, gainontzekoek apunteak hartuko dituzte, gero hiru alderdi horiek ondo adierazita egon diren ala ez azaltzeko.

Komentario hauek lagungarriak izaten dira aniztasuna kontuan izateko eta topatzen diren irtenbideetan hori ez ahazteko.

Bukatzeko, talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak, hau da, arazoaren alde ezberdinak bereizten eta norberarenak eta gainontzekoen interesak koordinatzen ikastea, nork bere interesak defendatzeko estrategiak izatea eta ziurtasunik eza eta larritasuna identifikatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da: 

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

 

DENBORA

  • Bi edo hiru saio.
 

BALIABIDEAK

3. Umorea

Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena nahi bezainbeste korapilatu daiteke. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteen inguruan ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin behar dugun irakatsi digute?... Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, erabat, batzuetan. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen.

Hala dio Unai Iturriaga bertsolariak: “Guztiok epaitzen dugu umorea eta umorea darabilgunean epaitzen ari gara (guztiok)”.

 

HELBURUAK

  • Umore osasungarri eta kaltegarriaren artean bereiztea.
  • Umore osasungarriarekin disfrutatzea.

 

GARAPENA 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

Barre egiteak ondorio terapeutiko bikainak ditu, jakina da hori. Baina batzuei eta besteoi ez digute gauza berdinek barre eginarazten, ikusi behar dugu zerk funtzionatzen dion bakoitzari barre egiteko. Agian, pertsona bat oso une delikatuan dago eta txantxa jakin batek ez dio batere onik egiten; egoerak baliatu behar ditugu bestea entzuteko, ondokoa nola dagoen eta zer behar duen jakiteko.

Saioa hasteko, irakasleak irakurriko du “Umorea sendagarria da” eranskinean dagoen artikulua, eta, ondoren, urrats hauek jarraituko dituzte: 

  1. Bakarka, “Txisteak” eranskina beteko dute.

  2. Ondoren, launaka jarriko dira, bakarka egindakoa partekatuko dute eta, “Ondorioak” eranskinaz baliatuz, txisteek onargarriak izateko behar dituzten ezaugarriak adostuko dituzte. 

  3. Taldean partekatutako txiste onargarrien artean bat aukeratu, eta antzeztu egingo dute. Antzezlana grabatuko dute.

  4. Talde handian partekatuko dute “Ondorioak” eranskineko bigarren atala: “Txistea onargarria izateko ezaugarriak”.

  5. Grabazioak talde handian ikusiko dituzte.

 

Talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak direla umore osasungarri eta kaltegarriaren artean bereiztea eta umore osasungarriarekin disfrutatzea, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

DENBORA

  • 2 saio.
 

BALIABIDEAK

4. Izar-uneak

Jardueraren bat ondo egin edo menderatu dugun aldiren bat gogoratzen dugunean, poza sentitzen dugu, eta horrek energia eta adorea ematen digu beste esperientzia batzuk bizitzeko.

 

HELBURUAK

  • Autoeraginkortasuna handitzeko estrategietan trebatzea.
  • Entzute aktiboan trebatzea.

 

GARAPENA 

Jarduera hau egin baino lehen, komeni da ataleko Itsasontzia askatuz ariketa egitea, gelan giro lasaia egon dadin eta ikasleek horrelako ariketak egiteko ohitura har dezaten.

 

Ikasleek begiak itxiko dituzte eta eskolan lortu eta poza eman dien zerbaiten inguruan pentsatuko dute. Ondoren, begiak irekiko dituzte, eta post-it batean hori adierazteko zenbait gako-hitz idatziko dituzte. Izar-uneak deituko diegu.

Binaka jarriko dira. 

Hemendik aurrera, bi zati bereiziko ditugu.

  • Lehenengo zatian, ikasle batek, post-itean idatzitakoa bere bikoteari emango dio, bere izar-unearen berri emanez, eta besteak entzungo dio bere bikoteari bere izar-uneaz hitz egiten. 

Entzutea egokitzen zaionak ahalik eta teknika gehien erabiliko ditu entzute aktiborako: irribarre egitea, buruarekin baietz egitea, baiezko jarrera izatea, begietara begiratzea, etab. Modu pasiboan entzutea eta honakoak egitea saihestu beharko luke: begi-kontakturik ez izatea, zerbaitekin jolastea, burua beste aldera bueltatzea, egonezina adieraztea eta abar.

  • Bigarren zatian, tokiak aldatuko dituzte eta, eta lehen bere izar-unea kontatu duenak, orain aktiboki entzungo dio bere bikoteari.

Ondoren, ikasle bakoitzari banatuko zaio Izar-uneak eranskina betetzeko, eta, gero, beren BAT karpetan gordeko dute.

Bukatzeko, eztabaida talde handira zabal daiteke, azkenengo galderari emandako erantzunak partekatu eta hobeto azaltzera gonbidatuz. 

Talde handian, kontuan izanik jardueraren helburuak autoeraginkortasuna handitzeko estrategietan trebatzea eta entzute aktiboan trebatzea direla, ikasleekin saioaren balorazio txiki bat egingo da:

  • Lortu dugu nahi genuena?
  • Zer hobetu behar dugu?

Irakasleak jasoko du ikasleek esaten dutena, eta hurrengo saioan gogoraraziko die.

Jarduera hau egiteko beste iradokizun batzuk: 

Bilatu beste izar-une batzuk, esaterako:

  • Lorpen edo menderatze-esperientzia bat etxean, zure aisialdian, zure lagunekin edo zure familiarekin.
  • Egiteko zaila zen zerbait egitea lortu zenuen une bat.
  • Gaur edo aste honetan egitea lortu duzun zerbait.
 

DENBORA

  • Saio bat.
 

BALIABIDEAK

 

-----------------------

1 Ongizatea guretzat. Eskuliburua. UPRIGHT